Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Holandan, dantza ikusgarriak oso herrikoiak izaten dira»

Dokumentuaren akzioak

«Holandan, dantza ikusgarriak oso herrikoiak izaten dira»

Jaione ZABALA Holandako Het Nationale Ballet-eko dantzaria

Komunikabidea
Gara
Mota
Elkarrizketa
Data
2003/09/19

Euskal Herriko dantzari klasiko gehienak bezala, Jaione Zabala atzerrian ari da lanean. Hain zuzen ere, Holanda, frantziar Estatuan, Alemanian eta beste hainbat herritan dantza klasikoan dagoen maila nabarmendu zuen. Holandako Het Nationale Balletean 80 dantzari aritzen dira eta horrenbestez, elkarren artean aberastasun handia lortzen dutela esan zuen. ­Egitarau berezia eskainiko duzue Biarritzeko Maitaldia jaialdian. Hego Ameriketako kutsua daukaten ikusgarriak agertuko dituzue. Hautua izan da?

Hona heldu ginenez, denek gustuko izango luketen egitaraua eskaintzea pentsatu du zuzendariak. Amsterdamen, azken garai hauetan 1881ean sortu zen Marius Petipa koreografoaren "Paquita" dantza, Annabel Lopez de Ochoa koreografoaren "Solitaire" eta azkenik, "Carmen" lantzen aritu gara. Solitaire Balletan dantza garaikidea lantzen genuela ikusita, azken horren ordez, Hans Van Manen koreografoaren "5 Tango" eman dugu. Hona etortzeko programa apur bat aldatu dugu.

-Euskal Herrian hasi zinen dantza klasikoarekin eta orain Holandan zaude...

Lehenik Ion Beitian hasi nintzen gaur egun atzerrian diren beste hainbat dantzarirekin, esate baterako, Monika Zamora, Frankfurteko Balleteko Ander Zabala eta Monte-Carloko konpainiako Asierrekin. Ondotik, Ballet de Euskadiren eskolan sartu nintzen eta bertatik konpainiara joan nintzen. Horrelako gauzetan gertatzen den bezala, gazte nintzenean gustura nengoen konpainia horretan, baina, gorengo mailetara iristean beti gauza bera lantzen genuela iruditu zitzaidan. Beraz, konpainia handiago batera joan behar izan nuen. Amsterdamera iritsi aurretik Ingalaterran izan nintzen, baina beti nahi izan nuen Amsterdamera joatea. Beraz, azkenean Amsterdamera joatea erabaki nuen. Lau egunez egin nituen probak, eta azkenean hartu ninduten.

-Aipatzen zenituen zurekin Ion Beitian hasi zirenak. Orain denak atzerrian zaudete...

Bai. Dantzari asko kanpora joan ziren eta beraz maila asko jaitsi zen. Konpainia horretan, urte bete egin nuen nik, alde egin behar nuela pentsatu nuen, baina sobera gaztea nintzen. Dantzan egonik beti daukazu kanpoan zer egiten duten ikusteko gogoa, eta horrek aberastasun handia ekartzen du.

-Holandan dantzarekiko duten lotura ezberdina al da?

Ikusleak oso ezberdinak dira. Holandan, usaia handiagoa daukate dantza ikusgarriak ikustera joateko. Ez Holandan bakarrik, Alemania eta Frantziar Estatuan ere gauza bera gertatzen da. Aste burua edo laneguna izan, Amsterdamen aretoak beti beteta. Hemen, aste buruetan joaten dira ikusgarriak ikustera. Beraz, Europa Iparraldean dantzak daukan arrakasta horri esker diru gehiago ematen diete konpainiei.

-Het Nationale Ballet da Europako dantza klasikoko konpainiarik handiena da...

Bai 80 bat dantzari gaude, eta Biarritzeko Maitaldia jaialdira 60 bat etorri gara. Oso maila oneko dantzariak biltzen ditu, eta nazioarteko hainbat herritatik datoz. Beraz, niretzako oso aberasgarria da. Amsterdam oso ezberdina da ezagutu ditudan gainerako herrialdeekin alderatuta. Atzerriko dantzari asko aritzen gara. Nahaste hori polita izaten da oso estilo ezberdinak izaten baitira. Dantzatzen duen dantzariaren arabera, programa oso ezberdina izaten da, eta hori oso aberasgarria da.

Dokumentuaren akzioak