Dokumentuaren akzioak
«Kanpoko emanaldiak ikuspuntu berriak sortzen ditu, publikoa zabaltzen»
Frederic Flamand Koreografoa
Lekua «interesgarria» ikusi dute Frederic Flamanden begi lausoek. Miarritzeko Portu Zaharreko hondartzak anfiteatro baten itxura du. Itsasoa begira dagoen antzokia. Hiriko ingurumena ahanzteko xokoa. Urbanismoan oinarritua den ikusgarri batentzat, koadro bitxia. Kasik paradoxala.
Le Corbusierren La cité radieuse edo Hiri distiratsua da Marseillako Baletaren ikusgarriaren euskarria. 1950eko hamarkadan, herrixka bertikal bat Marseillako erdian sortu zuen arkitektoak. Etxebizitzak, bulegoak, saltegiak, eskolak dorre bakar batean kokatu zituen Le Corbusierrek. Dorrearen kaskoa zelaia da, eta natura baizik ez ikusteko gisan eraikia. Itsasoa, mendiak eta zerua dira teilatuko ikuspegi bakarrak.
Le Corbusierren obrak du Frederic Flamand Koreografoa inspiratu. Arkitektoaren La cité radieuse izena jarri dio bere ikusgarriari. «Ez dugu eraikuntzari buruz egin gure emanaldia, baina utopiaz gogoeta bat» dio Flamandek. «Le Corbusier bezalako modernistek gizonaren zoriona arkitekturaren bidez eraiki nahi zuten. Utopia hori gaurko egunean zertan den pentsarazten dugu gure ikusgarrian. Hiri distiratsuen jarraian, merkataritza-zentru erraldoiak eraiki dituzte... Horrela joanez, gizonaren askatasun eremua zein da gaur?»
Filosofiaz josia den dantza emanaldia. Ikusgarriari zentzu bat emateko, Dominique Perrault arkitektoa deitu du Flamandek. Eta dantzariak taula metalikoen erdian kokatu dituzte. Askatasuna neurtzeko. «Dantzari bakoitzak bere labirintoa eraikitzen du, plaka metalikoak mugituz, dantza garaikidearen bidez» azaldu du Flamandek. «Ez dute denek askatasun eremu berdina sortzen, eta batzuk beren labirintoetan preso geratzen dira. Besteek, aldiz, zoriona lortuko dute burdinazko eremutik ateratzean». Le Corbusierren asmoaren kontrakoa. Dantzari bakoitzak bere hiri distiratsuaren miraila bideo emanaldietan ikusten du. Emozioa adierazteko aukera.
IKUSMINA LEKUAREKIN. Hirugarren aldia da dantza eta arkitektura lotzen dituela Flamandek. Emanaldi bakoitzeko lekuarekin eraikitzen du lehen harremana koreografo belgikarrak. Miarritzeko hondartza txikia gustatu zaio. «Le Corbusierri omenaldia izanen da. Hemendik, natura baizik ez da ageri, La cité radieuse -n bezala. Gainera, itsasoari zabaldua da antzokia... Le Corbusierrek itsasoari eman zion bizia». Flamandek ikusgarri geletatik kanpo maite du ikustea bere La cité radieuse. «Kanpoko emanaldiak beti interesgarriak dira: kanpoko emanaldiak ikuspuntu berriak sortzen ditu, eta publikoa zabaltzen».
Frederic Flamanden sorkuntzak zabalduko du Maitaldiaren XVII. edizioa, gaur 22:00etan. Miarritzeko jaialdian lehen aldia du koreografoak. Munduan zehar ibili da, dantzako hitzordu ospetsuenetan. Eta Maitaldiak «berehala» erakarri duela dio. «Jaialdiak ikaragarriko fama du Frantzian eta beste lekuetan. Arriskuak hartzen dituelako. Gure ikusgarria hondartzan jartzea menturatu dira. Dantzaren mundua bide hori segituz zabalduko da, mugak hautsiz, eta bere ghettotik ateraz».
Dokumentuaren akzioak