Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Iparraldean hasi berriak gara dantza profesionalean»

Dokumentuaren akzioak

«Iparraldean hasi berriak gara dantza profesionalean»

Pantxika Telleria, Eliral E dantza konpainiako koreografoa

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Baiona
Mota
Elkarrizketa
Data
2001/08/15

Donibane Lohizuneko Louis XIV. plazan eskainiko du Eliral E konpainiak dantza emanaldia, 21:30etik aurrera.



• Zer eskainiko diezue bihar ikusleei?



Bi pieza emanen ditugu. 0001 koreografiak zazpi minutu iraunen du, eta Firua-k hamar. Biak Juan Carlos Perezen Arkadius String Quartet diskotik hartutako musikak lagunduko ditu.



• Zu zara bi dantza motz horien koreografoa. Zer pasarazi nahi zenuke ikusgarri horren bidez?

0001, 2001eko hasieran, Amandine Manok lagundurik sortu nuen lehen obra izan zen. Horregatik nion zenbaki hori eman. Bertan, emazte dantzari gazte bat ikusten da aulki baten gainean. Bere baitatik ateratzen diren barne bulkaden inguruan lan egin dugu. Barnetik sumatu sentimenduengan gorputzak duen erantzunaren berri ematen du dantzariak. Firua-rekin, aldiz, haurtzaroarekin, eta oro har gure ondasun kulturarekin dugun lotura landu dugu.



• Zergatik hautatu duzue Donibane Lohizuneko plaza lehen agerraldi batentzat, eta zergatik kanpoan?

Ni sortzez Donibane Lohizunekoa naizenez, bertan zerbaiten egitea gogoa nuen. Gainera, konpainiaren egoitza bertan dago. Bestalde, hasten zarelarik, nolabait saiatu behar duzu. Horrela duzu atzematen zure hizkuntza. Xekatze lan horiek gordetzeko ordez, zergatik ez erakutsi? Aukera hori aprobetxatu nahi genuen.



• Bi labur hasiera batean, baina luzeago batzuen aitzin proba dira, ezta?

Bihar erakutsiko ditugun lanak abiapuntu bat dira. Hasi behar baita nonbaitetik. Heldu den udan, Donibane Lohizunen gure lehen lan luzearen muntatzea pentsatzen dugu.



• Eta konpainiaren izena, nondik heldu da?

Telleriaren anagrama batetik abiatu gara. Ondoren, elkarren artean moldatu dugu.



• Konpainiaren egoitza Donibane Lohizune da, zergatik?

Gogoa nuen dantza talde profesional baten garatzeko han. Dantza eskola anitz badira, baina talde profesionalik ez, ordea.



• Eskas baten betetzeko sortu ote zenuten konpainia?

Dantza muduan ez dut eskasik atzematen. Itxaropena ukan, eta pentsa daiteke hasiera batean gaudela. Zentro Koreografiko Nazionala bada. Bada Maitaldia, baita Baionako antzokiak ematen dituen emanaldiak ere. Pentsatzen dut aurrera joanen dela. Hegoaldeari begira ere.



Egia da, hala ere, hemen jende anitzek ez duela ulertzen nola dantza bakarrik egin dezakezun egun osoan. Egia da ere beste leku batzuetan dantza garatuagoa dela, adibidez Montpellierren. Ohitura badute, antzokiak, giroa, talde profesional gehiago badira. Baina hala ere, pentsatzen dut nik bezalako batek gogoa baldin badu munta dezakeela zerbait.



• Ikastetxetan ere zinezko lan baten egiteko mentura duzue, ez?

Urte osoan itsasaldeko kolegio zein lizeoetan mintegiak garatuko ditugu. Koreografia bat hasieratik bururapena arte nola eraikitzen den irakatsi nahi genieke. Kezka guziak landuko ditugu, bai gorputzaren inguruan, baita hizkuntza edota musikaren inguruan ere. Ondoren, haien piezak gureekin nahasirik publikoari eskainiko dizkiogu.



• Nondik etorri zen konpainia baten sortzeko ideia?

Dantzari aritu izan naiz, dantza erakusten ere, eta aspalditik banuen gogoa profesional heldu batzuekin ibiltzeko. Egituratu genuen konpainia elkarte modura. Lehen pieza landu ondoren, irauteko asmoz, diru laguntzak eskuratzeko sinpleago zela pentsatzen baikenuen. Eta horrela, aurtengo martxorako sortua genuen Eliral E konpainia.



• Zinez zure baitarik sortu den zerbait da, beraz...

Nire gogo batetik, bai. Erabaki dut urratsa egitea. Dantzari gisa badituzu sentsazioak, eta oro har zure gorputzaren menpe zara. Nahi nuen dinamika horretarik atera eta interprete batekin lan egin. Garbiagoki galdegiten ahal diot nahi dudana. Distantziarekin hobeki kokatzen naiz. Pixka bat pintore bat bezala, behar dut margoarekiko distantzia izan.



• Zuen konpainiak dantza estilo bat landuko du bereziki? Euskal dantzarekin lan berezi baten egiteko menturarekin zaudete, beharbada...

Euskal dantza garbirik ez dugu sartuko, ezta klasikorik ere. Garaikideagora joko dugu. Baina oraino estilo baten bila gabiltza. Koreografoaren iraganak badu eragina, jakina. Beraz, izaten ahalko dira euskal dantza eta klasikoaren aztarnak, ni horietan ari izan bainaiz.

Dokumentuaren akzioak