Dokumentuaren akzioak
«Inprobisazioak ikuslearen eta nire arteko komunikazioa lortzeko baliabideak ematen dizkit»
Idoia Zabaleta, Koreografoa eta dantzaria
Muelle 3 izeneko dantza tailerrean elkartu gara Idoia Zabaletarekin, Bilbon. Bertan jardun du entseatzen bere azken lana prestatzeko: La puta inocencia (Inozentzia alua) izenekoa. Borja Ramos musikariarekin batera prestatu du obra, eta Isabel Denaberan artista bisuala gonbidatu dute elkarlanerako. Obrak hiru atal ditu; artista bakoitzak propio prestatuak. Haien nahasketak eta fusioak osatzen du La puta inocencia; inozentziaren gaiaren inguruan, espazio eta une berean batzen diren hiru pieza. Dantzan harrapatu dugu Idoia. Dantzan jarri ditu bere eskuak, burua, gerria, belarriak; gorputzeko atalik txikiena ere dantzan jarri du; «Gorputzak baduelako zer esanik». Dantza aretoek eskaintzen duten xarmak bultzatuta-edo, lurrean jarri eta bere azken lanaz solastatu gara.
La puta inocencia. Hiru espazio eta hiru denboratan oinarritutako lana da.
Hiru atalen batura da La puta inocencia; leku eta denbora batean aurkeztutako hiru pieza dira. Batetik, Borja Ramosek bere pieza elektroakustikoa aurkeztu du; berea, propioa. Bestetik, Isabel Denaberan gonbidatu dugu gurekin lanean jardun dezan. Bera artista bisuala da, eta espazioa egituratu du. Eta, gero, nire mugimendua dago, hirugarren pieza.
Beraz, hiru lan une eta denbora berean elkartu dituzue. Hala azalduta, gauza independenteak direla dirudi.
Eta hala da, neurri batean. La puta inocencia-ren lan prozesuaren ardatza hori izan da. Jakina, elkarrekin egin dugu lan, eta gaia komuna da. Baina batak ez du bestea kutsatu. Alegia, norberak bere pieza egin du.
Eta egunean bertan elkartu zenituzten hiru lanak.
Bai. Bilboko La Fundicion aretoan aurkeztu genuen obra, bere osotasunean. Egunean bertan elkartu genituen gure hiru lanak. Aldez aurretik ezer prestatu gabe.
Obra bat hala aurkeztea ez al da arriskutsua?
Jakina. Hori zen gure kezka, edo arrisku nagusia. Baina estreinaldiko egunean bat egin genuen hirurok. Izugarria izan zen. Dena dela,jakin badakigu oraindik arrisku hori badela, existitzen dela. Izan ere, La Fundicion aretoan aurkezteko asmoz sortu genuen obra. Eta, orain, beste aretoetan eta beste ikusle ba- tzuekin nola funtzionatzen duen ikusi beharko dugu.
Horrek inprobisazio kutsu bat baduela esango nuke; nahiz eta zuk esan inprobisaziorik ez duela obrak.
Ez dago inprobisaziorik, baldin eta inprobisazioa gertaera eszeniko moduan ulertzen badugu. Bestalde, ininprobisazioa maite dut, batik bat, gertaera eszeniko gisa.
Haserrea?
Estreinatu genuen egun hartan, ikusleen artean ume talde bat zegoen. Obran, ni biluzi egiten naiz; eta, noski, umeek hori ikusi zutenean, tentsio ikaragarria sortu zen aretoan. Ni barnean nengoen; ikusle helduak kanpoan; eta umeak tartean. Edozein gauza gerta zitekeen une hartan, edozein tentsio mota sorteak beste. Jendeari begiratu eta jendeak zuri begiratzen dizu, parez pare. Halako komunikazioa sortzen da, eta kanpoaldearen eta barrualdearen kontzeptua jorratzen dut. Isabelek ere berdin egiten du bere piezarekin. Kanpoko eta barruko espazioak islatzen ditu.
Eta tentsio hori ona ala txarra da?
Ona da. Haurren erreakzioa ikusirik, ikusleak obran sartu ziren guztiz.
Beraz, bat egin duzue alor askotan, aurrez ezer hitzartu gabe?
Kontuan izan ingurunea elkarrekin banatu dugula. Eta horrek eragin handia du gure lanean. Gainera, nire lankideengan konfiantza osoa dut.
Eta zer da inozentzia?
Guretzat gogoeta puntua izan da. Borjak eta biok oso lan garbia egiteko beharra sentitu genuen. Eta inozentzia kontzeptuarekin hasi ginen lanean; bestela, zer dago inozentzia baino garbiagorik? Gero, gutako bakoitzak bere esanahi propioa jaso du.
Amorruaren, denboraren eta sentsualitatearen arteko nahasketa da inozentzia, zure esanetan.
Nire piezaren ikuspegia da hori. Denbora oso elementu garrantzitsua izan da nigan. Pieza atenporala egin nahi nuen, tentsio dramatikorik gabea. Inozentziaren gogoeta. Inozentziak batzuetan sortzen duen trantze une horretara heldu nahi nuen, hura eskuratu.
