Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Gure esperientziaren bidez, ohikotasunetik ateratzen ahalegindu gara»

Dokumentuaren akzioak

«Gure esperientziaren bidez, ohikotasunetik ateratzen ahalegindu gara»

Izaskun Santamaria. Dantzaria eta antzezlea

Egilea
Uxua Larretxea
Komunikabidea
Berrria
Tokia
Donostia
Mota
Elkarrizketa
Data
2009/05/06

Ezohiko ikuskizuna prestatu dute Ruemaniak taldeak eta Señora Polaroiskak. Ostiralean, larunbatean eta igandean izango da emanaldia ikusteko aukera eta, denera, eguneko bost saio izango dira. Ikusle moduan joateko nahitaezkoa izango da aurretiaz info@lafundición.org helbidean izena ematea. Ondoren, beraiek deituko dute, bakoitzari egun, ordu eta leku jakin bat egokitzeko. «Esperientzia bakarra eta errepikaezina bizitzeko» aukera izango da, Izaskun Santamariaren esanetan.

Antzezpenerako beste gune eta hizkera batzuk bilatu nahi izateak eraman zaituzte tankera honetako egitasmo bat martxan jartzera?

Ikuslearentzat esperientzia bakarra eta berezia izatea nahi genuen hasieratik; horregatik ez dugu nahi izan lekua eta ordua zehaztu. Horrelako zehaztasunak ere ikuskizunaren beraren parte dira. Dantza landu ohi den ohiko agertokietatik alde egin nahi genuen; hortaz, beste gune batzuk bilatu ditugu. Bestalde, kalea eszenatoki gisara baztertzea ere adostu genuen, guk sorturiko leku bat bilatzeko beharra genuelako.

Ezohiko ikuskizuna egiteaz gain, sorkuntza pertsonalizatzeko borondatea ez al da zuena?

Bai, egia esanda, oso pertsonala da. Ikusleak esperientzia bakarra eta errepikaezina bizi dezan nahi dugu. Gainera, ikusle bakoitzak ikuskizuna modu pertsonalean jasoko du.

Apuntes sobre animales, encuentros y autopistas emanaldiarekin bidaiaren kontzeptua antzeztu nahi duzue...

Bidaiatzeko modu desberdinei erreferentzia egin nahi diogu horrekin. Kontzeptu hitzarekin hainbat osagai biltzen dituela adierazi nahi dugu. Ez da masa bidaia bat; ez dute denek gauza bera esperimentatzen.

Zergatik erabaki duzue ikuskizuna egiteko mintzaira bat baino gehiago erabiltzea?

Etengabeko bilaketa batean gaude, eta horrek eramanda erabaki dugu mintzaira bat baino gehiago erabiltzea. Era berean, ohiko formatuetatik alde egin nahi genuen. Ikuskizunean parte hartzen dugunok, batzuk, Jorge Lastra, Maria Ibarretxe eta ni neu, dantza mundutik gatoz, eta beste batzuk ikus-entzunezkoen mundutik; esaterako, Alaitz Arenzana. Niretzat ere oso esperientzia berritzailea eta aberasgarria izan da; ohiko mintzairetatik ateratzeak freskotasuna ematen dizu.

Ezohiko emanaldia da zuena. Egun tankera horretako lanak egiten direla uste duzu? Behar beste arriskatzen dela esango zenuke?

Ez dut uste behar bezainbeste arriskatzen denik; halere, oso erlatiboa da arriskatzearen kontu hori, batzuentzat asko arriskatzea dena beste batzuentzat gutxiegi delako. Gure proposamenari dagokionez, ikusi dutenek arrisku handiko proposamena egin dugula esan digute; orain arte egin denarekin alderatuz, oso bestelakoa. Hemen gauza berriak egin nahian dabilen jendea gara; gure esperientziaren bidez ohikotasunetik ateratzen ahalegindu gara.

Politikari eta estetikari buruzko jakin-mina dantzaren bidez ase nahi duzue?

Egoera politiko zehatz batekiko baino gehiago, taldekideok gai sozialekiko kezka dugu; esaterako, oroitzapenarekin eta ahanzturarekin asko jokatzen dugu obra guztian.

Dokumentuaren akzioak