Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Jaso dugun babesari irtenbide eraginkorra eman behar diogu»

Dokumentuaren akzioak

«Jaso dugun babesari irtenbide eraginkorra eman behar diogu»

Igandeko hitzordua

Egilea
Nerea Azurmendi
Komunikabidea
Diario Vasco
Mota
Elkarrizketa
Data
2012/01/15
Lotura
Diario Vasco
-«Diru-laguntzen beherakada eta bestelako diru-iturrien urritzearen ondorioz, dantzan.com itxi beharrean aurkitu gara», idatzi zenuten web gunean abenduaren 30ean. Hamar urteko ibilbidearen amaiera, edo abaguneak eragindako etenaldia?
-Esperantza ez dugugaltzen. Hamar urte iraun duen proiektu honi geneukan dena eman diogu, eta orain ez gara gai egun batetik bestera bertan behera utzi eta amore emateko. 2011 kaskarra izan da ekonomikoki, eta 2012rako aurreikuspenak oraindik txarragoak ziren. Beraz, ez zeukan zentzurik besterik gabe jarraitzeak. Egia esan, ez zegoen modurik jarraitzeko, baina uste dugu dantzaren sektorearentzat beharrezkoa dela, eta nola edo hala saiatu nahi dugu berriz ere finantziazioa ziurtatu eta ahalik eta azkarren martxan jartzen.
-Azken batean, aurkezpen-txartel nagusia web gunea izan arren, hori ez da proiektuaren osagai bakarra. Beste lan ildo batzuk ere badituzue.
-Bai, bat baino gehiago. Batetik, dokumentazioaren alorrekoa. Dokumentazio zentroa ezin dugu esan dagoenik, baina bidean zegoen edo dago. Azken urteetan dokumentazio dezente bildu dugu dantza mota guztien inguruan, ez bakarrik dantza tradizionalari buruzkoa, hasieratik jarrera guztiz irekia izan baitugu gai horri dagokionez. Poliki-poliki joan gara lan hori egiten, modu xumean, eta justu azkeneko urtean hasi gara hori katalogatuta-eta eskaintzeko prestatzen.
-Prestakuntza ere lan ildo garrantzitsua da zuentzat.
-Oso garrantzitsua. Orain dela hiruzpalau urte Gipuzkoako Foru Aldundiak apustua egin zuen dantza tradizionalean formakuntza bultzatzeko, lehiaketa atera zuen, geuk eskuratu genuen eta orduan hasi ginen 'Dantza ikasi' programarekin. Hiru urte egin ditu, emaitza politekin eta dinamika oso ederrarekin. Guretzat hori zutabe oso garrantzitsua izan da proiektu guztia artikulatzeko. Horren inguruan Gipuzkoako eta Euskal Herri osoko dantza irakasle pila batekin harremanetan jarri gara, ikastaroak eta mintegiak antolatu ditugu, ikerketak egin dira... Esate baterako, Gipuzkoako dantza irakasleen inguruako inkesta.
-Zer zioten emaitzek?
-250 dantza irakaslerekin kontaktatu genuen, 150ek inkesta zehatza bete zuten, eta horrek oso emaitza interesgarriak izan zituen ezagutzeko dantzaren formazioaren errealitatea nola zegoen Gipuzkoan. Beste gauza askoren artean, dantzaren curriculum bateratuaren lehen urratsak eman ditugu eta ahaleginetan dihardugu euskal dantzaren inguruako ikasketak martxan jartzeko. Izan ere, beharrik larriena alor horretakoa dela antzematen dugu. Prestakuntza eta profesionaltasuna oso lotuta daude, eta hori gabe dena da oso ahula eta pasakorra. Prestakuntzaren alde horretatik egoera nahiko desastrosoan gaude.
-Ikuspegi amateuretik bada ere, bistan da jende asko mugitzen duela dantzak. Baduzue horren inguruko daturik?
-Gipuzkoari dagozkionak bai. Foru Aldundiaren aginduz egin genuen lan baten arabera, 250 irakasle daude gaur egun Gipuzkoan egunero edo astero dantza eskolak ematen. Ikasleak, berriz, izango dira gaur egun 10.000 bat. Kopuruak ikaragarriak iruditu zitzaizkigun. Pentsa zer izan daitekeen hori Euskal Herri mailan.
-Aipatzen ari zaren proiektu horiek lehen urratsetan daude. Web gunea bertan behera gelditzekotan, horien garapena ere bai?
-Guk ez daukagu ezer uzteko asmorik, gertatzen dena da ziurtatuta ere ez daukagula ezer... Azken batean proiektu desberdin askoren artean lortzen genuen nahikoa sos horiek guztiak aurrera ateratzerako. Proiektu batzuk erortzen hasten badira, oreka hori apurtu egiten da, eta ezin diozu guztiari eutsi.
-Kolokan erraz jartzen den egitura hori sektorearen beraren isla ere izan liteke.