Nolatan lan hau? Izan ere, zure azken urteotako joera nagusietako bat inprobisazio lana izan da.
Orain artean, Borjak eta biok elkarrekin landutako lanek inprobisazioarekin zuten zerikusia, batik bat. Eta, beraz, oso kaotikoak ziren, zikinak. Horregatik justu kontrakoa egiteko beharra sentitu genuen: lan garbia, garena. Bestalde, aurten, Eusko Jaurlaritzak dirua eman dio Moareri ekoizpen handi bat egiteko Idoiak lan egiten duen beste konpainia. Martxoan aurkeztu behar dugu, eta, horretarako,jendearekin lan egin beharko dut. Hori egin aurretik etenaldia egin nahi nuen, eta neure burua kokatu. Nire barrenak baretu eta kokatu nahi nituen. Lasaitu.
Etapa berri batean zaude orduan?
Ez, ez. Baretzeko era bat izan da hau. Eta beste diziplinetara irekitzeko modua. Isabel Denaberan ezagutu nuen ikastaro batean. Artista bisuala da bera, eta bat-bateko maitemina izan zen gure artean sortutakoa. Nik ez nituen ezagutzen beste alor eta diziplinak; badut, ordea, haiek ezagutzeko irrika. Dantzaren eta beste arteen arteko lotura hori ezagutzeko gogoa dut. Isabelek duen diskurtsoa ez dut nik neure baitan. Horregatik, ikuspegia zabaltzeko modu bat izan da obra hau. Ikuspegi berria eta oso interesgarria, gainera.
Seine Saint-Denisko dantza topaketetan parte hartzeko gonbita jaso duzue. Pozik?
Jakina. Baina ez genuen espero, ahaztua geneukan. Pozik gaude, zera ikusi dugulako: batzuetan arriskatzea eta zintzo jokatzea merezi duela.
Emanaldi gehiago egingo dituzue, Frantziara joan artean?
Baietz uste dugu. Hala ere, obra berezia da. Ez luke edozein aretotan funtzionatuko. Areto txikietan eta ikusleak hurbil dauden areto horietarako egindako obra da. Dena dela, Isabelen lana horretan dabil. Antzeztuko dugun lekuaren egituraketa egingo du. Baina antzerki handiek ez dutela jokorik emango uste dut. Dena den, leku ezberdinak izan arren, kontzeptu berak landuko ditugu: kanpoa-barnea, akzioa-erreakzioa...
Ez da, ordea, hau zure proiektu bakarra. Martxoan beste bat aurkeztu behar duzu, Moare taldearekin.
Horrako hori ekoizpen handi bat izango da. Izan ere, Jaurlaritzak hura egiteko diru laguntza eman digu. Neuk zuzenduko dut obra, seguruenik, eta talde handia osatuko dugu: Mariaje Ariznabarreta, Borja Ramos, German eta Jorge Jauregi, besteak beste.Eta Isabel Denaberan ere tartean egongo da.
Gorputz hizkuntza ere zure-zurea da.
Gure gorputzaren kontzientzia osoa daukagu. Belarria non dagoen; zure belarriaren eta atzamarraren arteko erlazioa
Gorputzaren hizkuntza da. Izan ere, gizarte honetan gorputzaren hizkera mugatua dugu; adierazpen askatasuna murriztua du gorputzak. Baina gorputzak bere irudimen propioa du, bere hizkuntza, bere pentsaera eta bere egoera mentala. Eta ez dago kutsatuta gure burmuina egon daitekeen gisan.
Zure kabuz, ordea, inprobisazioa jorratu duzu batik bat azken urteotan.
Nik neuk dudan zaletasuna da inprobisazioa. Publikoarekiko sortzen den harreman hori eta arrisku hori asko gustatzen zait. Bat-bateko erantzun hori maite dut. Baina inprobisazioa oso arriskutsua da pieza moduan. Ongi irten daitekeelako, edo ez. Eta, orain artean, ardura handirik eduki ez dudanean egin dut soilik. Oso helburu pertsonala da. Izan ere, nire formazioa Dantza Berrian, Contact-inprobisazioan eta in-probisazio alorretan oinarrituta dago.
Zer da inprobisazioa ?
Teknika bat da. Eta hainbat baliabide ematen dizkit teknika horrek: espazioaren kontrola, besteekiko jolasa, erreakzioak... Baina, gero, teknika horrek ikusleekin kontaktua sortzen laguntzen dit. Agertokira irten, jendearen aurrean jarri, eta zera esan: «Beno, hemen gaude, eta ea zer gertatzen den. Eta gertatzen den hori gaur eta orain eta zuekin gertatuko da soilik. Momentua bizitzeko aukera ematen dit.
Zaila dirudi horrek. Carpe diem moduko bat esango nuke.
