Dokumentuaren akzioak
Abiadura bizian
Maitaldia jaialdia
Abiadura bizia hartu du Miarritzeko dantza jaialdiak, eta lehen
asteburuan izandako emanaldien artean nabarmenetako bi komentatuko
ditugu. Larunbat arratsaldean energiaz beteriko ikuskizun bat eskaini
zigun Bretainiako Tango Sumo konpainiak Kasino aurreko zabalgunean,
zoroetxe bateko bost ohe zahar bertikalki jarrita zeudela bost
dantzarien atzean. Matalazak eta zoroen arropa oihal berarekin eginak
ziren, eta gaixoek eslaviar itxurako hizkuntza asmatu batean hitz egiten
zuten, ekialdeko gerra ahantzien kalteak subliminalki gogoratuz.
Tartean,
eta beren itzelezko prestakuntza fisikoa lagun, arrisku handiko ariketa
akrobatikoetan murgildu ziren dantzariak, beren irudimenezko lengoaian
elkarrekin komunikatzen, oheak norabide guztietan mugituz eta
zirku-jauzietarako baliatuz, giltza mekanikoekin eta oheetako
barroteekin musika eginez eta, beste ezeren gainetik, itzelezko
umorearekin aztertuz giza zoramenaren sakoneko zioak.
Igandeko ilunabarrean, berriz, Miarritzeko balletak gertakizun artistiko ukaezina eman zuen Paueko orkestra sinfonikoarekin, Lucifer
piezaren erabateko estreinaldian. Guillaume Connessonek sortu du estilo
garaikideko musika sinfonikoa eta harekin batera doan libretoa, naturaz
gaindiko izakiek mortalokin izandako harremanetatik jasan dezaketen
zigorraren mitoa eraldatuz. Thierry Malandain, aldiz, garai bateko
ballet programatikoen ildotik ibili da, dantzariekin eginez hain
gustukoak dituen banaketa geometrikoak eta eskertzeko moduko
berrikuntzak tartekatuz jantzien diseinuan eta mugimenduaren
planteamenduan. Arlo horretan aipatzekoak dira deabruen irudikerien
antzeko giza desegituratzeak eta orkestrak gidaturiko frenesi nahiz
poesiazko pasarteak.
Bigarren saioan L'amour sorcier
etorri zen, eta Manuel de Fallak berak egindako moldaketan bezala,
mezzo-soprano batek abestu zituen hiru kanta, cantaora baten rolean.
Malandainek ondo jaso du ijito giroko oda pasionatua, narratibotasun
hutsetik ihesi eta partituraren lirismoa era sinbolikoan irudikatuz,
baina bikote protagonistaren itxurazko biluztasunak kontraesan estetiko
nabarmena sortu zuen planteamendu orokorraren fineziarekin, batez ere
kontuan izanda Lucifer-en ere erabilia zuela errekurtso bera.
Azken zatian, hainbatetan ikusitako Bolero
eskaini zen. Ravelen musikan oinarrituriko pieza arrakasta segurukoa
da, etengabe gorantz doan kemena dela medio, baina dantzarien taldean
afinazio arazoak izan ziren eta horrek baimena eman zigun hari tresnen
erabilera bereziaz eta haize instrumentuen txandakatzeaz plazer handiz
gozatzeko.
Dokumentuaren akzioak