Dokumentuaren akzioak
«Gaztediko belaunaldi guztiak batu genduzan 50. urteurrenean»
Joselu Angulo, Gaztedi 1991-2001 liburuaren egilea
Bilboko Santutxu auzuneko Gaztedi Dantzari Taldearen inguruan idatziriko bigarren liburua dogu Gaztedi 1991-2001; honako hau taldeko presidente Joselu Angulok idatzi dau.
1991-2001 hamarkadea jaso dozu liburuan. Hamar urteotan liburu bat egiteko adina jazoera bizi izan ditu Gaztedi taldeak?
Bai, noski. Halan eta guzti be, nik idatzi dodan liburua, Gaztediren 40. urtemuga dala eta Jabier Ericek idatzi ebanaren jarraipena da. Fijetan bazara, 165. orrian hasten da liburua, bai eduki aldetik baita forma aldetik be Ericeren liburuaren jarraipena da.
Gaztediren 40. eta 50. urtemugetako ospakizunak jaso dozuz liburuan.
Bai, Gaztedik 40 urte bete zituanean idatzi eban Ericek liburua, baina urtemuga ospatu aurretik. Horregaitik, oraingo liburuan, bai bateko bai besteko ospakizun ekitaldiak batu ditut.
50. urteurreneko ekitaldiak sano bereziak izan ziran zuontzako.
Bai, orain dala 50 urte Gaztedi sortu zanetik taldean ibilitako pertsona guztiak batzea lortu genduan. Nire eritxiz, hori izan zan 50 urteek ekarri eben gauzarik politena. Arriaga antzokian Eusko Ederti, Belaunaldiz Belaunaldi ikuskizuna egin genduan. Gaztediko belaunaldi guztiek dantzan egin eben.
Gazteleraz eta euskeraz idatzitako liburua da.
Bai, hizkuntza biak erabili doguz irakurri gura daben guztiek aukerea euki daien. Orri bikoitiak gazteleraz idatzi dodaz, eta bakoitiak, euskeraz. Ericeren liburuak orri bikoitiak zituan euskeraz, eta bakoitiak, gazteleraz. Baina liburua zabaldu eta lehenago ikusten dira bakoitiak. Horrexegaitik, oraingoan, euskeraz idatzi doguz horreek.
Doguz esan dozu. Batek baino gehiagok idatzi dau liburua?
Nik gazteleraz idatzi dot, eta Arkaitz Zarragak eta Ana Santosek euskerazko itzulpenak egin ditue.
Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo, hainbat herritan izan zarie Gaztedikoak.
Bai, liburuko azkenengo atalean Gaztediko dantzariak egon diran herrien zerrendea osotu dot. Alacanten, Haron, Oviedon, Idahon, Portugalen, Errumanian... Zerrenda amaigabea! Herri eta herrialde guztietan, ganera, primeran hartu gaitue.
Liburuko azkenengo atal horretan be gaur egun Gaztedik daukan arazo larrienetakoaren ganean egin dozu berba. Bilboko Udalak zaharrentzako egoitzea egin gura dau Gaztedi dagoen lokalean. Eta Aita Txanton aitatzen dozu.
Aita Txanton karmeldarrak sortu eban Gaztedi. Pentsetan dot orain gure artean egongo balitz, eta 51 urtetan Gaztedirena izan dan lokala bere karmeldar anaiek Bilboko Udalaren esku itzi dabela ikusi ezkero, triste-triste sentiduko litzatekeela. Karmeldarrek guri ezertxo be esan barik emon eutsien Udalari lokala. Goiko solairuetan dagoen Sorgintxulo gaztetxeko neska-mutilen bidez jakin genduan karmeldarrek egindakoa. Lotsagarria benetan!
Serioegi ez ete gara ipini... Liburua zabaldu eta hara non azaltzen dan Xake.
(Barre egiten dau) Bai, Gaztedikoon txakurra dogu. 1993. urtean topau genduan kalean; zazpi hile besterik ez zituan. Dagoeneko, hamar urte daroaz gurekin, Gaztedikoekin. Guk bera zaintzen dogu eta berak gure lokala zaintzen dau.
Karmeloko lokal barik be urte gehiago beteteko prest ?
Bai, horixe!
Dokumentuaren akzioak