Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Irudimenarekin jolastuz, mila amets sortzen dira, mila ikusleren baitan»

Dokumentuaren akzioak

«Irudimenarekin jolastuz, mila amets sortzen dira, mila ikusleren baitan»

Inbal Pinto Koreografoa. Aurtengo Maitaldiko lehen izarra piztuko da gaur: Inbal Pinto, koreografo belaunaldi berriaren ikurra. 'Shaker' pieza ikusgarria ez huts egitea gomendatu dute Miarritzeko aldean.

Egilea
Xan Aire
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2008/09/13

Arratsean, Shaker pieza eskainiko du bi zuzendarien konpainiak, Miarritzeko kasinoan (Lapurdi), 21:00etan. Lehen izarra piztuko da aurtengo Maitaldia jaialdiko zeruan, ikuskizuna ez huts egitea gomendatu baitute antolatzaileek. Oihala altxatzen denean, oholtza elurpean agertuko da. Islandiako bazterretan iragaiten da pieza. Zergatik ez Israel sorterrian, harea beroarekin? «Elurra hondar bihurtzen da, ikusgarrian», azpimarratu du Pintok. Bere mundua ez baita iduri duen bezain hotz eta garbia. «Zorionarekin eta zorigaitzarekin jolasten gara, onarekin eta gaitzarekin, hotzarekin eta beroarekin».

Koloreekin jolastea gustatzen zaio Pintori, nola ez. «Gazte nintzanean, tindalari eta dantzari nintzen. Biak gustukoak nituen, baina hautu bat egin behar izan nuen: dantza». Baina hortik abiatu zen Pintoren dantza kontzeptu zehatza. «Denbora joan ahala, gauza batez ohartu nintzen: dantzaren zati bat dela margoa. Ez du osatzen, berea da. Organikoa. Dantzan, potreta bat marrazten ahal da, nekerik gabe. Gainera, koloreak dantzan aritzen ahal dira. Hala aritu behar dute, nire iduriko. Mugitu gabe egoten baldin badira, ez baita gauza onik aterako».

Irudimena zuzenean jotzen dute Pintoren ikusgarriek. Mundu berezia eskaintzen du Shaker piezak ere. «Mundu eztian sartzeko gonbita egiten dugu. Elur leuna, hiru etxe txikirekin. Baina ingurumen horretan bizitzea zaila dela agertuko da. Nahasia, ikuskizunaren izenburuak salatzen duen bezala». Bere sorterrian dagoen gatazkari erreferentzia? «Ez du eguneroko biziarekin deus ikustekorik. Ez da haren ispilua. Gure gatazkaz zerbait erratekotan, Palestina eta Israel kulturak lotu dituela jakinarazi nahi nuke. Elkarlanak egin izan dira, baina ez dira nehon ere agertu. Iduriz, hatsak ez du oihartzunik merezi».

Antzerkia lagun

Leku zehatzak agertarazi gabe, kristalik hautsi gabe, emozioak piztu nahi ditu Pintok. «Irudimenarekin jolastuz, mila amets sortuko dira, mila ikusleren baitan. Bakoitzak bere mezua hartuko du. Hori da dantzaren magia». Kristalik ez du apurtu nahi, baina horma kiskaili, hori bai. Bere begi txikietan sartu, eta ametsa eskaini. Kasu, amesgaiztoa bihurtu daiteke bidaia. Irria orro bilaka daiteke, keinu batez. Musikak ere zoratzen du. Chopin, Purcell, Gavin Bryars, Avo Part. Suediako herri kantuak, eta 1950eko hamarkadako kantu japoniarrak.

Eta zoratzen laguntzen dute piezako bi antzerkilariek ere. Kasu, ez da hitzik ateratzen haien ahoetatik. Gorputzekin mintzo dira, dantzarien gisa. Zergatik dira hor aktoreak, funtsean? Dantzariak ez ote ziren aski? «Mimoak, aurpegien erranahiek aberasten dute dena. Emozioa bultzatzen dute, pentsarazten dute, ametsaren ingurumena indartzen dute, beren karikaturekin». Antzerkikoak dira jantziak ere. Pinturaren eragina azpimarratzeko bezala, arte mugimendu batetik pikatuak iduri dute: dadaismoaren mundu xelebretik.

Antzerki afera horietan, Avshalom Pollaken eragina nabarmendu du Pintok. «Dantzaz ez daki gauza handirik. Beraz, askatasun osoan aritzen da dantza ikusgarriak muntatzen. Beste ikuspegi bat da. Aberasgarria, dudarik gabe». Pintura eta dantza diren bezala dira antzerkia eta dantza: osagaiak bainoago, organikoak. «Baina komunikazioaren oholtza da antzerkia, batez ere dantza ingurumenean», azpimarratu du koreografoak. Piezako pasarte batzuk Chaplinek inspiratu dituela xuxurlatu izan da anitzetan. «Bakoitzaren kulturak agintzen du hori. Chaplin ezagutzen ez duenak -hamaika izanen dira- ez du horrelakorik pentsatuko. Bakoitzak bere pieza ikusten du».

Kasu, Shaker dantza ikusgarria dela ez da ahantzi behar. Ordubetez, erritmo eroan arituko dira dantzariak, elurrean barna sugeak balira bezala, airean txoriak bezala. Elkarrizketak, emozioak, umorea... Dantzak agintzen du dena. Balleta ala karrika dantza, bakarlari saio tristeak. Nahasmen ordenatua. «Zerbait berri ekartzea izan da nire betiko helburua. Eta gure herrian zaila da xede hori bururaino eramatea, dantzak muga franko baitauzka. Hala ere, koregrafo bikainak daude, eta azken hamar urteotan, dinamika ederra sortu da. Gure konpainia ere aldatzen ari da, eta horrela hazten jarraituko duela espero dugu».

Tripako minak

Dantzariek «lan handia» egin dutela azpimarratu nahi izan du Pintok. «Guk, gure ardatzak bagenituen, Pollakekin: elur globo txiki haietako bat erakutsi nahi genuen. Baina dantzariek sortu dituzte irudiak, haiek dute pieza idatzi, inprobisaketen bidez. Horrela sortu da bizia gure elur globoan». Horregatik, Pintok ez luke ikuslerik hotz utzi nahi. Tripan korapiloa sentitu behar du. Emozioen tripako minak.

Eta Maitaldiaren antolatzaleek Shaker gomendatu dutela jakitean, matelak gorritu zaizkio Pintori. «Nik dantzariengatik gomenda nezake. Sentimenduek, emozioek eraikia dute gure konpainia. Amodio istorioa da». Mundu berezia du koreografoak. Eta, begiak lausoak baldin baditu, bere ametsak hobeki ikusteko izango da, dudarik gabe.

Dokumentuaren akzioak