Dokumentuaren akzioak
«Gurasoei eskaintzen diegu lortutako txapela, beti hor daude-eta»
Ion Ibarguren eta Idoia Besada, Dantza Solteko Euskadiko txapeldunak
«Emozioz betetako» eguna izan zen urriaren 9ko igandea
Azpeitiko Ion Ibarguren eta Pasaiako Idoia Besada dantzarientzat.
Euskadiko txapeldun dira egun hartatik. Dantza Soltean lortu duten
txapelik esanguratsuena. Urtea borobildu dien saria izan da baina
aurretik Arabako txapela eta Gipuzkoakoa ere eskuratuak zituzten.
Euskadiko txapela manten-tzea da atsedena hartu eta datorren
denboraldian izango duten erronkarik handiena. Gazteak dira, 20 eta 18
urte dituzte, hurrenez hurren, eta badute horretarako dohaia eta
denbora. Bi urte daramatzate elkarrekin dantzan. Elkarrekin agertu dira
elkarrizketara ere eta dan-tzako pausoetan bezala, bat datoz
adierazpenetan ere, ados baitaude esandako gauza denetan.
-Zer sentitzen da aritzen zaren horretan onena zarela errekonozitzen dutenean?
-Poza, ikaragarrizko poza. Ez genuen espero. Sestao zen
faboritoa eta Hernanikoek ere urte borobila egin dute. Gure helburua
oholtza gainera atera eta disfrutatzea zen eta hala egin genuen.
-Estrainekoen txapela eta zapiaz gain, sari gehiago ere jaso zenituzten, ezta?
-Dantza Solteko Euskadiko txapeldun sariaz gain, janzkera
onena edo tradizionalaren saria eman ziguten, diru-saria izan ohi da,
eta nola ez, Nestor Basterretxeak espreski dantza txapelketetarako egin
ohi duen eskultura, momentuz, urtebetez behintzat, guretzat izango da.
Gero, bidaia bat ere oparitu ziguten, Asturiasera.
-Nolatan elkartu dira azpeitiar bat eta pasaiar bat dantzarako?
-Kasualidadez, egia esan. Biak aurreko bikotearekin laga
genuen. Nik -dio Ionek-, Bilbon ikasten dut eta unibertsitatean Idoiaren
berri eman zidaten. Telefonoz deitu nion eta horrela hasi ginen
elkarrekin dantzan. Lezon entsaiatzen dugu Lurdes Esnaolaren
gidaritzapean eta tartean, Idoia Azkoitiara etorri ohi da. (Sahatsako
Dantza Taldeko kidea da Ion).
-Azpeitiarra, Azkoitian dantzatu, (han du egoitza
Sahatsak, bi herriak elkartzen dituen dantza taldeak), Bilbon ikasi,
Lezon entsaiatu...
-Azken hilabete hauetan batik bat, hara eta hona ibili
gara. Irailaren hasieran, Donostian jokatu zen txapelketa eta abuztuaren
azkenetik-edo, entrenatzen gogor aritu gara. Gero, Segurako txapelketa
hau prestatzeko astean pare bat hiru alditan elkartu behar izaten
genuen.
-Zer motatako entrenamendua darama dantzari batek?
-Ez dugu aparteko entrenamendurik egiten, hau da, korrika
edo beste prestaketarik. Gu dantzan ari-tzen gara. Hankak indartu eta
fondoa egin. Entrenamendu saioak ordubete, ordu eta laudenekoak, izan
ohi dira, gutxi gorabehera.
-Zenbat urterekin hasi zineten dantzatzen?
-Ni -dio Ionek-, 7 urterekin, eta Idoia, 5ekin.
-Txikitatik ikusi al dizkizuete dantzarako dohaiak?
-Ez dut uste. Hain txikia zarenean ez dut pentsatzen
nabarituko denik baina behin 13 edo 14 urterekin, hor bai, badakizu
gustatzen al zaizun eta horretan aritzeko gogoa duzun edo ez.
-Zer behar da dantzari ona izateko?
-Disziplina, batik bat, eta gero, gogoa izatea. Derrigortuta ezin duzu aurrera egin. Gustatu eta gogoa jarri behar duzu.
-Behin lorpen hauek eta gero, atsedena hartzeko momentua al da?
-Bai, orain ikasketak ditugu aurretik (Ion Odontologia
ikasten ari da eta Ingeniaritza biomekanikoa, Idoia). Txapelketak
maiatzean hasiko dira, beraz, martxoa edo apirilera arte bakoitzak bere
dantza taldean jarraituko dugu eta gero hasiko gara berriro elkarrekin
entsaia-tzen.
-Nori eskaini nahi diozue txapela?
-(Biak jarri dira ados). Gurasoei, beti hor daudelako,
joaten garen leku guztietan, haiek han; eta Lurdes Esnaolari, gure
prestatzaileari, eskaintzen diogu.
Dokumentuaren akzioak