Dokumentuaren akzioak
«Hegoaldea Maitaldia jaialdiaren benetako gai bilakatu nahi dugu»
Filgi Claverie / Maitaldia jaialdiko zuzendaria
Maitaldiak berrikuntza anitz azalduko ditu. Horien artean, nabarmentzekoa da jaialdiak egun gutxiago izango dituela. Ez dira bi aste izanen, hamar egun baizik. Zergatik hori?
Orokorki, Maitaldiaren helburu nagusia ez da aldatu. Edozein dantza mota biltzen duen jaialdi bat egitea zen helburua: klasikotik hasiz garaikidera arte. Ez gara gai edo estetika batean sartzen. Heldu zaizkigun ikus-entzuleak anitza da eta, beraz, egitaraua horren araberakoa da. Duela hamabost urte jaialdia abiatu genuelarik, hura izan zen gure irizpide nagusia eta horrekin jarraitzen dugu. Aldiz, garrantzitsua iruditzen zitzaigun laburtzea. Orain arte bi astekoa zen eta ez genuen lortzen herrian jaialdiak giroa sortzea. Jaialdia denboran urtzen zen.
Hamar eguneko egitarau aberatsa prestatu duzue...
Nire kalkuluen arabera, astebetez, berrogeita bost bat hitzordu izanen dira herrian. Mamitsuagoa izanen da, eta emanaldiak eguerdian hasi eta gauerdira arte luzatuko dira. Orotara, bostehun bat artista agertuko dira. Lehenago hamazazpi egun irauten zuen jaialdiak, baina ez genuen lortzen aretoetako ikusgarrietatik at eguneko giroa sortzea. Aurten jaialdia eguerdiro «agertoki irekiekin» zabalduko dugu. Ondotik, dantzari buruzko dokumental baten emanaldia izanen da, eta zazpietatik goiti hasiko dira ikusgarriak.
Herrian jaialdi giroa sortzeko ekimenak bultzatzen ari zarete aspaldidanik. Baina, urtero hutsune handia izaten duzue, ez baituzue lortzen. Uste al duzu jaialdia laburtuz egoera hobetuko dela?
Hamazazpi egun gehiegi zen ikus-entzuleentzat. Biarrizko ikusleak erraz joaten ahal dira ikusgarrietara, baina, kanpokoentzat zailagoa da. Dantzarako zaletasuna daukatenek egun bat aukeratzen dute etortzeko, eta berehala abiatzen dira. Astebeteko jaialdi batean errazago egoten zara bururaino.
Lehenago aipatzen zenuen jaialdi honetan ez diozuela sekula gai bati garrantzia eman nahi izan. Alta, aurten, hegoaaldea goraipatzea erabaki duzue...
Bi arrazoi daude horretarako. Alde batetik, dantza, musika, antzerkia eta artearen beste arlo askotan hegoaldeko herriek sormen handia daukatela iruditzen zait. Eta hori agerian jarri nahi izan dut. Bestalde, La Cita eta Les Chimères antzerki taldeek urtero antolatzen duten Latinoamerikari eta Estatu espainolari buruzko zinema eta antzerki jaialdiei esker Biarritz hegoaldearen leiho bilakatu da. Harreman handia dago, eta dantza arloan horrelako hitzordua sortu behar genuela iruditu zaigu. Askotan hegoaldeko herrietako dantza taldeak gonbidatu ditugu, baina oraingo honetan jaialdiaren benetako gai bilakatu nahi dugu.
Horrek erran nahi du urtero gai hori azalduko duzuela?
Ikusiko dugu. Arrakastaren arabera aztertuko dugu. Ikus-entzuleek trenkatuko dute. Aretoak betetzen ez badira, ikus-entzuleek gure hautuarekin bat egiten ez dutela erran nahi du.
Jaialdiak iraunen duen hamar egun horietan kalitate handiko ikuskizunak eskainiko dituzue. Besteak beste, Nizako balet handia izanen da, eta Lucia Lacarra dantzaria bera egonen da berriz ere...
Bai, eta goi-mailako Aterballetto Italiako dantza taldea ere izanen da. Bertako konpainia pribatu hoberenena da. Oso talde gutxi dago Italian, eta Aterballetto lehena eta hoberena da. Hogeita sei dantzari eta Napoliko hiru kantari zahar biltzen dituen lehen obra bat azalduko dute. Oso ikusgarri bikaina eskainiko du. Azalduko duten bigarren ikusgarria sorkuntza bat izango da. Mozart musikagilearen obra batean oinarriturikoa da, eta oso gutxitan azaldu dute orain arte. Nizako operako baleta, bestalde, egungo talde nagusienetako bat da. Eta lan egiteko eran Malandainetik hurbil dago koreografoa. Azkenik, Tokiotik datorren Asami Maki Baleta ikusteko aukera ere izanen dute ikusleek. Madrilera eta Parisera joan dira bira bat egitera, eta bi hirien artean Biarritzera etortzea onartu dute. Pink Floyd-en musikarekin landuriko obra eskainiko dute. Lucia Lacarra izanen dute dantzari lanetan.
Lekuko artisten ikusgarriak eskaintzeko aukera ere ematen diezue...
Bai. Jaialdiak ez ditu bakarrik kanpoko gauzak erakutsi behar, hemengo artistak ere izanen dira. Claude Iruretagoiena koreografoak Maritzuli konpainiarekin landuriko azkeneko sorkuntza azalduko du. Patxi Perezekin, bestalde, emanaldi berezi bat eginen da. Pantxika Teilleriak bere azkeneko lana azalduko du, eta, azkenik, Landetako Androphyne konpainia izanen da. Horiekin batera Damian Muñoz ere egonen da.
Denbora gutxi izan duzu egitaraua lantzeko, ezta?
Bai, baina azkenean lortu dut egitea, eta jadanik ondoko urteko programa prestatzen hasi naiz. Malandainek jaialdiari ikaragarriko ezagupena eman dio. -
Inprimatu
Dokumentuaren akzioak