Dokumentuaren akzioak
«Giltza topatzeko kulturaren hondoraino egin behar da igeri»
Juan Antonio Urbeltz. Folklore aditua.
Urteak daramatza koreografia tradizionalaren atzean dauden elementuak eta sinboloak ikertzen Juan Antonio Urbeltzek (Iruñea, 1940). Orain ere ez dago geldirik:bi liburu eta beste hainbeste ikuskizun lantzen ari da.
Tradizioa vs berrikuntza. Oraindik ataka horretan al daude euskal dantza tradizionalak?
Ez da tradizioa berrikuntzaren aurka. Gauzak onak dira, ongi pentsatuta eta irizpideekin egiten badira, ez bestela. Hori da arazoa. Dantza edo musika, norberak nahi adina antzinakoak dira, eta norberak nahi adina garaikideak, ez baitaude denboran finkatuta: dantza egiten den aldi bakoitzean dantza bat eraikitzen da. Guztia garaikidea eta arkaikoa da aldi berean. Gu hizkuntza ikaragarri zahar batean ari gara hizketan. Eta,orduan, euskara zer, ez da garaikidea? Nola ez da ba garaikidea izango! Izango ez balitz ezingo genuke elkar ulertu ere egin. Herri orok bere kultura herrikoian nukleo sortzaile bat du, gaitasun sortzailea duena. Eta kultura tradizional horretatik kultura unibertsala egin dezake. Bi gauza behar dira horretarako: sentsibilitatea eta adimena. Euskaldunok badugu zerbait hor barruan, baina jakin egin behar dugu non dauden hori ateratzeko giltzak.
Nola asma daiteke giltza horiek ateratzen?
Giltza topatzeko modu bakarra kulturaren hondoraino igeri egitea da: metaforen munduraino jaistea, dantza tradizionalek dituzten metaforetaraino. Ezagutzeak sortzeko bidea ematen dit. Ez badut ezagutzen, aldiz, edozein zentzugabekeria egin dezaket.
Eztabaida horren erdigunean daude dantza txapelketak ere.
Berria berria izateagatik ona delako ideia dago. Ez dut inor mindu nahi, baina hala iruditzen zait. Sustatzeko dira txapelketak. Baina hori jada ez da existitzen, ez da existitzen duela 50 urtetik. Zer gertatu da horrekin? 50 urtean manierismo bat indartu da estiloei dagokienez. Inor ez da inoiz horrela dantzatu, eta horrela dantzatzen da. Eta dantza tradizionalei buruz ari gara. Eta ez hori bakarrik, zentzugabekeria horretatik dantza garaikidea irteten da. Gainerako guztiek inozoak izan behar dute. Hori ez da gertatzen Europako herrialde bakar batean ere. Ezin da guztia nahastu, inork ez du egiten, inork ez du egin. Ezjakintasunetik soilik egin dezakezu hori. Begira zein hitz ari naizen erabiltzen. Ezjakintasunetik egin daiteke, ergelkeriatik. Orain alemanez hitz egiten hasiko banintz bezala da, eta fonema guztiak asmatzen hasiko banintz bezala. Eta, gainera, sinesten dut alemanez hitz egiten ari naizela, eta nire amak dio alemanez oso ongi hitz egiten dudala. Astakeria da. Dantzarekin gauza bera gertatzen da. Ezin dira horrelako gauzak egin. Bakoitzak nahi duena egiten du, baina horrek ardura sozialei buruz hitz egitera behartzen gaitu. Nik ardura soziala dut
Zergatik uste duzu gertatzen dela hori euskal dantzekin?
80 urteko orientazio ezaren zati da. Beste gai garrantzitsu bat ere badago 60ko hamarkadan, Jorge Oteizarekin. Zer da? Abangoardia.Kultura tradizionaletan, eta folklore deituriko folklorean, abangoardia atzeragoardian dago. Jakitean zer metafora, zein elementu dauden hor. Esaten da: hau abangoardia da. Baina zer abangoardia, zer arraiori buruz ari gara hitz egiten! Zein elementu garrantzitsu eta misteriotsu dauden atzematen saiatu behar dugu, eta dantzaren bizitasunari buruz jakin behar da. Oraingo dantza moduak ez dira sekula jendearengan egongo. Dantza garaikide deiturikoa sozialki noiz izango da aldarrikatua? Sekula ez. Eta ikusleek iraun dezaketena iraungo dute. Baina, bai, espero dugu Baztango mutil dantzek edo Oñatiko dantzariek irautea. Berreskurapenak testuinguru horiek bilatuz egin daitezke. Ez dago beste aukerarik.
Euskal dantza tradizionalak asmatzea zilegi al da?
Bai, noski. Zaila da, baina beste edozein gauza bezain zaila eta erraza. Zerekin osatzen duzu dantza bat? Dantza bat musikarekin, eta musika hori, erritmo batekin, eta erritmo horrek markatzen dizkizu tradizioan dauden urrats batzuk.Jantzi tradizionalek, testuinguruak eta bertan dauden metaforek ere osatzen dute dantza.Eta horrekin guztiarekin baduzu dantza tradizionala. Dantza berri bat birsor daiteke. Baina gauzak kokatzen jakin behar da. Pertsonalki, topikoetatik urruntzea lortu nahi dut. Baina, noski, irudimenik ez dagoenean topikoak dira baliabide.
Publikoaren aldetik zer jarrera antzematen duzu?
Publikoa pixka bat pasibo ikusten dut. Ea zer ematen diozun zain. Ikusgarritasuna lortu nahi da. Dantzan garrantzitsua den gauza bat dago: bizitasuna. Eta guk herri gisa sasoia daukagu, eta hori oso garrantzitsua da. Rodney Gallop-ek bere liburu batean zioen: «Europako herri kulturek euskaldunengandik
ikasi behar lukete, maxima hau baitute euren kultura mantentzerakoan: ahaire zahar huntan bi berset berririk». Hau da, ardo berria kupel zaharrean. Baina hori ez du inork aplikatzen. Hemen dagoen honek salbu. Orduan, zein da ardo berria? Sorkuntza. Eta zein kupel? Musika ezaguna izatea, jantziak eta koreografiak jendeak ezagutzea…Zerbait berria egiten duzu, baina zaharraren zaporearekin.
Gaur egun kupel zahar hori falta dela uste duzu?
Ez, ez da falta. Gu gaude. Sorkuntza prozesu bakoitza hiru oinarriren gainean finkatzen da. Eremua dantza tradizionala da adibide honetan. Ingurua da bigarren oinarria, eta hirugarren oinarria, berriz, pertsona da, —kasu honetan, Urbeltz—. Eremu hori aldatzeko planteamendua ingurua da, hor inguruan dauden guztiak, eta horiek ez didate urrats bat ematen utziko. Noski, bazterreko bideak daude, baina ez dira inora helduko. Ezerezetik sortzea, guztia asmakizuna izatea, izaerarik ez duen herri baten zeinuak izango dira. Hori oso larria da.
Etorkizuna nola ikusten duzu?
Ondo ikusten dut, baina pasatzen da gauza bat. 60ko hamarkadan hasi ginenean Argiarekin, jarri genituen 500 bat doinu. Plazaratu genituen jantziak, dantzak… eta gaur egungo taldeek, jan dute dena, baina digestioa egin behar dute. Eta digestioak, agian, 50 urte iraun dezake. Orain pausatu egin behar du. Orduan, basamortu bat zen. Dantza asko 1936tik dantzatu gabe zeuden; inor ez zegoen dantzarako. Lan guztia zabaldu genien Euskal Herriko talde guztiei
Dokumentuaren akzioak