Inprobisatzaile ona izatea oso zaila da. Makina bat alor zaindu eta kontrolpean izan behar delako; inguruneak eskaini ditzakeen faktore horiek guztiak zaindu behar ditugulako. Baina, behin faktore guztiak kontrolatutakoan, fruituak demasak dira. Gertatzen ari den hori partekatzen ari zara ikusleekin, eta ikaragarria da. Ostera, gaizki irteten denean, porrota oso handia da. Dantzari gisa inprobisazioak ematen didan sentsazio hori ez dit beste ezerk eman. Baina badakit oso arriskutsua dela.
Eta horregatik da zaila inprobisazioan oinarritutako obrak merka tuan ikustea?
Ia-ia ezin da merkatura atera halako obrarik; arriskutsua delako, hain zuzen. Eta ez delako halako apusturik egiten. Bestalde, orokorrean, Euskal Herrian dantzarik ez dago. Ez dago instituzio ofizialetatik eskakizunik edo bultzadarik. Bestelako areto ez-ofizialek programatzen dituzte halakoak.
Zergatik da hori?
Ez dakit. Egia esan, ez diot oraindik erantzunik aurkitu. Zera esan dezaket: Euskal Herrian agente kulturalak falta direla.
Zu atzerrian izan zara. Bertan, dantzak izen ona du.
Hala da. Eta pena da, hemen harrobia egon badagoelako. Ari da jendea dantza munduan murgiltzen. Baina oinarri-oinarrizko lana egin behar da gurean. Ez dago irizpide kulturalik; dantza alorrean, behinik behin. Eta dantza kultura da, eta, beraz, behar publikoa ere bada. Eta, bestalde, merkatuan sartzeko apustua egin behar dela esango nuke neuk.
Idoia Zabaletak La puta inocencia obra estreinatu berri du, Bilboko La Fundicion aretoan. Borja Ramos musikariarekin batera egiten du lan obra horretan, eta Seine Saint Denisko nazioarteko dantza topaketetan parte hartzeko gonbidatu dituzte. Koreografo eta dantzari gasteiztarrak pozik hartu du berria.
Hiru lan, hiru ikuspegi, gai bakarra
Inozentziaren inguruko hainbat ikuspegi biltzen ditu La puta inocencia lanak; hiru artistak bildutako gogoetak dira. Partaideetako bat Isabel Denaberan artista bisuala da, eta obran parte hartzeko gonbidatu zuten Idoia Zabaletak eta Borja Ramosek. Espazioak eta aretoak egituratzeko lana egin du Denaberanek. La Fundicion aretoan obra aurkeztu zutenean, esaterako, aretoaren barnealdea eta kanpoaldea (patioa) batu zituen irudi berean. Saskibaloiko baloiak lurra jotzean egiten duen soinuak erritmoa jartzen zuen bitartean. «Kanpoaldea eta barrualdea lortzen ditu», dio Zabaletak. Borja Ramos musikaria da, eta haren lanak musika jarri dio obrari. «Oso kontzeptu garbia, ia-ia metafisikoa da inozentzia Borjarentzat. Lengoaiaren eta hitzaren aurretik zegoen inozen-tziaren bila aritu da», gehitu du koreografo gasteiztarrak. Idoia Zabaletak berak urruti ikusten du inozentzia. Norberak nahi duen hori egiteko. Nahi duzun hori egiteko aukera ematen dizun egoera gisa aurkeztu du; inozentzia. Egoera transzendentalenera hurbildu nahi izan du bere koreografiaren bitartez.
Eskuak bete proiektu
Biologia ikasi zuen Idoia Zabaletak, baina, berak, nonbait, bestelako natura bat jorratzeko bideari ekin zion: gorputzaren adierazpen naturalari, hain zuzen. Dantza munduari heldu ostean, etengabe ekin dio koreografo eta dantzari gasteiztarrak. Dantza Berria korronteko ikasketak egin ditu hainbat maisurekin: Julyen Hamilton, Alessandro Certini, Charlotte Zerbey, Katie Duck eta David Zambranorekin, besteak beste. Atzerrian egin zituen ikasketak, Amsterdanen, Dantza Berriaren Garapen Eskolan (SNDO). Bartzelonan, Mal Pelo konpainian ere jardun zuen. Dena dela, inprobisazioaren alorra landu du berak batik bat; gorputz hizkuntzaren bitartez, bat-batean, momentuan esan daitekeen hori adierazteko bidea landu du. Eta bide horretan mugimendu intimoenen bila aritu da. Ez da hori, ordea, haren jardun bakarra. Egun, Moare dantza eta lengoien asoziazioa taldean ari da. Azken urteotan taularatu dituen lanetako gehienak Moarekin aurkeztu ditu: Conversaciones (1990), Runas (1992) eta Motz (2000) besteak beste. Datorren martxoan, beste ekoizpen berri bat aurkeztuko dute taldearekin batera. Bestalde, maiatzean, Seine Saint-Denisen La puta inocencia aurkeztu beharko dute, bertako nazioarteko topaketetan; aspaldiko partez, Euskal Herriko koreografo bat izango da bertan.
Dokumentuaren akzioak