Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Izugarria da gorputzaren komunikazio gaitasuna»

Dokumentuaren akzioak

«Izugarria da gorputzaren komunikazio gaitasuna»

Blanca Arrieta, dantzaria eta koreografoa

Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2006/03/09

Iaz estreinatu zen Memoria eta museoak eta erakusketa gelak izan dira orain arteko emanaldien eszenatokiak. Ikusle eta dantzarien arteko harreman bereziak sortu dira modu espazio horietan. Oraingoan antzokian eskainiko da lana, eta horrek publikoarekiko harremana beste modu batekoa ekarriko duela uste du Blanca Arrietak.

Zertaz ari zara Memoria lanean?

Gorputzarekiko jakin-minak bultzatzen nau batez ere sormenera; gorputzaren egitura fisiko konplexuak, bere funtzionamenduak eta emozioak sortzeko duen gaitasunari buruzko jakin-minak. Hori da nire lanaren oinarria. Memoria ikerketa lan horren jarraipena da, eta aurreko lanetan urratutako bidetik jarraitzen dut bertan, gorputzera hurbiltzea, behatu eta behatua izan. Orain arteko lanak bakarkakoak edo bikote lanak izan dira. Dantzari kopuru handiago batekin lan egiteko beharra sortu zen, bost dantzarirekin. Abiapuntu honekin hasi ginen Memoria-rekin lanean. Gorputzaren oroimena. Gogoratzen dugun guztia, eta ez duguna gogoratzen, baina larruan idatzita dagoena. Horixe gara.

Nolakoa izan da sormen prozesua?

Inprobisazioetarako ikerketa materialak prestatzen ditut, eta prozesuan parte hartuko duten dantzariak aldez aurretik ondo ezagutzen saiatzen naiz, nola mugitzen diren, zein izaera duten, lasaiak diren, kementsuak, gogorrakÉ Sormen prozesuan gerta daiteke konturatzea oker nenbilela eta, beraz, horri aurre egitea ere aberasgarria izan daiteke. Egin nahi dena ongi azaltzea garrantzitsua da, taldeak lana ongi ulertu, prozesuko partaide sentitu eta sormenean aktiboki parte har dezan.

Nola antolatu dituzu koreografiak? Zein osagai erabili dituzu?

Batetik, dantzari bakoitza eszenan definituko duen materiala bilatzen dut, bere energia eta animoa aurkeztuko dituena. Zirikatuko dituzten egoeren aurrean jartzen ditut, eta gero beraien arteko bilguneak, elkarri begiratzeko uneak bilatuz, eta horren ondoren egoera interesgarriak sortzen dira, modu fisikoan aurkezten saiatzen garenak, baina interpretazioari garrantzia emanez. Kontua ez da mugimendu segidak bata bestearen atzean jartzea. Horrez gain, ni ez naiz batere eszenografiazalea. Ez dago ezer espazioan, gorputzak bakarrik. Argiari garrantzi handia ematen diot, soinuarekin batera espazioa bera sortzeko ardura baitu argiak.

Gorputza eta harekiko duzun interesa behin eta berriz ageri da zure lanean. Zer du gorputzak horrelako interesa eragiteko?

Dantza sortzeko ditugun tresnak dira gorputzak. Komunikatzaile perfektuak dira gainera, ahalmen fisiko eta emozionalei esker. Gihar eta artikulazio kopuru mugatu batekin, gorputzak mugimendu aukera ia mugagabea eskaintzen digu. Tentsio, abiadura eta energiaren bidez gorputzean bertan sortzen den lengoaia eraiki daiteke. Gizabanako bakoitzak mugimendu bera egiteko, eta horrekin hunkitzeko, limurtzeko edo harridura sortzeko gaitasuna du. Izugarria da gorputzaren komunikazio eta emozio gaitasuna. Giza gorputzetik dena gertatzen zait erakargarri, denbora, edertasuna, hauskortasuna, erresistentzia...

Zure sormen lanaz hitz egiterakoan koreografia ikertzailea zarela esan ohi da. Zer esan nahi du horrek?

Mugimenduaren ikerketari garrantzi handia ematen diodalako izan daiteke. Entsegu ordu asko ematen ditut komunikatu nahi dudana adierazteko mugimendu egokiaren bila. Niretzat helburua ez da mugimendu esaldiak egitea, hori ez zait interesatzen. Noski, eder dantzatzea eta eder dantzatzen ikustea gustatzen zait. Baina niretzat garrantzitsua da aurrerago joatea gorputzaren adierazpen fisikoarekin, gizatasunera iristea fisikotik. Garrantzitsua da lengoaia propio batera iristea, gauzak kontatzeko modu propioa aurkitzea. Mugimenduak bere egiten dituzten dantzariekin lan egitea gustatzen zait, arimarik gabeko mugimendua ez doa eta inora. Mugimendua benetan sentitzen denean, zerbait berezia eta hurbilekoa da, eta ikusleak zuzenean jasotzen du.

Aurrera begira zein proiektu duzu esku artean?

Irish Modern Dance Theatreko zuzendari artistikoak, John Scottek, lan bat koreografiatuko digu. Gogotsu nago proiektu horri ekiteko, asko atsegin baitut koreografo honen lan lerroa, nireen antzeko kezka koreografikoak ditu, baina ni sutsua eta detaileetan perfekziozalea eta neurritsua naizen moduan, bera oso ausarta da bere proposamenetan. Izugarri gustatzen zait.

Dantzaria, koreografoa eta zure konpainiaren arduradunÉ Nola funtzionatzen du dantza konpainia egonkor batek Euskal Herrian?

Akaso egonkorra baino gehiago, hitz egokia jarraia litzateke. Uste dut horrela gabiltzala euskal sortzaile talde zabal samar bat. Nahiko modu jarraian lan egiten ari gara poliki-poliki egonkortasun gehiago eskuratu ahal izateko. Zaila da bakoitzaren kasua desberdina delako. Niri koreografo lanak eta beste koreografo batzuentzat dantzari lanak bateratzea gustatzen zait, ondorioz, konpainiaren aurrerabidea motelagoa da, baina gehiago gozatzen dut. Konpainiak babesteko egitura sendoagoen beharra dago. Erakundeak gure lanarekiko interesa erakusten ari dira, eta garrantzitsua da laguntza ekonomikoa eta azpiegiturazkoa bideratzea. Euskaditik kanpo harrera oso ona izaten ari gara eta gure lana estimatzen da.

Zer iruditzen zaizu dantza garaikidearen zirkuituaren ekimena?

Oso positiboa. Horren beharra dugu, erakundeetatik laguntza jaso eta antzokiak konturatzen has daitezen kalitateko lanak direla. Dantza publikoa sortzeko modu bakarra da, arriskatu egin behar dira, epe luzerako proiektua da baina horren aldeko apostua egin behar da. Norabide oneko urratsa da.

Dokumentuaren akzioak