Dokumentuaren akzioak
«Jauzi bakoitzak bere pausoak ditu, baina posible da inprobisatzea»
Sabin Bikandi, Aiko taldeko kidea
Larunbateko Dantzazale Egunean aurkeztu zuen Aikok jendaurrean azken lana: Urraska: dantza jauziak Sagasetaren bidetik. Liburuaz
gain dantzen grabazio zaharrak dituen DVDa, partiturak, Aiko taldekoek
jotako jauziak eta enparauak bildu dituzte. «Arratsalde osoan jauzi
guztiak dantzatzea zen gure erronka, eta lortu genuen», dio Sabin
Bikandi taldeko kideak.
Zer dira jauziak?
Biribilean egiten diren talde dantzak dira. Hainbat urratsekin
osatzen da egitura koreografikoa. Urratsek ere beren egitura daukate.
Dantzariek egitura hori ezagutzen dute. Gaur egun, gehienetan, urratsen
izenak markatu egiten dira; alegia, kantatu. Dantza horien jatorrizko
eremua Pirinioetan dago. Handik kanpo ere oso hedatuta daude, eta
erromeria askotan arrunt bihurtu dira.
Zer dela eta zabaldu da?
Talde dantzak direlako, eta bikoteko dantzak baino errazagoak
dira. Korroan sartzeak konpromiso gutxiago eskatzen du. Koreografikoki
interesgarriak dira; dozena bat pauso jakinda, hainbat jauzi dantzatu
daitezke. Horrek jendea animatu egiten du.
Musika aldetik zer esan daiteke?
Mota askotako jauziak daude. Batzuek antzinako musika zaharren
kutsua daukate, beste batzuk modernoagoak dira. Egiturari eta
erritmoari dagokionez ere, oso interesgarriak dira. Ez dute jarraitzen
gure inguruko musikan eta klasikoan daukagun logika; dantzaren logika
jarraitzen dute. Hortik jarraitu dugu partiturak berridazteko orduan.
Zuen abiapuntua Migel Anjel Sagasetak bildutako lanak izan dira.
Luzaideko abadea da, eta 1977an inguru hartako dantzak bildu zituen Danzas de Valcarlos
(Luzaideko dantzak) liburuan. Jauzien inguruko partiturak eta urratsen
azalpenak jaso zituen. Ahozko iturrietatik eta berak ezagutzen zituen
dantza eta musika maisuen idatzietatik bildu zuen informazioa.
Proiektua aurkeztu genionean, gerora egindako ikerketen emaitzak ere
utzi zizkigun.
Egokitu egin duzue.
Alde horretatik, argi esan behar dugu Urraska jauzien
gure bertsioa dela. Transkribapenean gure irizpidea urratsen egitura
oinarritzat hartzea izan da, eta dantzaren egitura hor islatzea; batez
ere konpasak idazteko orduan eta jotzeko orduan. Melodiari dagokionez,
danbolin jotzaile zaharren sistema hartu dugu materialok antolatu eta
bertsioak egiteko.
Danbolin jotzaileen sistema zaharra aipatu duzu. Azal zenezake?
Hasteko, kontuan hartu beharko genuke gizakien pertzepzioa
kulturala dela. Guk orain doinuak entzun eta klasifikatzen ditugun
modua eta danbolin jotzaile zaharren garaikoa desberdinak dira. Haien
sisteman nota artekoak handiagoak edo txikiagoak izatea ez zen hain
garrantzitsua, baizik eta nota artekoa bera. Eta nota artekoak berak
baino esangura sakonagoa zuen erritmoak. Dantza zenez funtzio nagusia,
erritmoa zen inportantena. Beste alde batetik, txistu zaharren
afinazioa ere berezia zen: tono osoak eta erdiak bereizi beharrean,
berdintsuak ziren zazpi zatiko eskala egitera jotzen zuten. Hortaz,
berdin zen nota batetik edo bestetik hasi. Irizpide horiek aintzakotzat
hartuta, Sagasetaren partiturak gaurko txistuaren eta soinuaren
afinaziora ekarri ditugu.
Dantza bakoitzak beti ditu urrats berak edo aldatzea posible da?
Berez, bakoitzak bere pausoak ditu, baina badago
inprobisatzerik. Jauzien egitura, urratsen egitura eta iraupena,
zentzua eta hori guztia jakinez gero posible da urrats baten lekuan
beste bat sartzea. Aldaerak ere badaude, lekuaren arabera, jaso
dituenaren arabera...
Zenbat urrats dira orotara?
Batzuek izen ezberdina jasotzen dute noranzkoaren arabera, baina gero buruan egiten dugun eskeman soildu edo gutxitu daiteke. Urrastegi-ko zerrendan hamalau bat jaso ditugu.
Ikasturtea amaitu du Aikok. Datorrenerako zer asmo?
Sei edo zortzi herritan gabiltza, eta datorren urtean ere
jarraitzeko asmoa dugu. Herri bakoitzean bi talde sortu nahi ditugu:
bat jarraipen edo hobekuntzakoa eta bestea hasiberrientzakoa.
Orain zer duzu eskuartean?
Batetik, gure danbor jotzaile Asierrek [Garcia Artetxe] esango
lukeen moduan, disko normal bat egiteko gogoz gabiltza. Apur bat
denetarik bilduko dugu: txotisa, jauziak, guk sortutako musika...
Bestalde, jota tradizionalari buruzko DVD pedagogikoa ere egin nahi
dugu. Astiro astiro, bagabiltza horri bueltak ematen.
Dokumentuaren akzioak