Dokumentuaren akzioak
«Gaurko dantza bikoteek ez dituzte hankak trabatzen»
Kepa Illarreta, Dantza irakaslea eta epaimahaikidea
Aietekoa (Donostia) da Kepa Illarreta. Han jaio zen duela 65 urte. Han egin zen dantzari, dantza irakasle eta, azkenik, lehiaketetako epaile. Emaztea dantzan ezagutu zuen, eta bien ondorengoek ere, Amaia eta Miren Illarreta alabek, gurasoek hasitako bideari jarraitu diote. Euskal dantza askatuari eskainitako bizitza da harena. Horregatik omenduko dute.
Zer sentitzen duzu omenaldia jasoko duzun egunaren bezperan?
Egia esan, oso berri pozgarria izan da. Horrelako gauzak beti etortzen dira ondo. Gustura nago.
Batzarrean [Euskal Dantzarien Biltzarraren urteko bilkura] urteko errepasoa egingo dugu, eta gero izango da omenaldia. Dantzarako tarterik izango da, baina nik ez dut egingo; hankek jada ez baitute egiten buruak agintzen diena.
Zer eskaini diozu dantza askatuari orain omenaldia merezi izateko?
Gaztea nintzela hasi nintzen dantza egiten. 17-18 urterekin Aieteko Saileko dantza taldean sartu nintzen. Iñaki Ibero izan nuen irakasle.
Behin, Aieteko festa batzuetan ikusi nuen gazte jendeak ez zuela dantzarik egiten, eta kezkatu egin nintzen; gazteek ez baitzekiten dantza askatuan egiten. Orduan bururatu zitzaidan fandangoa eta arin-arina irakasten hastea. Hamabost bat urtez jardun nuen Aieten dantzak irakasten. Ikasle asko izan ditut, ehun baino gehiago igoal. Gero Amara Zaharrean jarraitu nuen eginkizun berean, 70eko hamarkadan.
Zure ikasle batzuk dantza bikoteak osatu eta lehiaketetan parte hartzen hasi ziren. Zure alaba behin baino gehiagotan irten da garaile.
Bai, dantza solteko txapelketetan parte hartzen hasi ziren pare bat bikote zaildu nituen. Eta nire alaba zaharrena, Amaia, hiru bider izan da Euskal Herriko txapelduna.
Urteek ematen duten ezagutzari esker, azkenean, zerorrek epaitzen dituzu orain dantza bikoteak.
Bai, hala da. Hala ere, jardun horretan ere arazoak izaten ditugu. Epaimahaikide guztioi ez zaizkigu gauza berak gustatzen. Bakoitzak bere begiekin ikusten ditu dantzak.
Zein da zure gustukoa? Zein dantza estilo irakatsi izan duzu?
Gaurko bikoteek ez dute, lehengoek egiten zuten bezala, hankarik trabatzen. Hanka puntetan asko jartzen dira, baina ez dituzte hankak trabatzen. Zailagoa izan arren, gisa horretan egin behar da dantza askatuan.
Gazteek ez al dituzte errespetatzen jatorrizko fandangoa eta arin-arina ?
Batzuek bai eta beste batzuek ez. Nire bi alabek adibidez, nire estiloari jarraitu diote... Denetarik dago.
Lehen gazte gutxik zekiten dantzan, horregatik hasi zinen irakasten. Zein da gaur egungo egoera?
Lehen auzo osoak ikasten zuen. Orain eskola asko daude, baina haien funtzionamendua ez da egonkorra. Bestalde, haur txikientzat eskola gutxi daude. Eta noski, dantzan ahalik eta gazteen hastea komeni da.
ikasle askoren irakaslea
«Hamabost bat urtez jardun nuen Aieten dantzak irakasten. Ikasle asko izan ditut, ehun baino gehiago»
Dokumentuaren akzioak