Dokumentuaren akzioak
«Hankak lurrean ditugu»
Itziar Mendizabal dantzaria
«Ezin izan da», dio penaz Itziar Mendizabalek
(Hondarribia, Gipuzkoa, 1981). Benois sariak Melbourneko Australian
Balleteko Kirsty Martin eta Errusiako Bolsxoi antzokiko Natalia Osipova
dantzariek lortu dituzte. Dantzaren esparruko saririk garrantzitsuenak
dira Benois sariak, «dantzaren Oscarrak», eta Mendizabal Benois saria
jasotzeko hautagai izendatu dute aurten.
Gorabeheraz beteriko edizioa izan da. Diru arazoak tarteko,
gala bertan behera utzi du Errusiako Gobernuko Kultura Ministerioak.
Moskun egiten dute urtero, udaberri aldean. Aurten izan ezik. Ez da
ekitaldirik izan, eta sarituen izenak Interneten bidez zabaldu dituzte,
ohi baino hilabete beranduago.
Antolakuntzako inor ez da harremanetan jarri Mendizabalekin,
haren hautagaitzak aurrera egin ez duela ofizialki jakinarazteko;
alegia, saria irabazi ez duela esateko. «Nahiko arraroa izan da dena,
egia esan. Hegazkineko txartelak erostear ziren Moskura joan nendin,
baina halako batean diru laguntzarik gabe geratu zirela esan zidaten,
eta bertan behera geratzen zela dena». Pena ematen dio. «Urterik
arraroena egokitu zait», dio etsipenak eragindako barrearekin. Orain
artean euskal dantzari bakar batek eskuratu du sari preziatua: Lucia
Lakarrak.
Maiatzaren hasieran jaso zuen Gipuzkoako Dantza sariaz
bestela hitz egiten du Mendizabalek. «Familiak eta lagunek inguratuta
hartu nuen... Oso polita izan zen».
Izan ere, Euskal Herritik urruti bizi da Mendizabal,
Alemanian. Eta tarteka atsegin du etxekoen beroa sentitzea. Gaur ere
halaxe dantzatuko da, hurkoen txaloak zain dituela jakinda. Bilboko
Ballet Elkarteak antolatutako Euskaldunak eta Dantza galan
ariko da, 20:30ean hasita. Leipzigeko Balletean dantzarako lagun duen
Jean-Sebastien Colaurekin etorriko da Bilbora. Elkarren artean pieza bi
dantzatuko dituzte: Paul Chalmerren Piaf à deux eta Uwe Scholzen Kreazioa.
Iragan irailetik da Alemaniako Leipzigeko Balleteko dantzari
nagusia. 2006an hasi zen konpainia horretan, eta hiru urtez dantzari
bakarlari modura aritu ostean iritsi zaio izendapena. «Poza sentitu
nuen dantzari nagusi izendatzean, baina ez diot inoiz neure buruari
halako helbururik jarri, ez dut inoiz pentsatu 'dantzari nagusi izan
behar dut'». Dantza «naturalago» sentitzen eta bizitzen duela dio
Mendizabalek. «Egunerokoari ematen diot garrantzia, egunero zoriontsu
izateari».
Paul Chalmerren eragina
Nolanahi ere, azken urteetan rol nagusiak interpretatu ditu
batik bat, eta, hortaz, dantzari nagusi izendatzea berez eman den
prozesua dela uste du. Hots, ibilbide baten ondorio naturala izan dela.
«Ez nau ezustean harrapatu, baina izendapenak baino gehiago, dantzatzen
dudanak egiten nau zoriontsu, egiten ditudan paperek betetzen naute».
Azken garaian, Intxaur hauskailua eta Beltxargaren lakua dantzatu ditu, esate baterako. «Eta orain On Kixote
dantzatzeko gogoak ditut». Tituluen eta sarien bila ez dela ibiltzen
dio, nahiz eta onartzen duen beti dela «pozgarria» norberaren lana
aintzat hartua dela jakitea.
Aurretik, Zuricheko Operako Balleteko dantzaria izan zen
Mendizabal. Hiru urte eman zituen konpainia horretan lanean, 2003tik
2006ra. «Oroitzapen ederrak» ditu garai horretaz. Haatik, ez da damu
Leipzigeko Balletak egindako eskaintzari baiezkoa eman izanaz.
Kontrara: «Lanari dagokionez, nire bizitzan hartu dudan erabakirik
onenetakoa da, onena ez bada». «Zurichera etorri, eta hemengo
zuzendariarekin, Paul Chalmerrekin, segituan konektatu nuen. Konfiantza
osoa eman zidan hasieratik, eta oso lan ona garatu dugu elkarren
artean».
Artista on bat ez dela berehalakoan sortzen uste du
Mendizabalek. Eta dantzari on batek zuzendari ona behar duela atzean.
Edo zuzendari ona izateak dantzari on egiten laguntzen duela, bederen.
Dantzariak berezko dituen abileziak garatzen edo eteten lagun dezake
zuzendariak. Horregatik uste du «zorte handia» izan duela Paul
Chalmerrekin. «Artista gisa hazten lagundu dit».
Zuricheko Operako Balleteko zuzendari Heinz Spoerlirekin ez
zuen harreman horren emankorrik izan, baina konpainian izan zen
urteetan ere aurrerapausoak eman zituela dio, «paper nagusi asko egin
nituen, eta gauza asko ikasi nituen. Baina iritsi zen une bat ez
nintzela ez atzera ez aurrera egiten ari, zuzendariak ez zuen ia
niregan pentsatzen, eta erabaki nuen konpainiaz aldatzea». Leipzigeko
Balletean probatzea. «Kultura handiko pertsona da Paul [Chalmer],
munduko dantzaririk onenekin dantzatu da. Eta igarri egiten da.
Entseguetan, izugarrizko informazio baliagarri pila ematen die
dantzariei. Nirekin orduak eta orduak pasatu ditu, izugarri eskertzen
diot».
Maletak prestatzen
Mendizabalen mundu perfektuan, alabaina, aldaketak izango dira
aurki. «Pauli ez diote kontratua berrituko, kutsu garaikideagoa eman
nahi baitiote konpainiari. 2009-10eko denboraldian hemen izango gara
oraindik, baina gero Mario Schroeder etorriko da, koreografo modernoa
da, eta ez zait interesatzen garaikidea bakarrik dantzatzea. Ni
dantzari klasikoa naiz, eta estilo garaikideko obrak dantzatu ditudan
arren, ez dut nahi garaikideari lehentasuna emango dion konpainia
batean gelditu. Ez zait interesatzen koreografo bakar baten lanak
egingo dituen konpainia batean egotea». Bizitzak nora eramango duen ez
daki Mendizabalek. «Paulek zer erabaki zain nago, bestela ere joango
naiz ikusiz zer dagoen, eta erabakiak hartuz». «Une zailak» biziko
dituela badaki, «pena da gustuko duzun zuzendaria eta konpainia topatu
dituzunean, baina halakoa da bizitza».
Oreka beste nonbaiten aurkitzeko itxaropena ez du inondik
inora galdu. Izan ere, euskal dantzariak estimu handitan dituzte
munduko konpainiarik onenetan. Zerbait berezia badutela uste du
Mendizabalek. «Balletaren munduan harrokeria handia dago, baina euskal
dantzariek ez dute horretan denbora galtzen». Beste dantzariengandik
horrek bereizten dituelakoan dago. «Hankak lurrean ditugu».
Dokumentuaren akzioak