Dokumentuaren akzioak
«Gauza garbi bat, minimoa egin nahi genuen»
Idoia Zabaleta, Borja Ramos eta Isabel de Naveranen “La puta inocencia” lana Seine Saint Denis dantza lehiaketa garrantzitsurako aukeratu berri dute
Seine Saint Deniseko sariketarako aukeratzeak oihartzun handia izan du...
Horri buruzko zerbait banekien, baina aurten izan dut hurbilen txapelketa hori, txapelketa deitu badaiteke-edo. Bilbon hirugarren aldiz egin da aurten La Fundicion aretoan. Beste batzuetan Arriaga eta Barakaldon antolatu dira emanaldiak; oraingoan, ordea, La Fundicionen. Formatu aldaketa bat izan da: areto txiki baten egiteak eragin handia du, publikoa ere ezberdina izan ohi da... Beste bide ezberdinetan ari direnen aldeko apostua egin du aurten Seine Saint Denisek.
“La puta inocencia” aurkeztean buruan al zenituzten Pariseko dantza topaketok?
Nik behintzat ez nuen aukera horretan pentsatu ere egin. “La puta inocencia” esperimentu bat zen niretzat, eta bazuen bere arriskua. Baina oso atsegina da zuk nahi duzuna egin eta horrela baloratzea.
Lan nahikoa berezitxoa da “La puta inocencia”, ezta?
Bai, apur bat berezia bada. Ezin daiteke edozein antzerkitan taularatu.
Zein baldintza bete behar dira?
Publikoa oso gertu egon behar da, hori ezinbestekoa da. Horretaz gain, hogei minutuko lana denez, programatzeko ere ez da oso erreza. Antzerki lan bezala mugitzea zaila da, aretoetarako-eta beharbada aproposagoa da.
Lana bera egiteko prozesua ere ez da oso ohikoa, ez?
Hiru lagun aritu izan gara “La puta inocencia” egiten: Borja Ramos, Isabel de Naveran eta hirurok. Bakoitzak bere aldetik egin du lan; La Fundicion aretoan urriaren 19ko emanaldian elkartu genituen hiru lanak lehen aldiz une eta leku berean. Inozentzia aukeratu genuen gai bezala; hori izan zen gure hausnarketa abiapuntua. Gaia eta denbora; hirurok hogei minutu geneukan, ez gehiago ez gutxiago.
Zer dela eta iraupen mugatu hori?
Borjaren lanak besteona baldintza zezakeen, eta horregatik hogei minutuko muga hori. Borja Ramos pieza sonoroaz arduratu da; Isabel eta biona luza edo labur zitekeen baina Borjarena ez.
Beraz, bakoitzak bere aldetik egin du lan.
Lan prozesu batek ez du bestearena kutsatu. Kide bakoitza bere kabuz aritu izan da; baina Isabel eta biok, adibidez, asko hitz egin dugu; gure kezkak konpartitu ditugu pieza osatu bitartean. Isabel artista bisuala da, berarekin lan egiten dudan lehenengo aldia denez, gehiago hitz egin behar izan dugu. Borja eta biok batera aritu izan gara beste batzuetan ere, hortaz oso ondo ezagutzen dugu elkar. “La puta inocencia” egiterakoan laster egingo dugun pieza handiagoa izan dut buruan: lan horretan Isabelek ere parte hartuko du, eta hau horretarako urratsa izan da.
Emaitzarekin gustura zaudete, ezta?
Bai, taula gainean bat egin genuen agerraldian. Hirurok bat egin dugula esan daiteke: Isabelek errepetizioaren kutsua eman dio bere lanari, Borjak taupaden antzeko soinua lortu du, eta nik tempo, kadentzia oso motela erabili dut baita. Badago hor nolabaiteko batasuna. Kasualitate hutsa ere ez da izan, noski. Borja eta biok gehiagotan egin dugu lan batera; hurrengo lanean ere elkarrekin izango gara, beraz badakigu zer nahi dugun. Hasieran biok bakarrik egin behar genuen pieza, baina nik Isabel gonbidatu nuen.
Nola sortu zen inozentziari buruzko pieza egiteko ideia?
Zerbait garbia, minimoa egin nahi genuen, horregatik aukeratu genuen inozentzia abiapuntutzat.
Parisera joan orduko “La puta inocencia”ren beste emanaldiren bat egiteko asmoa duzue?
Nahiko genuke zerbait egitea, baina oraindik ez dakigu; Gasteizko gaztetxean agian...
Seine Saint Deniseko topaketak norberaren lana ezagutarazteko bide aproposa da, ezta?
Parisen jende askok ikusiko gaitu; mundu osoko programatzaileak bertan izango dira. Hori oso ondo datorkigu, batez ere hurrengo lan horretarako. Ez da erraza Europako zirkuituetan sartzea, baina maiatzean Parisen egingo dugun agerraldiak gauzak asko erraztuko ditu.
Aipatu duzun lan hori Moare taldearekin izango da, ezta?
Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso dugu eta lana martxo-apirila aldean estreinatzeko asmoa dugu. Borja eta Isabel ere izango dira lan horretan; baita German eta Jorge Jauregi, Danel Ibisate...Gure hasiera puntua denbora izango da; horren inguruko gogoeta egin nahi dugu.
Dokumentuaren akzioak