Dokumentuaren akzioak
«Herritarren aurrean aritzeak guztiok urduritzen gaitu»
Nagore Lekuona Astigar dantza taldeko kidea
Zer ikusi ahal izango dugu gaur arratsaldean egingo duzuen emanaldian?
Laurogei bat dantzari izango gara, beste hamabost bat musikari, eta dantzak mota guztietakoak. Ohiko agurrarekin hasiko gara, eta gero ezpata-dantza, zinta-dantzak eta sega-dantzak dantzatuko dira. Mutilek Lesaka eta Bizkaia egingo dituzte, polkak ere egingo ditugu... Eta bukaeran, Ingurutxoa. Aurten, erdiko gure taldean 10-11 urte dituzten neska-mutilek osatuko dute. Hori izango da aurtengo ekitaldia bukatuko duen dantza. Aurten bereziki indarra haiei emango diegu.
Saioaren amaiera beti izaten da berezia?
Bai, gehienetan bai. Normalean, talde helduak egiten du azken dantza. Indar handiena duen dantza eurek egiten dute, eta horrekin bukatzen dugu. Duela bi urte, hogeita bosgarren urteurreneko emanaldian, taldea sortu zuten dantzariek egin zuten, baina ez azken dantza soilik, baizik eta ikusgarri osoa. Taldeko haur txikiekin batera aritu ziren. Aurten, haurren Ingurutxoa izanen da berrikuntza nagusia. Duela zenbait urte egiten zen, baina gero utzi egin zitzaion, mutilik ez zegoelako. Aurten berriz helduko diogu.
Zer dela-eta aukeratu duzue haurren talde hori Ingurutxoa egiteko?
Indarrean daude, hiru bat urte daramatzate jadanik dantzan, eta oso ongi ari dira. Mutilak oso gutxi izaten dira beti, eta talde honetan badago mutiko talde on bat. Nesken taldea ere oso ongi ari da, eta biak elkartuta osatu dugu Ingurutxoa dantzatuko duen taldea.
Arratsaldeko emanaldiaz gain, gauean larrain-dantza herrikoia egiten duzue aurten ere.
Hori gauean egingo dugu. Aspaldi geneukan asmoa; zerbait herrikoia egin nahi genuen, jendeak parte har zezan. Taldean bazen jendea dantza hori egin nahi zuena, eta besterik gabe hasi ginen. Duela hiru urte hasi ginen larrain-dantza gauean egiten, eta oso ongi irten zen. Jendeak bikain erantzuten du, eta lagun dezente biltzen da dantzan egitera. Gu tartean sartzen gara, eta dantza ez dakitenak ere aritzen dira. Dakitenak ere izaten dira, baina edonor saiatu daiteke.
Urtean zehar ere egiten duzue bestelako ikusgarririk?
Urtero egiten genuen Lantzeko inauterietan. Aurten betikoa zela eta, aldatu nahi izan dugu. Herriak dantza taldean parte hartzea gustatzen zaigu, hori asko lantzen dugun gauza da. Iruditu zitzaigun bazegoela inauterietan elementu bat, Inude eta Artzainak, jendeak asko parte har zezakeena, eta herri antzezlan bat egin zitekeela.
Horretarako, Lezoko dantza taldearekin harremanetan jarri ginen. BHaiek dantza erakutsi ziguten; primeran portatu dira gurekin. Jantziak ere utzi zizkiguten, ehundik gora. Jaso genituenean, herrian deialdia egin genuen, nahi zuen jende guztia etor zedila gure lokalera jantziak probatzera. Harrigarri aizan zen guretzat, jantzi guztiak bete baikenituen, jende ugari etorri baitzen. Oso polita atera zen, eta herritarrak gogoz geratu ziren. Datorren urtean berriro egiteko asmoa dugu.
Santiago eguna modu berezian bizi al duzue taldeko kideek?
Lehen, goizean goiz desfile bat egiten genuen herri guztian zehar, eta arratsaldean, dantza emanaldia egiten genuen. Guretzat berezia da, baina uste dut herri guztiarentzat izaten dela berezia.
Gu goizean dekoratua prestatzen eta trasteak eramaten aritzen gara. Nahiko urduri igarotzen dugu egun hori. Jendeak ez du usteko, baina jendea urduritzen da. Urte guztian aritzen gara, baina egun berezia da, bai. Herritarren aurrean aritzeak guztiok asaldatzen gaitu.
Dokumentuaren akzioak