Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Hemengo jendea ez dago ohituta dantza ikustera»

Dokumentuaren akzioak

«Hemengo jendea ez dago ohituta dantza ikustera»

Natalia Monge, dantzaria eta organik taldeko kidea

Egilea
Estibalitz Ezkerra
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Bilbo
Mota
Elkarrizketa
Data
2002/08/08

Heziketa fisikoan lizentziaduna, gimnasia erritmikoko entrenatzaile eta epaile, etorkizun oparoko dantzaria... Geldiezina da Natalia Monge (Getxo, 1972). Protagonizatu duen azken abenturak Organik du izena. Bertan aspalditik berarekin dabiltzan Matxalen Bilbao, Natxo Montero eta Jon Urraza bildu ditu, eta dagoeneko hasi dira lanean. Hain zuzen, bihar taldeak Tellagorri II lana aurkeztuko du Algortako Tellagorri plazan.



•Nondik sortu zen Tellagorri II?



Orain dela urtebete Amsterdamen egon nintzen dantza garaikidea, konposaketa-eta lantzen, eta orduan kale ikuskizun bat egitea bururatu zitzaidan. Algortako jai batzordearekin hitz egin nuen, ideia gustatu zitzaien eta Udalak emandako diru laguntzarekin aurrera atera genuen. Baina nola lehenagotik Tellagorri izeneko lan bat egina nuen —iaz aurkeztu zen hura Tellagorri plazan baita—, honako hau Tellagorri II deitzea pentsatu genuen.



•Zer islatu nahi izan duzue aipatu koreografian?



Ezin zaio koreografia deitu, gehiago da umorezko lan bat. Hain zuzen, Tellagorri II-n umorea eta zuzeneko musika nahasten dira. Azken hori oso garrantzitsua da. Ernesto Maestrok eta Garik konposatu dute; lehenengoak musika elektroakustikoa egin du, eta Garirekin batera perkusioa jotzen du. Edukiari dagokionez, lana berez istorio txiki bat da, baina ez da lineala. Soka baten gainean hiru dantzari gaude, hirurak begiak zapi batek estalita. Horrekin adierazi nahi dugu beste leku batetik gatozela, eta ez dugula ikusten, ez fisikoki, baizik eta oraindik ez dugula kokalekua bilatu. Orduan kartoien azpitik punk bat agertuko da. Ikusi gaitu, eta guregana dator jolastera. Bera, punka, kartoiz inguraturiko mundu batean dago, gu beste batean, baina hasi da gerturatzen, eta azkenean denok dantzatzen amaituko dugu.



•Gimnasia erritmikoa, dantza, heziketa fisikoa. Zer dute hirurek komunean?



Hirurek gorputza dute ardatz, eta betidanik oso interesaturik egon naiz gai horrekin. Dantzaren bitartez, adibidez, mugimenduaren eta gorputzaren arteko harremana lan daiteke. Niri, behintzat, neure gorputza hobeto ezagutzen lagundu dit eta imajina ezin nitzakeen ahalmenak agerian utzi dizkit.



•Beraz, hiruretatik dantzarekin geratuko zinateke.



Dudarik gabe. Noizbehinka institutuetatik deitzen didate ordezkapenak egiteko, eta nola edo hala beti saiatzen naiz gaietan kirolaz aparte dantza kontuak sartzen. Jendea gehiago dantzatzera animatu nahi dut, oso gutxi egiten baita.



•Amsterdamen egona zara.



Bai, hango School for New Dance Development-en ikasi nuen. Oso esperientzia ona izan zen, zeren dantza garaikidearen kontzeptuak irakasteaz gain gorputzean eta mugimenduan sakontzen laguntzen ziguten. Gainera, lan moduan koreografiak aurkeztu behar genituen, eta horrekin asko ikasten duzu. Gerora han ezagutu nuen dantzari batekin, Helena Golabekin zenbait lan egin ditut.



•Amsterdamen hamaika bide zabalik edukita nolatan erabaki zenuen basamortu honetara itzultzea?



Batez ere erabaki pertsonala izan zen. Dena den, ez pentsa Amsterdamgo egoera hain ona denik. Talde ugari daude han, eta zaila da bidea egitea, aukerak lortzea. Egia da hemen ez dagoela apenas ezer, eta agian horregatik, dena egiteko dagoelako erabaki nuen itzultzea. Zeren jendea egon badago —Matxalen Bilbaok 20 urte daramatza honetan—, baita lan egiteko gogoak ere. Baina ez dago behar beste baliabide, dantza eskola gutxi daude. Europako beste herrialde batzuekin konparatuta kultura maila apalagoa da. Jendea ez dago dantza ikustera ohituta. Hori bai, Nacho Duato etorriko da Arriagara, eta mundu guztia joango da hara.



•Egoera horretan dantzatik bizitzea zaila izango da.



Ezinezkoa. Beste gauza batzuetan inplikatuta egon behar duzu, baina dantzarekin bakarrik aurrera ateratzea pentsaezina da. Horregatik da hain zaila konpainiak eratzea, zeren zuretzat adina irabazten ez baduzu, nola besteei ordaindu?



•Erakundeen inplikazioa handiagoak izan beharko luke, ezta?



Diru laguntzak egon badaude, baina beste arlo batzuetan daudenekin konparatuta oso txikiak dira. Badira hori ere ez duten herriak, bai, baina ohartu behar dute dantza bultzatzeko hori baino gehiago behar dela.

Dokumentuaren akzioak