Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Gure ikastolan haur gehiago ari dira dantzan, futbolean baino»

Dokumentuaren akzioak

«Gure ikastolan haur gehiago ari dira dantzan, futbolean baino»

Juan Luis Unzurrunzaga, Axular lizeoko 'Geroa' dantza taldearen zuzendaria

Egilea
Felix Ibargutxi
Komunikabidea
Diario Vasco
Mota
Elkarrizketa
Data
2008/06/02
Juan Luis Unzurrunzaga (Lasarte-Oria, 1963). Lasarteko ikastolan hasi zen dantzan, gero Eskola taldera pasa zen, eta han hamabost urte egin. Orain Axular Lizeoko Geroa dantza-taldeko zuzendaria da, zer esana eman duen talde bateko zuzendaria; 160 kide ditu (denak ikastetxeko haurrak), 2004an Sasi artean ikuskizuna plazaratu zuen eta aurten Lamien basoaderitzana.

- Zuen ikastetxeak datu harrigarriak ditu. Inon ez bezalako dan-tzari multzo zabala daukazue.
- 2004an 24 haur ari ziren dantza egiten, eta orain 160. Ni sartu nintzenean ikastolan, 2004an, guraso batzuk elkartu eta ikusi genuen umeak dantzan egiten zutela, baina handik bi urtera -zazpi bat urtekin- aspertu eta utzi egiten zutela. Ikusi genuen ohiko eredua aplikatuta -txistu bat eta betiko dantza tradizionalak- umeak aspertu egiten zirela. Ikusten dute telebistan eta interneten beste dantza batzuk badaudela eta horiek erakargarriago gertatzen zaie. Eta gainera ikusten dute beste ume guztiek hitz egiten dutela telebistako dantza horiei buruz.

- Bai, 'Fama'-ri buruz, alegia.
- Hori da. Eta orduan erabaki genuen gaurko teknikak erabiltzea gauza erakargarriago bat egiteko. Baina dantza-pauso tradizionalak mantenduta. Kontua da dantzaren bidez ikuskizun bat sortu istorio bat azalduko duena, koreografia berriak erabiliz. Halaxe, sortu genuen lehenengo ikuskizuna, Sasi artean, eta haren ondorioz jende asko hasi zitzaigun dantzan. Eta panorama erabat aldatu; ordurarte dantza zera zen, astean bi orduko gauza, beti ikastetxe barruan egiten zena.

- Horrenbeste neska-mutiko ikastetxean dantzan, gauza ikusgarria izango da.
- Gure ikastolan, dantza da eskola-orduz kanpoko jarduera jendesuena. Futbolean eta saskibaloian baino lagun gehiago jarduten dira dantzan.

- Istorio bat kontatzea dantzaren bidez, hori ez da kontu berria.
- Euskal dantzan, orain hamabost bat urte hasi ziren horrelako ikuskizunak antolatzen. Gure euskal dantzetan badira ziklo ba-tzuk, baina dantza batek bestearekin ez du loturarik. Orduan, guk egin duguna da hari bat jarri, istorio bat kontatu.

- Zuek eutsi egiten diezue euskal pausoei.
- Hori oinarrizkoa da guretzat. Badakigu agurra dantzatzen, badakigu zinta-dantza edota fandangoa dantzatzen, eta hori dena nahastu eta egokitu egiten dugu istorio bat agertzeko.

- Gurasoek garrantzi handia daukate zuen ekimen honetan.
- Ikaragarrizkoa. Laguntzen dute haurra kontzientziatzen eta poza trasmititzen diete. Beti egoten dira momentu txarrak, eta gainditzen laguntzen dute.

- Beste tokietan bezala, zuenean ere askoz gehiago dira neska dan-tzariak mutilak baino?
- Mutilak gutxiago dira, bai, baina ez pentsa... Eskolaz kanpoko jarduera guztietan, neskak gehiago apuntatzen dira mutilak baino.

- Eta oraingo ikuskizun honetarako musikari asko elkartu zaizue.
- Hasi ginenean ikuskizuna antolatzen, erabaki genuen ondo lotu behar genituela etxean ditugun artistak: hor daukagu musikari bat oso ona, Juan Ezeiza; kantari bat ere oso ona, Maria Eugenia Etxeberria, Ganbarako ahots izandakoa eta etorri zaizkigu beste musikari batzuk, hala nola gitarrajoleak, soinujoleak, txistulariak, txalapartariak: Martín Zarco, Alberto Abad, Lara Mitxelena, Andoni Iparragirre, Arantzazu Alustiza, Verónica Zubillaga. Hauek daukaten esperientziarekin laguntza handia ematen digute.

- Konparatu aurreko 'Sasi artean' hura eta oraingo 'Lamien basoa'.
- Hau ikuskizun handiagoa da. Musika aldetik landuagoa da. Aurreko hartan musika sentikorra erabili genuen, oraingoan trataera musikala konplexuagoa da.

- Pentsatzen dut zuen helburua ez dela dantzari teknikoak, birtuosistak, sortzea.
- Gure helburua da haurrak euskal kulturan sartzea, eta ikus dezatela mundua ez dela bakarrik kirola eta taberna.

- Kanpora ateratzeak zer eman dizue?
- Horrela, ikasi dugu baloratzen besteen kulturak eta besteen folkloreak, gaur egun telebistan ikusten ez direnak. Bestetik, ikusi dugu gure folklorea oso txalotua dela; guk txalo asko jaso ditugu. Eta haurrek ikusten dute euskal dantzak ez direla txorakeria bat. Hemen ohituta gaude euskal dan-tzak egotera txurreria baten ondoan, kanpoan gehiago baloratzen dituzte bere dantzak, eta hori gure haurrek ikusi egiten dute.

- Harro etorriko dira zuen dan-tzariak.
- Bai, eta harrotasun horrekin kontra egiten diote hemen dagoen mespretxuari. Badago gizartean sektore bat euskal dantza gaizki ikusten duena, esaten duena hori nesken kontua dela, baserriko gauza.

- Festibal askotan izan zara. Zein herrialdetan ikusi duzu mailarik altuena?
- Europako Ekialdeko taldeek diziplina izugarria izan dute beti eta oraindik mantentzen dute. Errusia, Bielorrusia, Osetiako taldeak harritzeko modukoak dira. Hando haurrek helduak ematen dute; ikaragarria da beren indarra, beren teknika, beren diziplina.

- Eta hirugarren ikuskizuna prestatzen hasiak omen zarete.
- Bai, laborategi-fasean dago oraindik. Koreografiak idatzita daude, musikak aukeratuta, baina entseguekin-eta ez gara hasi. Eta jantzien diseinatzaileak diseinatuak ditu jantzi berriak.

- Hori dena dirua kostatzen da.
- Gastuak handiak dira, argiak eta abar direla-eta. Taldean inork ez du kobratzen. Dantza irakasleak bakarrik kobratzen du. Ikastolako gurasoek zerbait ordaintzen dute beren umeei dantza irakasteagatik, hilean 17 euro, uste dut. Eta gainontzeko dirua... ba emanaldietatik ateratzen dugu, ezkon-tzetan dantzatzeagatik, tabernak jarrita...
«Gure ikastolan haur gehiago ari dira dantzan, futbolean baino»
Juan Luis Unzurrunzaga Axular Lizeoan, atzean bi ikasle dituela. [lusa]

Dokumentuaren akzioak