Dokumentuaren akzioak
«Irabazteko gogo berezia neukan eta asko arriskatu dut»
Aiert Beobide, Euskadiko XXI Gipuzkoar aurresku txapelketaren irabazlea
Azkenean heldu zaizu irabazteko aukera.
Bai horixe. Bazen garaia. Asko kosta zait, eta ilusio handia egin dit, ez baita atsegina behin eta berriz bigarren geratzea. Balio handiagoa du niretzat, asko kostatako garaipenak poz handiagoz hartzen baita. Helduen txapelketan parte hartzeko adina neukanetik nago, eta beti Jon Mayaren itzalean geratu naiz.
Interpretazio askean, Zortzikoan erabakitzen omen da saria. Horrela izan al da?
Ez dakit. Baina dantza garrantzitsuena da, nork bere modua erakusten duelako. Dantza horrek pisu handia du, dantzari bakoitzak erabakitzen baitu zenbateraino arriskatu, eta zer egin.
Eta asko arriskatu duzu?
Baietz uste dut. Gogo berezia neukan irabazteko, eta arriskatu egin dut, horretara moldatu nuen dantza. Hasiera lasaia egin nuen, eta pixkanaka intentsitatea hartuz joan nintzen. Azken konpasak erritmo oso azkarrera moldatu nituen, dena emanez azken aldera.
Jon Maya oso gertu izan duzu amaitu arte. Zerk markatu du diferentzia?
Ez dakit zer izan den erabakiorra, baina aurreko urteetan baino seguruago egon naiz, lasaiago. Oso urduri atera izan naiz beti, eta horrek eragin handia du. Aurten askoz gehiago kontzentratu naiz, eta agian arriskuak eta segurtasunak eman dit garaipena.
Azken urteetako hirurak geratu zarete lehenak, baina aurten oso gertu izan dituzue hiru dantzari, oso gazteak denak. Ordezkoak datozela pentsatzeak kezkarik sortzen dizu?
Gazteak gogor datoz, eta ez daude guregandik oso urrun, ez dago diferentzia handirik dantza aldetik, eta indarra eta gorputza hartzen dutenean arriskua izango dugu atzetik geratzeko. Bai, kezka eragiten du horrek, baina dantzarentzat ona da.
Orokorrean nolako maila egon da txapelketan?
Egia esan, ez dakit. Parte hartzen dudanean ez dut txapelketa gehiegi ikusten. Besteek egiten dutena ikusten hasten banaiz urduri jarri eta kontzentrazioa galtzen dut. Aurten nire ondoren zeudenak pixka bat ikusi ditut, eta horretan Aritz Salamanca eta Jon Maya oso sendo ikusi ditut.
Lehen zortziak, berriz, Donostia eta Irun aldekoak izan zarete. Inguru horretan kontzentratzen al da harrobia?
Azkenaldian bai. Beasaingo jendea, Bergarakoa, izan da, baina orain Irun, Errenteria eta Donostia aldean dago mugimendua. Giroak eragiten du hori. Inguruan jendea lanean ikusten baduzu lan egiten duzu, baina girorik ez badago ez duzu gogor egiten. Jende gaztea oso indartsu dator giro horrek eraginda.
Txapelketa irabazteak aparteko ondoriorik dauka zure dantza ibilbidean?
Ez dakit norainoko eragina izan dezakeen. Aurresku txapelketa ez dago oso zabaldua, ez da beste hainbat txapelketen antzekoa. Gaurko eguna eromena izan da adibidez, komunikabide guztietatik deitu didate eta, baina horrez gain, ez dakit zer esan nahi duen.
Dantzan maila eskatzen da, baina ez du hedapen handirik. Zergatik?
Dantza ez dago une onean. Izan ditu une hobeak. Ez da konpromisorik hartzen dantzarekin, eta maila handia nahi duen dantzariak argi izan behar du ez duela lanaren ordainik izango. Gustuz egin behar duela.
Aukeran eta Eskola taldeetan zaude. Horretan jarraitzeko asmoa duzu?
Eskola pixka bat utzita daukat, Aukeran-ekin nago buru-belarri, eta horretan jarraitzeko asmoa daukat.
Zenbat ordu eskaintzen dizkiozu egunean dantzari?
Bi edo hiru. Klase anitzetara joaten naiz. Bi ordu astean dantza garaikidea egiten dut, eta dantza klasikoan ere ari naiz. Orain, Aukeranekin Sutargi ikuskizuna prestatzen ari gara.
Zertan dago Sutargi?
Orain hasiko gara emanaldiekin, eta udan leku askotan izango gara. Orain arte egin ditugun koreografien nahasketa bat da, eta horrez gain suaren inguruko koreografia bat egin dugu. Asko entsegatzen ari gara.
Formazio klasikoa oinarrizkoa da aurreskuan aritzeko?
Oinarri-oinarrizkoa. Jende askok ez du ulertzen, eta niri umetan esan balidate klasikoa egiteko barre egingo nuen. Baina beharrezkoa da baletaren formazioa. Balio handia du beste dantza guztietarako.
Inoiz pentsatu duzu balet klasikoan buru-belarri sartzea?
Ez. Gogorra da, eta ni klasikoan berandu hasi nintzen. Uste dut gazteagotan hasi behar dela horretan, eta hala ere zorte handia behar dela mundu horretan aurrera egiteko.
Dokumentuaren akzioak