Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Ikuslearen alde itsusia eta arrazista ateratzeko agertzen naiz barregarri»

Dokumentuaren akzioak

«Ikuslearen alde itsusia eta arrazista ateratzeko agertzen naiz barregarri»

Colin Poole, Dantzari eta koreografoa

Egilea
Edu Lartzanguren
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2008/04/26

Dantzariaren eta ikuslearen arteko harremana lantzen duzu zure lanetan. Zertarako?

Bion arteko harremana interesatzen zait, ez zait interesatzen nire bizitza eta ikuslearen bizitza eta nola heltzen garen elkar ezberdin ikustera. Gaiak jartzen ditut oholtzaren gainean, ikusleentzat hausnarketarako gai izan daitezen. Sentimendu gogorrak esploratzen ditut, erreakzioak probokatzeko.

Probokazioa aipatu duzu. Zure ikusle askok esaten dute deseroso sentitzen direla parean gizon beltz handi bat biluzik dantzatzen eta tigrearena egiten ikusten dutenean. Zer bilatzen duzu horrekin?

Beharbada, pixka bat muturrekoak izatera heltzen dira nire lanak. Neure burua era groteskoan, barregarrian, aurkezten dut. Irudi arrazista edo iraingarria ematen dudala pentsatuz gero, orduan irudi horrekin dugun harremana berriz pentsatu beharko dugu. Politikoki zuzena den giro batean, gauza batzuk ezabatu nahi izaten ditugu, problematikoak direlako. Arazoak sortu nahi dizkiot ikusleari, bere alde itsusia eta arrazista agerraraziz, pentsaraziz, «hara, nik ere baditut ideia horiek».

Groteskoaren eta itsusiaren estetika erabiltzea tabuak apurtzeko teknika eraginkorra da?

Gauzak eroso eta normal bihurtzeko joera dugu, horrela ez dizkiogu galderak egin behar geure buruari. Niretzat gauzak muturrera eramatea gaiak azaleratzeko aukera da. Edonola ere, dantza estetikoki eta bisualki kitzikagarria izatea nahi dut. Joyride-n botereaz mintzo naiz, jendeak boterea nola lortzen duen eta boteretsu nola bihurtzen den aztertzen dut. Neure burua biluzik aurkezten dut ikuslearen aurrean, defentsarik gabe, baina, aldi berean, erronka botatzen diot eta bera jartzen da urduri.

Paradoxa da, eta arrazaren gaia ere agertzen da paradoxa horretan.

Beltz gisa, gutxiengo bateko kidea naiz, eta interes handia dut gizarteratzean eta berdintasunean. Zer da berdintasuna niretzat? The box office lanean, kutxarekin egiten dut lan: erakundeen gizarteratze politikak jendea arrazaren arabera edo elbarritasunaren arabera sailkatzeko duen kutxa, alde batetik. Beltzentzako produktuekin desberdintasun horretatik ateratako diruaren kutxa, bestetik. Kutxa muga da, baina baita aukera ere. Ni artista beltza izatea artista izatearen aurretik dator.

Urduri jarriko dituzu Bilboko ikusleak ere?

Lanak Londreserako balio zuela uste nuen, baina Zipren aurkeztu nuen eta erreakzio handia eragin zuen. Espero dut hemen ere gogoeta probokatzea.

 

 

Dantza. 'Joyride' eta 'The Box Office', Colin Poolen koreografiak.
Non: Fundicion aretoan, Bilbon.
Noiz: Gaur eta bihar, 20:30ean.

Dokumentuaren akzioak