Dokumentuaren akzioak
«Gazteak dantzan jartzea oso zaila da, nahiz eta gehienek badakiten»
Gari Otamendi Dantzaria eta Arrabots taldeko arrabita-jotzailea
-Nola sortu zen Arrabots?
-Arkaitz Minerrek eta biok elkar ezagutzen genuen. Jokin
Otamendi, nire anaia, Tapia eta Leturiarekin eta Juan Antonio
Urbeltzekin hasi zen dantzaldi gidatuetan. Esperientzia zeukan, eta
guri talde bat sortzea roposatu zigun. Gero eta gehiago elkartzen hasi
ginen eta hortik sortu zen dantza-piko taldea martxan jartzeko ideia.
Hasieran ez genuen oso garbi ikusten, baina gero eta dei gehiago
jasotzen hasi ginen, eta aurrera jarraitzen dugu.
-Arrabita jotzen duzu zuk.
-Bai, hori da gure taldearen berezitasuna. Arrabita
biolin klasikoaren antzekoa da, baina ez da berdina. Arkaitzek eta biok
euskal musikan berreskuratu nahi dugun zerbait da. Dokumentatuta dago
Arraten, Eibarren edota Areso bezalako herrietako erromerietan bibolina
jotzen zela, baino galdu egin zen.
-Erromeriak ere galtzeko zorian daudela uste duzu?
-Bai, batez ere gaur egungo gazteoi gero eta gehiago
kostatzen zaigulako dantzan hastea, plazara ateratzeko lotsa
alboratzea. Talde bezala daukagun helburua praktikoa eta sinplea da:
jendeak erromeriekin gozatzea.
-Zailena plazara ateratzeko lotsa galtzea dela diozu. Hori gainditzen laguntzen dute dantzaldi gidatuek?
-Bai, noski. Guk egiten duguna gauza ezaguna da, baina
egia da oraindik ere plaza askori kosta egiten zaiola...Lanik zailena
txispa hori piztea izatea da, eta hor gidariak asko laguntzen du. Gure
emanaldietan hasieran hiru edo lau ateratzen dira, korrotxo bat egiten
dute, baina gutxinaka dantzari kopurua handituz joaten da.
Animatzaileek erromeriak berpizten lagundu dezakete.
-Erantzuna positiboa izaten da, beraz.
-Bai, eta hori bultzatu behar da. Denetatik tokatzen
zaigu hala ere, herri batean ikastaroak egin baldin badira, normalean
jende gehiago aritzen da dantzan. Hori bai, gazteak dantzan jartzea oso
zaila da, eta pena da, gehienek badakitelako. Erromeria gainbeheran
dago, baina horri buelta emateko lanean gaudenak asko gara.
-Zer proposatzen duzue egoerak hobera egin dezan?
-Martxoan erabaki genuen taldearekin aurrera egitea, eta
horixe egin dugu udan: jasotako formula batekin aurrera egin. Ez dugu
ezer asmatu. Gure helburuak soinu propioa lortzea, berrikuntzak sartzea
eta noski, erromerien berpizkundean laguntze dira. Hori lortzen badugu,
ez da gutxi.
Dokumentuaren akzioak