Dokumentuaren akzioak
«Globalizazioan, herri askok bere nortasuna aurkitu nahi du»
Kepa Fernandez de Larrinoa, Antropologoa
Bilbon sortua, Alkizan bizi da egun Kepa Fernandez de Larrinoa. Kanada eta Ingalaterran egin zituen antropologia ikasketak, eta liburu, artikulu, kolaborazio eta beste hainbat lan argitaratu ditu. Zuberoa eta bertako biztanleak biziki maite ditu, eta haien ohiturak dira bere pasioetako bat. Haien pastoralei eskaini die azken lana. Eusko Folklore urtekariaren azken zenbakiak pastoralei buruz egin duzun lan berria argitaratu du.
- Zuberoako herri antzerkiaz asko idatzi duzu, zertaz ari zara idazkian?
Alde batetik, pastoralen eszenografiaz ari naiz. Pastoralen eszenografian baditugu hiru toki eta hiru irudi. Batetik, kristauak, turkoak eta elizgizonak; orduan ikusten den mairuen eta kristauen arteko irudigintza Europan garatuta dago. Bestetik, badago beste irudi bat, azken epaiarena, irudi biblikoa. Irudi horiek elkartzen dira antzeztokian, eta horren bitartez istorio pedagogiko bat kontatzen da, ikasbidea duen istorioa. Populuari erakutsi nahi izaten zaio ondorio bat, mezu bat. Hortaz, badago egitura bat, eta horri erlazionatuta irudiak agertzen dira. Baina egitura horretan, irudi historikoak aldakorrak dira historiaren arabera eta estatuaren arabera, politikaz hitz eginez. Erdi Aroko estatu erlijiosoetan halako irudigintza jakina dago, eta esta-tu nazionalak agertzen direnean irudiak azalez aldatzen dira; heroi nazionalak agertzen dira, euskal heroi nazionalak. Euskal historia azken boladan antzezten hasi da, batez ere, tokiko historia.
- Bigarren partean, zeri erreparatu diozu?
Pastoralen ezaugarri ludikoei. Nahiz eta mezu erlijioso, politiko edo kulturala zabaldu nahi izan, kontua da parte-hartzaileek askotan ez diotela mezu horri erreparatzen, ez oso sakon, behintzat. Orduan, askotan, pastoralak badu indarrezko beste ezaugarri bat: festa. Jendea pastoraletan biltzen da, festa handi bat egiten dute, eta festa horretan tokian tokiko harremanak bideratzen dira, komunitate sentsazioa garatzen da. Horren inguruan tokiko politika garatzen da.
- Agerraldien prestakizuna zuzenean jarraitu izan duzu. Nolakoa izan da esperientzia?
Oso interesgarria. 1987an joan nintzen lehenbiziko aldiz, hilabete batez, Muskildi herriak orduan egiten zuen maskarada jarraitzeko. Lau emanaldi ikusi nituen, elkarrizketak egin eta gero Kanadara joan nintzen. 1991n joan nintzen berriro. Urte hartan ere Muskildin pastorala egin zuten, baita Larrainen ere. Biak ikertzeko Muskildin etxe bat alokatu nuen, eta han izan nintzen ia bi urtez. Iaz asteburu guztietan Altzürüküra joan nintzen pastorala nola prestatzen zuten ikastera. Jendearekin esperientzia oso ona izan zen, oso jende eskuzabala da, harrera oso ona egin didate beti, eta laguntza guztia eman didate nire lana egiteko.
- Zeintzuk dira pastoral eta maskaraden berezitasunak?
Alde batetik, urtaroa dago: pastorala, berez, udan antolatzen da; lehenago pazko zaharrez antzezten zen. Maskarada, berriz, inauterietako antzezpena da; oraintsu arte inauteri egunetan egiten zen. Orain igandeetan, oso luze, garizuman sartuta eta udan ere antzezten da. Giroari dagokionez, pastorala serioa da eta maskarada irri egitekoa. Azken horretan, gainera, gazteek bakarrik hartzen dute parte, ezkongabeko mutilak, eta orain, emakumezkoak ere bai. Pastoralean herri guztiak parte hartzen du. Oraintsu arte, parte-hartzaileak gizonezkoak ziren denak, edo denak emakumezkoak. Orain, nahastuta egiten dute antzezlana.
Komunean zenbait gauza dituzte: arte eszenikoa. Arte eszenikoa direnez gero, badute beren kode eszenikoa eta arte eszeniko ugari: dantza, mozorroa, bertsoa, gorputz mugimendu kodifikatua, erretorika jakin bat. Hori guztia elkarbana-tzen dute, baina bakoitzak badu bere kodea.
- Euskal Herriko beste toki batzuetan gorde diren ohiturekin ba al dute harremanik?
Mairuen eta kristauen arteko festak Pirinioan ikusten dira. Otsagabiko dantzak ere borrokak dira. Toki batzuetan, garatu da modu batez; eta beste tokietan, beste batez. Esentzia bera da, baina estetika desberdina. Herri bakoitzak identifikatu du antzezpen, dantza edo zernahi herriko izaerarekin, eta horrek indar handiagoa eman dio arte eszeniko horri.
Araban, esate baterako, Judas deitzen duten panpin bat erretzen dute Aste Santuan urtero; Judas horri leporatzen zaizkio herrian eta munduan gertaturiko gaitz guztiak.
- Badirudi maskarada eta pastoralen berpiztea izan dela.
Bertako jendea parte hartzeko gogo handiarekin da orain, lehenago ez zegoen horrelakorik. Globalizazioan, identitate krisi handia dago, ez hemen bakarrik, eta herri askok bere nortasuna bilatzen du.
- Beste liburu bat prestatzen ari zara. Edukia aurreratu dezakezu?
Badut esku artean gutxiengoan dauden herrien eta garapen kulturalaren arteko harremana ikertzen duen liburu bat. Bukatzen ari naiz. Liburu horretan, batez ere, laugarren mundua deitutakoaren analisia egin dut, kulturaren ikuspegia aintzat hartuz.
Alegia, laugarren mundua litzateke lehenengo munduan bertan bizi diren taldeak. Normalean talde horiek estatu handi aberats horietan zokoratuak eta pobreak dira; ari gara eskimalez, laponiar jendeaz, Australiako aborijenez edo Ipar Ameriketako natiboez. Horiek gaur egungo mundu kolonial postmodernoan beste era batean antolatzen dituzte gauzak. Kultura garatzeko proiektuak barnetik egin eta planteatu dituzte, eta haietan ikusten da izaera kulturalari berriro eusteko gogo handia dagoela. Beraz, zer-nolako erakunde, zer- nolako azpiegitura garatzen dituzten aurrera jotzeko... hori guztia aztertzen ari naiz esku artean daukadan liburuan.
Dokumentuaren akzioak