Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Gaur ezagutzen dugun txitsua Ilustrazio garaian egokitu zuten»

Dokumentuaren akzioak

«Gaur ezagutzen dugun txitsua Ilustrazio garaian egokitu zuten»

Jose Inazio Ansorena, Txistularia

Egilea
Josean Agirre
Komunikabidea
Gara
Mota
Elkarrizketa
Data
2002/05/22

- ­Noizkoa da txistua?



Jendeak betikoa dela pentsatu ohi du. Gaur ezagutzen dugun txistua Ilustrazio garaian jauntxoek egokitu zutena da eta ondoren zabaldu zen herrira. Zaila da zehatz-mehatz txistuaren historia egitea. XII. menderako Europan oso zabalduak daude txistua eta danborra. XII. mendetik XV. mendera oihaletan, elizetako kapiteletan eta beste hainbat lekutan agertzen dira. Baina, garbi dago orduko instrumentua desberdina dela. Kontuan izan behar da sistema tenperatua ere, hamabi notako eskala darabilen musika sistema, XVIII. mendean zabaldu zela eta horrek egokitzapena ekarri zuen.



- ­Zer aldaketa ezarri zizkioten txistuari?



Afinatu egin zuten eta ganbera musikarako egokitu. Egiteko horretan esku-hartze garrantzitsua izan zuten Mantellitarrek, Bergarako Seminarioan lan egin zuen lautier eta biolin-jotzaile familiak. Biolinak egiteaz gainera, txistuak ere egin zituzten eta gaur ezagutzen dugun txistua ordukoa da. XIX. mendearen hasieran Iztuetari, esate baterako, izugarri arrotz egiten zitzaizkion ilustratuek egindako egokitzapen horiek, baina oso azkar zabaldu ziren. Gaur orduko txistua egingo zitzaigun arrotz.



- ­Gaur Musikasteren barruan emango duzuen kontzertuan joko al duzue Ilustrazio aurreko piezarik?



Esan dudan bezala, orduko txistua egiten zaigu arrotz eta hori frogatzeko pare bat pieza joko ditugu garai hartakoak. Erabiliko ditugun txistuak berriak dira, baina garai hartakoen antzera eginak, ez baita ordukorik gordetzen. Tamainaz handiagoak ziren, afinazio erabat arruntekoak, eta, noski, soinu arkaikoagoa ateratzen zaie, dantzarako oso aproposa. Guk "Erraldoi martxa" bezala ezagutzen den pieza bat eta "Ehun dukatekoa" deitua joko ditugu. Askok halako arabiar aire bat hartuko diote txistu zahar horri. Guk bi pieza horiek interpretatzen ditugun bitartean Jon Maia dantzari errenteriarrak dantza egingo du.



-Sei garaitako piezak jotzeaz gainera, garai bakoitzaren atariko gisa argibideak emateko asmoa omen duzu kontzertuan.



Musikasteko arduradunek emanaldi didaktikoa nahi zuten, eta, garai bakoitzaren sarrera gisa, agerpen labur batzuk egingo ditut. Egitarauan, esate baterako, egile ezezaguneko hasierako bi pieza horien ondoren XVIII. mendeko berrikuntzak agerian jartzen dituzten hiru pieza joko ditugu. Horietatik lehenak, "Martxa heraldikoak", aldakuntzen berri emango du; bigarrenak, "Le basque" eta "La biscayenne", Marin Marais musikagile frantziarrak egindakoak dira eta euskaldunok kanpotik nola ikusi gaituzten adierazten du. Hirugarrena Penintsula osoan eta bereziki Balear Uharteetan oso zabaldua dagoen fandangoa da. Hortik XIX. mendeko herri dantzetara pasatuko gara eta ni mende horretan txistuak sufritu zuen krisialdiaz mintzatuko naiz.



-Zein da krisialdi hori?



Txistuak gizartean zituen egitekoak ahuldu ahala garrantzi ideologikoan irabazi zuen. Karlismoak asmatu zizkion egiteko ideologiko berriak. Santa Kutz apaizak, esate baterako, txistuarekin bakarrik uzten omen zuen dantza egiten.



- ­Txistulari Elkartearen 75. urtemuga delako programatu du zuen kontzertua Musikastek. Zer garrantzi du elkarteak?



Karlismoak txistuari ezarri zizkion egiteko ideologikoek bakarrik ez dute azaltzen Euskal Herrian txistuak izan duen jarraipena. Txistulari bandek izugarrizko lana egin zuten txistuaren berrikuntzan. Zenbait banda, gurea esaterako, XIX. mende hasierakoak dira. Hala ere, ezin dugu ahaztu orain 75 urte jaio zen elkartearen garrantzia. Txistuaren alde egin zuen eta egiten ari den ahalegina ezinbestekoa da txistuaren garapena ulertzeko.



-Bide berriak urratzen saiatu direnen pieza batzuekin bukatuko duzue emanaldia.



Sabin Bikandi bereziki eta Tomas Garbizu bera ere txistuarekin musika berria egiten saiatu diren musikagileak dira eta horien pieza bana joko dugu. Eta, emanaldia amaitzeko, Karel Salomon alemaniar musikagileak flauta eztirako idatzitako pieza bat joko dugu, txisturako ere berdin-berdin balio duelako.

Dokumentuaren akzioak