Dokumentuaren akzioak
«Ikasleengan dantzaren pasioa barneratzen saiatzen naiz»
Mentxu Medel
Dantza akademiako hormak ikasleen eta ikasle izandakoen argazkiz josiak ditu. Harrigarria da Urtzi Aranburu, Lucia Lakarra edo Jone San Martin gaztetxo zireneko irudiak ikustea, orain non dabiltzan kontuan hartuta. Estudio horretako hormei dantza darie. Mentxu Medelek jarritako pasio guztia igartzen da.
Azken 25 urteak Thalia dantza eskolari eman dizkiozu. Hala ere, aurretik zer ibilbide egin zenuen dantzan?
Donostiako Kontserbatorioan ikasi nuen, Peter Brownekin, eta ondoren Donostian sortu zen Anexa konpainian sartu nintzen. Oso esperientzia polita izan zen hura. Dantza garaikideko lehenetariko konpainia izan zen, eta teknika berri bat lantzeko aukera eman zidan. Gero, Bartzelonara joan ginen lanera, eta bertatik Espainia osoan egiten genituen birak. Anexaren ondoren, Madrilen egin nituen ikasketak Parisen amaitu nituen, eta handik Donostiara itzuli nintzen.
1981ean sortu zenuen Thalia. Zer testuingurutan?
Thalia baino lehen, bost urtez, oso proiektu interesgarri batean jardun nintzen. Rafael Ruiz Balerdirekin batera, zenbait ikastetxetan margoa, dantza eta musika erakusten genuen. Izan ere, beti pentsatu dut artea eskoletan ikasi behar dela. Gero, Thalia Gros auzoan sortu zen, eta bertan dantza eskolarik ez zegoenez ilara luzea izan nuen hasieratik. Kasualitatez, ilarako lehen emakumea Urtzi Aranbururen ama zen.
Teknika erakusteaz gain, ikasleei zer balio erakusten diezu?
Pasioa barneratzen saiatzen naiz. Nik eskola guztiak pasio handiz ematen ditut, eta haiek hori barneratzea nahi dut. Niri izugarri gustatzen zait dantzatzea, baina ez dut dantza askorik egiteko aukera izan; pena hori dut. Agian, horrek berak ematen dit indar hori. Nola ez, dantza gogorra dela erakutsi behar diet, baina batez ere lan garbi bat egiten. Teknika lantzen, dantzari izateko zer bide jarraitu behar den... Normalean, ikasleak ikastaroetara, emanaldietara eta halakoetara eramaten ditut. Eta ikasle bereziren bat baldin badago, harekin egiten dut behar duen bide guztia.
Sarri egokituko zitzaizun gaztetxo bat kanpora joatera aholkatzea, gurasoekin hitz egitea. Nolakoa da egoera hori?
Zaila, zeren batetik ikaslearen ilusioa dago, eta bestetik gurasoak. Zuk eskaintzen diozuna da lan handia, kanpora joan beharra, etxea uztea... Baina ezin diozu etorkizun bat ziurtatu. Horregatik, nik beti urtebeteko proba egitera aholkatzen dut, ikasleek benetako errealitatea ezagut dezaten eta horren arabera erabaki bat har dezaten. Gainera, egoera gero eta zailagoa da. Mutilak berehala animatzen ditut, gutxi baitaude, baina nesken kasuan zailagoa da. Lehen urtean ikasle bati gomendatzen nion Madrilera edo Bartzelonara joatea, orain bizpahiru urte daramatzat inori hakorik gomendatu gabe.
Zurea akademia pribatua da. Ez litzateke logikoagoa izango etorkizuneko dantzariak hezkuntza publikotik ateratzea?
Urte hauetan guztietan horretan saiatzen ari gara, baina ikusten duzu ez dugula ezer lortu. Dantza ikasle batek titulu bat, ikasi ahal izateko eskola bat... izan beharko luke eta ez dago. Tristea da benetan.
Munduko konpainia handi ia guztietan daude euskal dantzariak. Beti esaten da euskal dantzariak baduela zerbait. Iritzi horretakoa zara?
Bai, esan horretan benetako zerbait badagoela uste dut. Lehengoan Jone San Martinek esaten zidan William Forsythe bera dantzari euskaldunen bila zebilela. Fisikoki indartsuak gara, jauzi handiak ditugu, baina horrez gain badugu berezko izaera. Ez da kasualitatea horrenbeste dantzari on egotea. Badugu zerbait berezia, eta hemengo dantzek zerikusia dute horretan.
Ikasle izandakoek urtarrileko galan parte hartzea berezia izango da zuretzat ere, ezta?
Bai, ilusio handia dut. Kanpoan diren ikasleekin oso harreman ona dut oraindik ere, askotan deitzen didate, haiek ikustera joaten naiz... Kontent nago guztiak etortzeko irrikaz daudelako.
Jaialdiko dirua Boliviako haurrentzat izango da. Nolatan?
Aspalditik ezagutzen dugu Ramon Gurrutxaga, batez ere Lucia Lakarraren osaba delako, eta hark boluntario gisa lan handia egiten du Boliviako haurrekin. Esan zigun beraien hurrengo egitasmoa gazteek lanbide ikas dezaten etxe bat eraikitzea zela, eta pentsatu genuen bildutako dirua bertara bidaltzea izango zela onena.
Dantzari parte-hartzaileak: Jone San Martin, Urtzi Aranburu, Lucia Lakarra, Iker Murillo, Eneko Alcaraz, Amaia Dorronsoro, Katixa Perea, Larraitz Ugartemendia, Adaya Martinez, Irma Hoffren, Jon Vallejo, Asier Edeso, Jon Agirretxe eta Aukeran konpainia.
Dantzari gonbidatuak: Fabrize Mazliah, Cyril Pierre eta Yen Han.
Noiz eta non: 2006ko urtarrilaren 4an, Donostiako Kursaalean.
Dokumentuaren akzioak