Dokumentuaren akzioak
«Hemen Europako mailan egon gintezke, baina apurrak baino ez ditugu jasotzen»
Matxalen Bilbao. Dantzari eta koreografoa
...Sast! lana estreinatuko du gaur
Matxalen Bilbao dantzari eta koreografoak (Bermeo, Bizkaia, 1961).
Atxarte Lopez de Munainekin batera zuzendu du Bilbaok Portugal eta
Bizkaiko hiriburuaren artean sorturiko lana. Gaur eta bihar ikusi
ahalko da, 20:00etan, La Fundicion aretoan.
Koreografoek sortzeko dituzuen arazoen isla da ...Sast! lana. Zergatik hasi zenuen Portugalen?
Egoitza artistikoa eman zidaten Portugalgo Algarve eskualdean,
lana sortzeko, hau da, antzoki batek sorkuntzarako behar diren
baldintzak eman zizkidaten: Faro hirian, 15 egunez, agertokia, argiak
eta behar diren tresna guztiak nire esku izan nituen lana sortzen
hasteko. Gabonak pasatu eta gero, La Fundicionen eman zidaten egoitza,
eta hor amaituko dugu lana. Halako laguntzarik gabe, lanok ezin dira
egin. Gainera, egun gutxi genituenez, buru-belarri lanean aritu ginen,
10:00etatik 22:00ak arte. Nik ez dut inoiz halako aukerarik izan,
antzoki bat niretzat edukitzea, beraz, etekina atera behar nion. Euskal
Herrian ez dugu halako baldintzarik, beti gabiltza dantza eskoletan
txokoak alokatzen, eta horrela ezin da lanik egin, argia eta dena
irudikatu behar baituzu, zuzenean probatu beharrean.
Dantza Etxeak sortzeko egitasmo baten berri eman zuten iaz...
Dantza Etxea horietaz entzun entzuten dut, bai, baina oraindik
ez da ezer gertatu. Hemen Europako beste herrialdeen mailan egon
gintezke, laguntza izango bagenu. Orain apurrak baino ez ditugu
jasotzen. Artistak baditugu, Atxarte Lopez de Munain Londresen aritu da
lanean, esate baterako. Azpiegiturak behar ditugu, apostu ausart bat.
Aurreko lanen artean Haiku4, Lotura eta Mutis dituzu. ...Sast! jarri diozu izenburu gaur estreinatuko duzun lanari. Zeren sastada da hori?
Bizitzak ematen dizkigun sastadak dira. Nire adinarekin
esperientzia piska bat badut horretaz. Gorputz bat beste baten barruan
sartzen denean sortzen den onomatopeia da. Nire dantza aski abstraktua
da, ez dut hitzik edo antzerkirik erabiltzen nire dantzan ezer
kontatzeko. Edonola ere, alde gizatiarrera hurbildu nahi izan dut, eta
bakarkako lana denez, nire gizatasunera. Bizitzaren sastaden ondorioz
egunean gertatzen zaizkigun umore aldaketak jorratzen ditut.
Antzerkiko baliabideak ez dituzula erabiltzen diozu. Zergatik orduan bai bideoa?
Aukera ematen didalako agertokiko espazioa libre eta garbi
izaten, eta, aldi berean, dantzarako milaka espazio irekitzen
dizkidalako. Horrez gain, musika originala erabiltzen dut, balio
erantsia delako eta nire neurrira eginikoa.
Nolakoa da Itziar Madariagak egin dizun musika?
Elektronikoa, baita gitarra eta pianoa ere. Ezin da definitu.
Eszena bakoitzaren muina hartzeko eskatu diot, eta lanaren puskak
erakutsi, gero berak musika jartzeko. Bideoa sortzeko prozesua
ezberdina izan zen, Leire Llanosek proposamen bat egin zidan, eta
interesgarria iritzi nion.
Erraza izango zaizu pieza hau munduan barrena eramatea?
Ez da erraza izango, baina saiatuko naiz Espainian, Frantzian,
Londresen... Portugalen izango gara, noski. Mundua harrituta dago
krisiarekin, baina gu ez, beti bizi izan garelako krisian.
Dokumentuaren akzioak