Dokumentuaren akzioak
«Jaietan ere, ezetz ezetz da»
Sexu erasoak festetan
Jaietan ez da dena zilegi. Emakume batek ezetz
dioenean, ezetz da, eta hori irmo defenda dezan, baliabideak eman behar
zaizkio». Hori da festetan izaten diren sexu erasoen inguruan talde
feministek aurten, berriro ere, plazaratu duten mezua. Horiei aurre
egiteko ekimen falta ikusten dute administrazioen aldetik, eta hori dela
eta, jai batzordeekin eta peñekin egiten ari diren lanaren garrantzia
azpimarratu dute. Hala, eskari garbia egin diete herritarrei: «Ez onartu
eraso sexista bakar bat ere, eta ikusi edo jasanez gero, salatu».
Euskal
Herriko hiriburu bakar batean izan dira orain arte jaiak: Iruñean.
Bertan, hiru sexu eraso salatu zituzten. Baionan gaur hasiko dira
festak, eta urtero izaten da halako erasoen berri han ere. Bilgune
Feministako Edurne Epeldek eta Saioa Iraolak nabarmendu dute festak
egunero gertatzen denaren isla direla. «Estereotipoz beteta daude, eta
botere harremanak beste edozein egoeratan bezala izaten dira. Hori
aldatu egin behar da, eta emakumeak jaiak bere egin behar ditu». Hala,
festetan ere botere harreman horien aldaketan eragin daitekeela uste
dute. «Parekideak diren jaiak lortu behar ditugu. Hori erraz esaten da,
baina kasu askotan jaien antolakuntzako erabaki guneetan parte hartze
txikia dugu emakumeok».
Tere Saez berdintasun teknikari eta
Andrea elkarteko kideak beste bi hausnarketa egin nahi izan ditu.
Batetik, emakumeek jaiez gozatzea bermatu behar dela. «Horrek esan nahi
du, beste gauza batzuen artean, etxeko lanak eta haur, adineko eta
mendekotasuna duten pertsonen zaintza partekatu egin behar direla. Izan
ere, oraindik emakumeak baitira batez ere umeak edo adinekoak zaintzen
geratzen direnak, eta gizonak gozatzen du jai giroaz». Bestetik,
kezkatuta dago jaietan dena zilegi dela dioen uste zaharra desagertzea
lortu ez delako. «Hori kezkatzekoa da. Izan ere, emakume batek ezetz
badio, ezetz da. Hori beti errespetatu behar da». Emakundeko zuzendari
Maria Silvestrek salatu du, gainera, kasu askotan alkohola aringarri
gisa erabiltzen dela festetan izaten diren sexu erasoei larritasuna
kentzeko. «Astakeria galanta da hori. Alkoholak ezin du aringarria
izan; alderantziz, larriago egiten du egoera».
Mugimendu
feministak, ordea, administrazioen aldetik ez du hori guztia aldatzeko
borondaterik ikusten. «Emakunderen eta Nafarroako Berdintasunaren
Institutuaren aldetik ez dugu ekimenik ikusten. Hitz politak dituzte,
baina hortik harago ezer gutxi». Udalen aldetik ere konpromisoa eskasa
sumatzen dute: «Zerbait egiten badute, gainera, kasu askotan
berdintasun teknikariaren konpromiso eta lan pertsonalagatik izaten da».
Baionako Emakumeen Bortizkeriaren Aurkako Taldeko kide Anuntxi Aranak
ere, herriko etxeak konpromiso «urria» duela salatu du. «Duela hiru
urtera arte ez zuten ezer egiten. Ordutik, lortu dugun gauza bakarrak da
afixa batzuk ateratzea. Baina iaz horiek ere gutxiago izan ziren.
Krisiagatik ez zituztela gehiago atera esan ziguten».
Silvestrek,
haatik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalekin egiten ari diren lana
defendatu du. «Nahiz eta jaietako batzorde eta antolatzaileekin harreman
zuzena ez izan, Berdin Sarearen eta Eudelen bidez urte osoan ari gara
sexu erasoen prebentziorako eta salaketarako lanean; eta, nola ez, baita
jaietan ere. Horiei begira hainbat herritan argitaratu dituzten
informazio eta prebentziorako materialak egiten lagundu dugu, adibidez».
