Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Kontratu sendo bat lortzeko, Euskal Herritik kanpora joan behar duzu»

Dokumentuaren akzioak

«Kontratu sendo bat lortzeko, Euskal Herritik kanpora joan behar duzu»

Iker Arrue. Dantzaria

Egilea
Edu Lartzanguren.
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2009/05/02

Danimarkako Mancopy konpainian lan egin ondoren, Bartzelonako Cobosmika taldearekin dabil egunotan Iker Arrue dantzaria (Donostia, 1977). Laura Vilarrekin batera, Poesia dantzan ikuskizuneko koreografiak dantzatuko dituzte biek gaur, 20:00etan eta 22:00etan, Viktoria Eugenian. Joan Mari Irigoien eta Koldo Izagirre idazleek hartuko dute parte ikuskizunean, Joserra Fachado eta Mikel Sarriegi antzezleekin eta Oskar Estanga musikariarekin batera. Faustino Aranzabalek zuzendu du, Kilometroak 09 ekimenerako.

Euskal Herrian goi mailako dantzari ugari ateratzen dira, baina atzerrian aritu behar izaten dute. Zu ere halaxe ezta?

Donostian hasi nintzen, eta 17 urte bete arte euskal dantzetan aritu nintzen. Oso berandu hasi nintzen dantza klasikoan, Madrilen, 23 urterekin. Nire gorpuzkera egokia zela eta, berehala pasatu nintzen dantza garaikidera. Euskal Herrian ez dago aukera handirik horretan aritzeko. Kontratu sendo bat nahi baduzu, kanpora joan behar duzu. Espainian ere ez dago aukerarik profesional gisa aritzeko.

Danimarkatik Bartzelonara, autonomo gisa azkenean?

Danimarkako Cobosmikarekin azken urte honera arte aritu naiz, eta printzipioz aurtengoa izan da azken proiektua. Hiru proiektu egin ditut haiekin, eta esperientzia polita izan da, baina beste gauza batzuk egin nahi nituen. Bartzelonan, Laura Villarrekin, geure egitasmoa lantzen hasi gara. Cobosmika konpainiarekin ditugun lanekin bateratzen dugu gero gure aldetik sortzen ditugun bakarkako eta bikotekoekin.

Zeuen kabuz beste estilo batzuk jorratzeko aukera izango duzuelakoan ari zarete?

Cobosmikaren estiloak asko markatu du gurea. Hasi ginen elkarrekin ikusita oso ondo moldatzen ginela lanean. Dena den, gure estilo pertsonala oso lotuta dago taldearenarekin. Oso estilo fisikoa da, lan asko egiten da lurrean eta bikoteka. Egitasmo paraleloak dira, baina antzekoak, azken finean.

Nola sortu zitzaizuen Poesia dantzan ikuskizunean parte hartzeko proposamena?

Faustino Aranzabalek deitu zigun, Artelekun bikoteko lanaren inguruko ikastaro bat ematen ari ginela. Hainbat bileraren ondoren, proposatu zigun bina bakarlan motz egiteko eta binakako bi lan.

Dantza eta poesia elkartzen dituen ikuskizuna da. Nolako koreografiak prestatu dituzue?

Kilometroak 09 ekitaldiaren leloarekin lotu ditugu [Hirekin mundura]. Saioetako bi bakarkakoak izan arren, beste dantzaria agertokian geratzen da, hirekin mundura ideia hori adierazteko. Musika garaikide instrumentala erabiliko dugu.

Bartzelonara itzuliko zara gero. Zer egiteko?

Irailean Cobosmikarekin pieza berria landuko dugu, Rusell Maliphant koreografo ingelesak konpainiarako sortu duena.

Aukera gutxi izaten dituzu Euskal Herrian dantzatzeko. Noiz izango da hurrengoa?

Oso gutxi, bai. Nazioarteko Dantzaren Egunaren ekitaldietan ere dantzatuko dugu gaur. Agian, horrekin guztiarekin batera espero dugu lan merkatua apur bat irekitzea, Euskal Herrian aritzea oso zaila delako.

Dokumentuaren akzioak