Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Abiatu da txotx denboraldia, uzta txikia baina zapore gehiagorekin

Dokumentuaren akzioak

Abiatu da txotx denboraldia, uzta txikia baina zapore gehiagorekin

Aitziber Garmendia eta Jon Plazaolak probatu dute aurtengo lehen sagardo tragoa: «Freskoa eta gozoa» dela esan dute. Asteazken goizean egin da Sagardoetxeko ohiko ekitaldia, eta Alorrenea sagardotegian egin dute txotx.
Egilea
Iraitz Mateo
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Astigarraga
Mota
Albistea
Data
2023/01/11
Lotura
Naiz

Aitziber Garmendia eta Jon Plazola txotx irekieran

Aitziber Garmendia eta Jon Plazola txotx irekieran (Jon Urbe | FOKU)

XXX. Sagardo Berriaren egunarekin ireki da aurtengo txotx denboraldia, sagarraren uzta espero baino txikiagoa izan bada ere, sagardoaren zaporea handiagoa izango da, «kontzentratuagoa». Astigarragako Sagardoetxean egin dute goizean hasiera ekitaldia bertako sagardogileek, Astigarragako alkateak eta Gipuzkoako Aldundiko zein Lakuako ordezkariek lagunduta. Protagonistak Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola izan dira, beraiek edan baitute aurtengo sagardoaren lehen tragoa. Bi urtez murrizketekin ibili ostean, sagardozaleak berriro ere kupeltegian elkartzeko aukera izango dute denboraldi honetan.

Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola arduratu dira lehen sagardo tragoa probatzeaz, eta horretarako «ohorea» izateak «ilusioa» sortu diela aitortu dute. «Guk azken emaitzan parte hartzen badugu ere, atzetik dagoen lan guztia ikustekoa eta eskertzekoa da», adierazi du Plazaolak, sagardogileei aitortza eginez. Beraiengain hain ohikoa eta naturala den umoreari eutsi diote ekitaldian ere, Garmendiak «ezer gutxi» badakite ere «asko» gustatzen zaiela azaldu du. Eta Plazaolak adituek emandako datuak eskertu ditu, «kuadrilakoekin sagardotegira etortzean ongi geratzeko balioko digute».

Jon Zapiainek azaldu ditu aurtengo sagardoaren ezaugarri nagusiak: kolore ilunxeagoa, tanino gehiago eta ondorioz gorputz gehiago. Aurtengo sagar uzta urria izan dela azaldu du Zapiainek, eta bi faktore nabarmendu ditu horretarako: udaberri eta udako lehortea, eta bi urterik behin tokatzen den uzta txikia. Sagar gutxiago izateak, batetik, sagar horiekin egindako sagardoak zapore gehiago izatea dakar. Eta, bestetik, denboran egonkorragoak izatea. Azken urteetan sumatu duten joera da hau, klima aldaketaren eraginez; urterik urte zailtzen joango da gainera, Zapiaingo sagardogilearen ustez. Azpimarratu duenez, sagar barietate handia egon da eta oso sagardo ezberdinak probatzeko aukera izango da, ondorioz. «Kupel bakoitza mundu bat da, erreparatu kupel bakoitzeko sagardoari, berezia izango baita», eman du abisua.

Maider Lopetegi Euskal Sagardoa izendapenaren ordezkariak uztaren berri eman du: Euskal Sagardoa egiteko sagardiak egiten dituztenek 250 sagardi izan dituzte aurten, eta gustara 500 hektarea erabili dituzte, 2022an bi milioi sagar bildu dituzte eta 1,2 milioi litro Euskal Sagardo atera dituzte bertatik. Erronka baten berri eman du: datozen urteetan uzta orekatua sortzea. Horretarako beharrezko azpiegitura zein teknikak hobetuz, ureztapena esate baterako.

 

Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola sagarrondoa landatzen
Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola sagarrondoa landatzen 


Abiatu da festa

Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak eman dio hasiera ekitaldiari, gonbidatu guztiei herriaren izenean ongi etorria emanez. «Egun handia eta denboraldi polita» dela baieztatu du, nahiz eta urte osoko prozesua den polita astigarragarrentzat. Sagardotegi boladan datozenei bi mezu igorri nahi izan dizkie: gozatzeko eta errespetuz jokatzeko. «Gozatu sagardoaz, gozatu jakiez, gozatu giroaz. Baina errespetuz jokatu, errespetatu herria eta herritarrak, eta ez dugu inolako erasorik onartuko».

Garmendiak eta Plazaolak Sagardoetxearen goialdian sagarrondo bat landatu dute, umoretsu hori ere. Plazaolak esan du zuhaitza landatzea hondartzan sonbrilla jartzea bezalakoa izan dela, eta Garmendiak berriz bera bezalakoa aterako dela «txikia eta azidoa». Agin Laburu eta Alaia Martin aritu dira jarraian kantuan, «hurrengo urteko poza» izango denari begira.

Alorrenean egin da aurtengo lehen txotxa. Txalaparta hotsak abiatu eta dantzariak sartu dira, bakoitzak esku banatan sagar bana zeukala, eta sagar dantza dantzatu dute bi protagonisten aurrean. Ondoren, soka dantza egin, eta txotx egin dute. «Gure sagardo berria» oihukatu da aurtengoan ere, eta urtero bezala, horrekin bat ireki da denboraldia. Bertaratutakoek kupeletik edateko aukera izan dute; Plazaolak «freskoa eta gozoa» dela esan du. 

Txotx denboraldi irekieran, dantzariak Alorrenean
Txotx denboraldi irekieran, dantzariak Alorrenean
 

Elkarlana indartuz
Goizean Sagardoetxean egin den ekitaldian Bittor Orozek hartu du parte, Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak. «Batasunean» lan egitea azpimarratu du, izan ere produktu berriak ateratzea, turismoa, nekazaritza eta merkaturatzea bultzatea «elkarrekin» egin behar direla esan du. «Bertako produktuak bultzatu behar ditugu, horretarako prezio duina jarri behar diegu, baserritarren lan eskerga horrela ere baloratuz».

Javier Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak ere elkarlana aipatu du, eta sagardotegiak euskal kulturaren parte direnez, turismoarekin batera elkarlanean eraikitako bideak azpimarratu ditu. Batez ere ezagutzaren, ikerketaren eta esperimentazioan indar gehiago jarri behar dela uste du, eta Aldundiak norantza horretan laguntzen jarraituko duela esan.             

Dokumentuaren akzioak