Dena den, Silvestreren ustez «erabakigarria» da arazoaren sozializazioa
ere. «Administrazioek gure ardura dugu, baina garrantzitsua da ere bai
herritarrek parte hartzea».
Esperientzia «txarra»
Erakundeekin
izandako azken esperientzia ez dela oso ona izan gogorarazi dute
Bilgune Feministako eta Andreako kideek. Iruñeko Udalarekin izan zen,
sanferminetan salatutako hiru sexu erasoen ondorioz. Saezen irudiko
«desastre hutsa» izan zen udalaren jokabidea. «Erasoak ezkutatzen saiatu
ziren, eta hori onartezina da». Yolanda Barcina Iruñeko alkatetzara
iritsi zenetik gertatu omen da hori. «Ordura arte lan handia egiten zen.
Baina Barcinak erabaki zuen gai hori ez zela existitzen». Silvestreren
arabera, Iruñeko Udalaren jarrera «okerra» izan zen. «Erantzun irmoagoa
eta azkarragoa eman behar zuten. Gainontzean, badirudi administrazioek
normaltzat hartzen dugula jaietan halako erasoak izatea».
Festa batzordeekin lanean
Erakundeen
jarrera ikusita, emakume taldeek jai batzorde eta peñekin elkarlanean
aritzearen alde egin dute. Hala, eredugarria iruditu zaie aurtengo
sanferminetan gertatutakoa. «Herritarrek beraiek jo dute guregana sexu
erasoak salatzera, eta, horri esker, gertatu eta berehala jakin eta
salatu ahal izan ditugu. Txalogarria da, gainera, peñek salaketa egiteko
iniziatiba hartu izana», diote Epeldek eta Iraolak. Saezen ustez,
Iruñean mugarria izan zen Nagore Laffageren hilketaren kasua. «Guk
urteak generamatzan herritarrei eta peñei konpromisoa eskatuz, eta
pixkana ari gara fruituak lortzen». Beste hiriburuetako jaietan ere hala
izatea espero dute. Baina Aranak uste Baionakoan zaila izango dela.
«Peñen jarduera herriko etxeak finantzatzen du, eta ez dute nahi izaten
eztabaidetan sartu».
Elkarlanari esker festei begira egiten
dituzten eskariak indarra hartuz joatea espero dute. Hala,
autodefentsarako ikastaroak oso baliagarriak izan daitezkeela uste dute
Epeldek, Iraolak eta Saezek. «Donostian, adibidez, oso ekimen
interesgarria bultzatzen ari dira, festen aurretik emakumeak
autodefentsan trebatzeko».
Horrekin batera, guztiek bdiote gune
arriskutsuak dentifikatu behar direla. «Argiztapenean dauden gabeziak
ere ikusi behar dira, eta festa gunea non kokatzen den. Hirigunetik
urrun kokatzen bada, arriskua handiagoa da». Silvestrek gogorarazi du
emakumeak bere modura bizi dituela hiri eta herriak. «Baina haien
eraikuntzan eta egituraketan ez da hori islatzen. Jai guneen kokapena ez
da salbuespena». Gainera, Aranak iritzi dio hiriburuetako jaietan
erasotzaileek zigorgabetasun handiagoz jarduten dutela. «Biltzen den
jendetza aprobetxatzen dute». Horri lotuta, Aranak Baionako emakume
taldeek aspalditik egiten ari diren eskari bat ekarri nahi izan du
gogora. «Ostalariei komunak irekita uzteko eskatzen diegu. Izan ere,
gainontzean, emakumeek urrutira joan behar izaten dute pixa egitera, eta
halakoetan erasoa izateko arriskua handiagoa da».
