Dokumentuaren akzioak
«Gure herrian gauza handia izan da dantzaria izatea»
Antton Mari Aldekoa-Otalora, Urrijena jaialdiko antolatzailea
Zer da Urrijena, eta noiztik egiten duzue?
Antzina, Iurretako jaiak sanmigeletan hasten ziren. Urriaren lehenengo igandea Arrosario eguna izaten zen. Urrijena bigarren igandeari deitzen zioten lehen, garo garaia amaitzen zen egunari. Hirugarren igandea dantzari gazteen eguna izaten zen, eta laugarrena dantzari nagusiena. 1960ko hamarkadan euskal dantzarien biltzarra eta Ez Dok Hamairu elkartea sortu ziren. Euskal Herrian halako mugimendu askotarikoak sortu ziren, identifikazioaren bila, eta, horren inguruan, 1968an Durangon lehenengo ezpata dantza egin zuten. Orduan hasi ziren dantzari nagusiak omentzen, eta haien iritzia entzuten. Argia dantza taldea ere sortu zuten, gure oinarrien bila. Hori guztia kontuan hartuta, 1979an dantzari guztiak bazkari batean biltzea otu zitzaigun. Handik hamar urtera, bazkariaz gain, dantzan ere egin genezakeela pentsatu genuen, eta hala, nolabait, antzinako dantza bat errekuperatu, Urrijena alegia. Era berean, jaia urtero eginez gero grazia galduko zuela pentsatu genuen, eta bost urtetik behin egitea erabaki genuen.
Iurretan ba al dago dantzarako zaletasunik?
Badakigu dantzari dantza inguru hauetan betidanik edo aspalditik behintzat egin dela, benetan tradizio handia egon da. Lekuko jaia da. Gu hasi ginenean, Bilbo edo Donostiako dantzariak gu baino hobeak zirela pentsatzen genuen. Baina bertatik hainbat dantzari etorri ziren Iurretara, eta begiak ireki zizkiguten. Benetakoa hemengoa dela erakutsi ziguten; «zuena gorde behar duzue», esan ziguten. Orain jai hau Iurretan egiten dugu, baina munduari zabalik dago. Nik uste dut jai erakargarria izan daitekeela. Gainera, soka ez da eten, eta egun horretan, lehen aldiz, arituko dira 15 urteko gazteak dantzan 70 urteko lagunekin batera.
Aurtengo Urrijena nolakoa izango da?
Lehengo erritoekin jarraitzen dugu. Hartara, lehendabizi meza nagusira joango gara. Bertan dantzariek beren leku propioak dauzkate. Gero, meza bukatu ostean, dantzan arituko gara 16 taldetako kideak. Horrekin batera, 60 urtetik gorako dantzariak omenduko ditugu. Aurten, 16 talde horietatik hiru adin horretatik gorako jendeak osatuak dira. 45-50 bat lagun omenduko ditugu, beraz. Zaharrenak 97 urte ditu, eta gazteenak 60. Omenaldian ikur batzuk ematen dizkiegu, dantzarekin zerikusia daukatenak, makila bat, txapel edo ezpata bat, esate baterako. Gero, sokadantza ere egingo dugu; hori ere dantza zaharra da. Ondoren bazkaltzeko elkartuko gara guztiak. Izan ere, aurten, 200 bat pertsona inguru izango gara.
Dantzari dantzaren gaineko liburua egin duzue aurten, ezta?
Bai, liburua atera dugu aurten, 1891-2004 Iurretako dantzariak izenburupean. Duela bost urte, Urrijena zela-eta, erakusketa bat antolatu eta hainbat argazki eskuratu genituen. Orduan, material horrekin liburu bat egitea pentsatu genuen. Argazkiak klasifikatu genituen, urtez urte antolatu eta argazkietako dantzarien izen-deiturak lortu genituen. Horrekin batera datuak bildu genituen, dantzari dantza 200 edo 300 urtean gutxienez hemen dantzatu dela frogatzeko, ez gabiltzala gauzak asmatzen erakusteko.
Emakumeek parte hartzen al dute dantzari dantzan?
Orain arte gizonezkoen kontua izan da, eta orain ere hala da. Dena den, emakumeak ere, gure emazteak, alabak, arrebak, eta abar harro sentitzen dira. Gure herrian gauza handia izan da dantzari izatea. Urrijenan ehunetik gora dantzari elkartzen gara eta, zeharka bada ere, emakumea ere omentzen dugu, denon jaia da.
Dokumentuaren akzioak