Dokumentuaren akzioak
«Kultur transmisioa galduz doa, uste dute ez dela beharrezkoa»
Antton Luku, Antzerkigilea
Antton Lukuk (Kalifornia, 1959) irabazi du Juan Zelaia saiakera saria, Euskal kultura? lanari esker, Fauxto
izeneko antzezlana prestatzen zebilela hartutako oharrak dira
saiakeraren abiapuntuan daudenak. Aldarri moduan egin du saiakera, eta
kultura parte-hartzailea aldarrikatzen du. Subjektu aktiboak nahi ditu,
eta ez kultura kontsumitzaile hutsak.
- Beraz, zuk nahi duzu jende arruntak parte har dezala kulturgintzan. Kultura parte-hartzailea hobesten duzu.
- Saiakera honek aztertzen ditu azken hogeita hamar
honetan Iparraldean gertatu diren aldaketak. Erran nahi baita, garai
batean militantzia bat izan da eta lortu da kultur erakunde batzuk
izaitea, adibidez. Erakunde horiek gauza positiboak ekarri dituzte,
baina denbora berean anitz komentario kritiko entzuten dira horiei
buruz. Hain zuzen ere kritika horiek forman ezartzea da saiakera honen
helburua, bilaka dadin iri-tzi bat, eta bakarrik trufa bat. Erran nahi
baita, kritika eraiki-tzailea izan nahi du. Eta transmisioaren arazoa
ere ukitu dut: kultur transmisioa egiten zen garai batean, baina galduz
doa, jendeak utzi baitu transmititze hori, pentsatuz ez zela
beharrezkoa, erakundeak hor baitira.
- Esana duzu Zuberoako maskaradetan ongi eman dela transmisioa, eta hori izan daitekeela eredua beste arlo batzuetarako.
- Nik uste dut auzoko, kanpoko baratzean egiten dena
interesgarria dela beti. Zure irudimena bazkatzen duzu nahi duzun
bezala. Baina gauza globala egiten delarik, kolektiboki pentsatzen
dugularik, kanpoko ereduarekin tratuan ari baldin bagara -eta hori
gertatzen da erakundeak sortzen direlarik-... erran nahi baita, guk
txostenak egin behar ditugu dirulaguntzak lortzeko, eta orduan
integratzen dugu kanpoko hiztegia, eta sailkapenak, hierarkiak eta
horiek oro gureganatzen ditugu. Adibidez, profesional eta amateur
sailkapena; edota dan-tza, antzerkia, ipuina... sailkapen horiek ez
dira gureak; aldiz, maskaradak ez du bereizten dan-tza antzerkitik edo
kantutik; hori dena da bat, eta dantza ikasten baduzu beste guztiak
ikasten dituzu. Eta maskarada bezalako ikuskizun batek publiko
generalista bat formatzen du; aldiz, beste ikuskizunek bereizten
dituzte jendeak.
- Zu irakaslea zaitugu. Iruditzen zaizu eskolak
lan handia egin dezakeela? Beharbada hor txerta liteke nola edo hala
herri antzer- kia.
- Hori bertze gauza bat da. Zuk ez badakizu zamaltzain
bat zer den, gizartearen parte handi batek ez badaki hori zer den,
orduan sor-tzaileek ezingo dute gure erreferentzia horiek baliatu, eta
orduan telebistatik datozen erreferen-tziak baliatuko dituzte. Beraz,
formakuntza orokor bat behar da pentsatu, gure gauzak herritartuak izan
daitezen.
- Zure lanbidea dela-eta ezagu-tzen duzu gazte
jendea. Iruditzen zaizu azken urteotan gazteria arduratzen dela euskal
kulturaz, nahi duela subjektu aktiboa izan?
- Hala iruditzen zait, bai. Proposatzen duzu antzerki
taldeak egitea herrietan eta jende asko animatzen da. Bada gustu bat
horretan, eta musika-eskolak beteak dira.
- Iparraldeko herri antzerkiak, orain dela hogei urte, indar handia zeukan. Orain ere badauka?
- Bai, badauka. Memento batez aldaketa bat gertatu zen.
Lehen, jendea herri mailan funtziona-tzen zen, eta orain herri batzuek
ez dute barne-bizi handirik, eta jendea kantonamendu mailan biltzen da.
Bada egokitzapen bat egiteko, hori funtzionatu dadin. Jendea prest
dago: testuak behar dira, aretoak behar dira...
- Antzerki-idazlea zara. Zer idatzi duzu azkenaldian?
- Gazteekin ari naiz eta libertimenduak egiten ditugu
batik bat. Hori da maskaradaren ekibalentea Baxe Nafarroan. Gainera,
Lizeoan ari naiz lanean eta hor urtero ematen dugu antzerki-obra bat.
Denbora berean, Hiru Punttu talderako ari naiz eta hor karruxak ematen
ditugu; alegia, toberak, Garaziko euskalkian esanda. Gauza aski luzea
da, aski kaotikoa, frontoietan ematen dugu eta jendea ez da jarririk.
- Zenbaterainoko tradizioa du lehen apaitu duzun «libertimenduak» antzerki-mota hori?
- Hori betidanik izan da Baxenafarroan. Garai batean
dantzan egiten zen indar gehiago, eta uste dut ahantzi dugula
dantzarien afera zela bertsozale eta antzerkizale ere izatea. Zuk
esaten duzu «libertimendua» Donibane Garazin eta denek badakite zer
den; behar dira bi bertsolari jokoak komentatzeko; jokalariak dabiltza
herrian zehar...
- Iruditzen zaizu Iparraldean ari diren kultur erakundeetako arduradunek aintzat hartuko dutela zuk saiakera-liburuan diozuna?
- Ez dakit haiei buruz hainbes- te ari naizenez. Euren
lana ere ez da lan erraza. Ni jendeari buruz ari naiz. Eta esaten dut
norbaitek baldin badu zerbait transmititzeko, egin beza; ez dezala
pentsa besteek egingo dutela bere ordez.
Dokumentuaren akzioak