Prebentzioarekin
batera, ezinbestekoa ikusten dute halako eraso bat gertatzen denean
biktimak argi izatea nora jo behar duen. Kasu askotan, salaketa jartzeko
orduan emakumeek «benetako gurutze bidea» bizi behar dute. «Askotan
batetik bestera ibili behar izaten dute. Gainera, behin salaketa jarrita
ematen duten laguntza psikologiko eta legal apurra jaso ahal izateko
paper mordoa bete behar duzu», esan dute Epeldik eta Iraolak. Hala,
emakume taldeek beti eskatu izan dute erasoren bat izan duten emakumeei
laguntzeko gune edo txoko bat jartzea jaietan. Baionan bada bat. «Soilik
egunez dago irekita, ordea. Baina eraso gehienak gauez izaten dira.
Dena
den, Saezek azaldu du oraindik ere emakume askori «beldurra eta lotsa»
ematen diela jaietan izandako sexu erasoak salatzea. «Errudun sentitzen
dira. Hori aldatu behar da».
ESANA. IÑIGO LAMARCA. EAEko arartekoa
«Udalek ez lituzkete parekideak ez diren festak lagundu eta sustatu beharko»
Ermuan tratu onaren aldeko eskumuturrak banatu dituzte
Gaur amaituko dituzte santixauak Ermuan (Bizkaia). Udalak bultzatuta, egun hauetan festetan tratu ona izatearen aldeko eskumuturrekoak banatu dituzte herritarren artean. Ekimen horren bidez, festetan ere emakumearen aurkako indarkeriaren kontra borrokatzeko beharra gogorarazi du udalak.
Mutil dantzan parte hartzeari uko egin diote gizon batzuek
Emakumeek parte hartu zutela eta, gizon talde batek
uko egin zion herenegun Elizondon (Nafarroa) urtero egiten den mutil
dantzan parte hartzeari. Salatu zuten ez zela emakumeen parte hartzearen
inguruko eztabaidarik izan, eta erabakia inposatua zela. Garbiñe
Elizegi alkateak eta Maitane Maritorena zinegotziak dantzan parte hartu
zuten, eta hori ikusita, erretiratzea erabaki zuten hainbat gizonek.
Dena den, ekitaldiak aurrera egin zuen.
Inoiz baino parte hartze
txikiagoa izan zela nabarmendu zuten erretiratu zirenek. Baina kontuan
izan behar da eguraldi txarra egin zuela, eta, ondorioz, ikusle eta
parte hartzaile askok ere etxean geratzea erabaki zuten.
ESANA. IRUÑEKO PEÑEN FEDERAZIOA
«Sanferminetako sexu erasoek erakusten dute, sentsibiliazio kanpainak ez direla nahikoa izan»
Berdintasuna sustatzeko kontzertua Lizarrako jaietan
Lizarrako (Nafarroa) berdintasun teknikari Tere Saezek bultzatuta, gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna sustatzeko kontzertua egingo dute herriko jaietan. Abuztuaren 3an izango da, 19:30ean, San Martin plazan. Festetan berdintasuna izatearen garrantzia aldarrikatuko dute.
Gipuzkoako jaiak, «gizonen neurrira» eginda
Gipuzkoako Aldundiak eskatuta, herrialdeko jaiak
ikertu zituen iaz Frapi ikerketa enpresak. Genero ikuspegitik egin
zuten, eta guztira bederatzi herritako jaiak aztertu zituzten: Donostia,
Irun, Lezo, Antzuola, Tolosa, Zumaia, Bergara eta Errenteria. Ikerketa
horren arabera, jaiak «gizonen neurrira» daude eginda, oro har. Hala,
egoera iraultzen lagun dezan gida baten beharra dagoela agerian utzi
zuten ikerketan.
Ikertu zituzten hainbat festatan, dena den,
keinu interesgarriak ikusi zituzten. Hala, eredugarritzat jo zuten
Donostiako Aste Nagusian piratek antolatzen duten abordatzea. «Emakumeen
parte hartearen inguruko oso planteamendu argiak dituzte».
Baionako bestetan izandako bortxaketa kasu bat salatzeko bilkura, iaz. / GAIZKA IROZ
Dokumentuaren akzioak