Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Inprobisazioa da klakearen gauzarik onena eta dantza ezberdin egiten duena»

Dokumentuaren akzioak

«Inprobisazioa da klakearen gauzarik onena eta dantza ezberdin egiten duena»

Guillem Alonso Klake dantzaria

Egilea
Aizpea Amas
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Elkarrizketa
Data
2008/06/29

Guillem Alonso (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1973) klakea dantzatzen telebistan hasi zen ikusten, eta orain bere konpainiekin mundu osoan zehar dantza egin eta klakea erakusten du. Gaur Errenterian (Gipuzkoa) izango da Barcelona Rythm Tap taldearekin, Niessen kulturgunean, 20:00etan.

Nola hasi zinen klakea dantzatzen?

Umetan, 8 bat urterekin, telebistan hasi nintzen klakea ikusten, pelikuletan. Amak musika eskola bat zuen, eta han klakea zekien saxo irakasle bat zegoen. Oso dibertigarria iruditu zitzaidan, eta izena eman nuen klake ikastaroetan. 17 urte nituen arte aritu nintzen ikasten, eta ondoren, New Yorkera joan nintzen klakea ikastera. Horrez gain, beste diziplina batzuk ikasi nituen, baina klaklearen osagarri gisa. AEBetan bost urte inguru pasa nituen klaklea lantzen zuten jazz konpainia batzuetan lanean. Bertan hondarraren gaineko dantza ikasi nuen. Handik berriz ere Bartzelonara bueltatu nintzen, eta dantza konpainia batzuk sortu nituen, tartean gaur Errenterian arituko den Barcelona Rhythm Tap.

Zergatik aukeratu zenuen klakea, eta ez tangoa, esaterako?

Nik uste dut erritmo kontua dela. Oinekin soinua egiteak grazia egiten zidan. Nik ez nuen dantzari izateko asmorik; bai, ordea, musikari, musika oso gertu nuelako. Era berean, musikariek eserita jotzen dute, eta klakeak musika adierazteko aukera ematen dizu, baina dantzatuz. Klakearen alderdirik onena, eta ezberdin egiten duena, inprobisazioa da, inprobisazio asko gainera. Oso dantza askea da, eta ez ditu arauak zehatz-mehatz bete behar. Flamenkoak, esaterako, egitura, esanahi eta gorputz adierazkorra eskatzen du. Klakearekin, berriz, teknika bat badago, baina hainbat modutan aplika zenezake, bakoitza bere estiloarekin.

Teknika asko dituen estiloa al da klakea?

Klakearen teknika oso korapilatsua da. Teknika librea oinarrian izanik, aldaera asko daude, eta dantzatzeko hainbat modu eta teknika daude. Diotenez, klake dantzari osoa izatea beste diziplina bateko dantzari osoa izatea baino zailagoa da. Izan ere, teknika, gorputza, musikaltasuna, eta adierazpena kontrolatu behar ditu dantzariak.

Nola erantzuten du jendeak? Ez al zaio klakea arraroa egiten?

Arraroa ez, ezezaguna esango nuke. Baina ikus-entzuleei grazia egiten die klake ikuskizunak, joko bat delako oinekin soinuak ateratzea. Zerbait bitxi eta dibertigarritzat daukate. Hala ere, gero eta klake talde gehiago daude, eta horri esker, ikus-entzuleak ohitzen ari dira klake ikuskizunetara joaten.

Zer moduz zabiltzate Barcelona Rythm Tap taldearekin?

Hamar urte gabiltza elkarrekin. Ikuskizun alai eta freskoa dugu, eta beti publikoaren erantzuna oso ona izaten da. Ikuskizuna oso alaia da, eta musikak ere asko egiten du, jazz musika delako.

Zer da hondar gaineko dantza?

XIX. mendean sortu zen dantza da, ia galtzear zegoen dantza mota bat. Duela hamar bat urte horretan espezializatutako azken dantzariak hil ziren. Nik horietako bat ezagutu nuen New Yorken, eta garatu egin dut. Oso gauza bitxia da.

Dokumentuaren akzioak