Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Inauste garaia da inauteria, eta intsektua, mozorroa»

Dokumentuaren akzioak

«Inauste garaia da inauteria, eta intsektua, mozorroa»

Juan Antonio Urbeltz Antropologoa eta folklorista

Egilea
Alazne Iturriotz
Komunikabidea
Zabalik
Mota
Elkarrizketa
Data
2001/01/27

– Etimologian arakatu duzu zuk ere inauteriaren esanahia interpretatzeko orduan.

– Hemen beti ibili gara carnaval (carne levare) latinezko hitzak zer esan nahi duen jakin nahian. Eta hitz horren inguruan moldatu ditugu inauteriaren inguruko gure ideiak. Caro Barojak, Lekuonak eta bestek, Azkuek aratuste hitzaz esandakoa bereganatzen dute: haragi ustel. Baina ez dute aipatzen euskarazko beste hitza, eta inauteri hitz horretan ez da haragia inondik azaltzen. Nire interpretazio edo aurkikuntzarekin, bi hitzak armonizatzen dira ideia bakarraren inguruan. Inauste hitzetik etorriko litzateke inauteri, eta aratuste, haraztui hitzetik. Azkueren hiztegian dator haraztui ere, baina Azkuek ez du aratustearekin lotzen, eta badu zerikusia: inausitako arbolak landatzea da. Bi hitzak, bai inauteri bai aratuste, inauste garaiari lotuta daude. Euskarazko hitzek duten zentzua ikertu dut nik.

– Azal iezaguzu zein den zure tesia.

– Inauteri garaian gure baserritarrek zuhaitzak mozten dituzte; udaberrira begira prestatzen dituzte, udazkenean fruituak hartzeko. Inausketa garai honetan intsektu edo zomorrorik ez dago, larbatuta izaten direlako, eta gizartea da zomorroaren bitartez intsektizatzen dena. Mozorroa jartzea ez da mozorrotzea bakarrik, baizik eta intsektu bihurtzea. Inauterian, zomorro edo mozorroak intsektuak dira.

– Zergatik bilakatzen gara intsektu? Zertarako mozorrotzen gara?

– Inauterietan umeak mozorrotuta badatozkit hamarrena eskatzera, dirua, ardoa edota arrautzak emango dizkiet. Horrek esan nahi du nik intsektuei pagatu diedala hamarrena. Hortaz, udaberrian eta udan ezingo dute etorri, izurrite forman, aurretik jasoa dutena kobratzera. Izurrite eta gaitzak uxatzeko konjuruak dira. Ideia hauek jorratzen hasi eta gauza oso interesgarriak topatu ditut.

– Esate baterako?

– Zuberoako Zamalzain edo Lantzeko Zaldiko ez dira zaldiak. Nire ustez, zaldi horiek, baita Europako inauterietan azaltzen diren beste zaldiak ere, matxinsaltoak dira. Matxinsaltoen izurritea ezkutatzen duten metaforak dira. Hori Itun Zaharrean azaltzen da, baita Joelen liburuan eta San Juanen Apokalipsian ere: ‘Gerra-zaldiak bailiran datoz otiak, armada bezain diziplinatuak...’ Bestalde, Lantzeko Miel-Otxin gosea da, gosearen imajina, erraldoi asegaitz guztiak bezala.

– Hortaz, antzinako munduan inauteria ez zen alegrantzia garai hutsa...

– Ez. Erdi Aroko gizakiaren ardura eta kezka nagusien forma nekazal-dramatikoa da. Kezka nagusi zituzten izurriteak (euli, ezpara, matxinsaltoen eta abarren izurriteak) eta azaleko gaitzak (legenemea, hazteria...). Sanjuanetan ere agertzen da hazteria.

– Inauteriek eta San Juanek elkarrekin zerikusi zuzenik badute?

– Festa hauek simetrikoak dira. Inauterietan intsekturik ez dago, eta ordezkatu egiten ditugu. Baina konjuru horiek eginagatik, maiatzean eta ekainean intsektu arriskutsuak hor izaten dira, eta San Juango jaietan, suteetako keak uxatzen ditu zomorro eta ezpara lainoak.

Dokumentuaren akzioak