-Kuriosoa da ikustea nola azken hamabost urteetan erakundeetan kultura ardura postuetan egon direnak bat etorri diren diagnostikoa egitean. Beti esan izan dute dantza dela, ziur asko, desegituratze egoera nabarmenena duen sektorea. Hala ere, diagnostikoak bai, baina soluziorik ez da inondik etorri.
-dantzan.com ez al da bilakatu denboraren poderioz gorputz desegituratu horren bizkarrezur halakoa?
-Egia da leiho bat irekita izateak ekarri dizkigula beste mila proiektu, proposamen, laguntza eskaera eta eskaintza... Nahiz eta hasierako helburua ez izan hori, funtzio hori egokitu zaigu, eta dantzaren sustapenean ari diren denei ez bada ere gehienei egin diegu kasu. Hori bera ere bada egituratze faltaren seinale.
-Dantza taldeak ari dira diru-laguntzen murrizketaren ondorioak pairatzen?
-Egoerak eragiten die, baina nire ustez besteei baino gutxiago, profesionalizazio maila oso txikia izanik non eragin gutxiago dagoelako. Egituratu gabe egote horrek krisialditik urrutiago uzten ditu... Hala ere, igartzen da: emanaldiak, lehen urrituta bazeuden, gora ez dute egin, eta udaletako diru-laguntzen jaitsierak talde asko ari dira jasaten. Dena den, gurea da sektore bat ikasi behar izan duena bere buruan oinarrituta bizitzen, eta orain ere ez dago gora begira, lehen bezala jarraitzen du.
-Beste alor batzuen aldean, dantzak ez du baliabide publiko askorik jasotzen. Hala ere, ez dago dantzaririk gabeko ekitaldi ofizialik. Ez al dago hor kontraesan moduko bat?
-Hori paradoxa itzela da: kultur sinbili bezala nola erabiltzen ari garen dantza eta, aldiz, zein arreta gutxi eskaintzen zaion. Ez dago protokolorik aurreskurik gabe, ez dago ekitaldi bat dantzaririk gabe, eta egituratze falta hori ikaragarria izan arren herri guztietan daude dantza taldeak...
-Zuek hartu duzuen sustoa ona izan daiteke kontu horiek guztiak mahai gainean jartzeko?
-Ez dakit, izan daiteke ona, edo izan daiteke kontrakoa.
-Ez gara ari miloi mordo batez.
-Ez, 2011ren amaieran lau lagun ginen lanean, baina lauron artean biren soldata banatzen genuen. Krisi egoera hauetan erakundeak errazago hasten dira muzketak egiten dira txikiekin, egitura handiek hobe funtzionatzen dutelako lobby bezala edo... Hala ere, kontuan izan beharko genuke txiki askok osatu dutela poliki-poliki kultur ehun bat. Sarea haustea erraza da, baina gero ez da erraz berregiten. Gure kasua eta besteren bat ezagutu dira, baina beste asko ari dira desagertzen zarata askorik gabe, eta nire ustez txiki askoren artean egindako sare horretan dago kulturaren oinarria.
-Sare horren babesa sentitu duzue?
-Pixka bat lotsatuta ere bagaude jaso ditugun babes eta laguntza adierazpen guztiekin. Sektoreak benetan erantzun du, kezkatuta dago. Komunikabide bat baino gehiago, komunitate bat zen dantzan.com, bere inguruan joan delako biltzen dantzari, dantza talde eta dantza sustatzaile talde zabal bat, eta bat-batean ikusi du elkartoki hori desagertu egin dela. Elkartasun hori jaso ostean, pentsatu egin behar dugu zer egin.
-Ideiarik bai?
-Oraindik ez zehatzik, baina ideia da biltzea taldetxo bat eta ikustea zer egin daitekeen, nola eman irtenbide eraginkorra jaso dugun babes horri.
-Lozorroan bada ere, sarean jarraitzen du guneak. Segituko du?
-Gunea sarean mantentzeak badu gastu bat, baina gastu txikia da, eta oso-oso gaizki egon beharko lirateke gauzak hori ere kendu behar izateko. Ez gaude inori ezer kentzeko, baina ez gaude gehiago emateko, hori da arazoa. Gunea zabalik dago jendeak jarrai dezan ekarpenak egiten. Betidanik izan da horrela eta horrela jarraitzen du. Dantzan.com-en oinarria ez da bakarrik orain etenda dagoen lan profesionala. Askoren ekarpenekin elikatu da, eta horrek funtzionatzen jarraitzen du. Badakigu ez dela nahikoa, baina momentuz hori da eman dezakeguna.
«Jaso dugun babesari irtenbide eraginkorra eman behar diogu»

Oier Araolaza, dantzan.com-en egoitzan. :: MORQUECHO

Dokumentuaren akzioak