Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Gaur egungo dantza guztiek ukan dute barrokoaren eragina»

Dokumentuaren akzioak

«Gaur egungo dantza guztiek ukan dute barrokoaren eragina»

Marie-Genevieve MASSE, L''Eventail konpainiaren koreografoa

Egilea
Ainize Butron
Komunikabidea
GARA
Mota
Elkarrizketa
Data
2001/09/12

Biarritzen datorren irailaren 22 arte izanen den Maitaldia dantza jaialdiaren kariaz agertzen ari diren dantza emanaldien artean, Marie-Genevieve Massek gaur arratseko bederatzietan dantza barrokoaren inguruko ikusgarri bat eskainiko du. Koreografoak berak, atzo adierazi zuenaren arabera, gaur egun ezagutzen diren dantza klasiko eta modernoak barrokoa ukan dute oinarri.

Jakinez gaur egun dantza talde gehienek modernismoa lantzen dutela, zertarako hautatu duzu barrokoa?

Ondarearen urtea genuela, frantziar Estatuan musika-entzunaldi nazionala izan zen. Musika-entzunaldi honetan, dantza ikertzaile eta dantzaria den Lancine Lancelot zegoen. Garai horretan, honela, gobernuak diru-laguntza eskaini zion dantza barrokoaren lehen konpainia sortzeko. Lancelotek hautatu ninduen konpania horretan aritzeko, eta hastapenetik, dantza mota honetaz maitemindu nintzen. Orduz geroztik, dantza mota hau lantzen jarraitu dut, 1985ean L''Eventail izeneko nire konpainia sortuz. Aldi berean, klasikoa eta modernoa lantzen jarraitu dut, teknika barrokoa hobetzeko.

Askotan barrokoa aipatzen delarik, dantzaren ikuspegi estatikoa daukagu, klasiko eta modernoaren aldean...

Bai dantza klasikoa eta bai barrokoa dantza akademikoaren ildoan daude. Ildo honetan, erran genezake, klasikoa barrokoaren alaba txikia dela. Dantza barrokoan, nire irudiko, musika oso sentsuala, antzezpenerako lekua eta dibertsitate handia ageri dira. Horrek ematen dio bizitasuna, hain zuzen, dantza honi.

XVIII. mendearekin alderatuz, dantza honek zer bilakaera ukan du?

XVII. mendean nola dantzatzen zen esplikatzen duten dokumentuak baditugu. Bestalde, 1700. urtean argitaratua izan den koreografia idatziak badauzkagu. Horrek eman digu aukera laurehun koreografia berriz idatzi ahal izateko. Hauekin ikerketa lana egiten dugu, barroko dantza izan zenari ahal bezainbat hurbildu ahal izateko. Bistan da, irakurtzen dugunaren interpretazio bat baizik ez dugu agertzen gure lanetan, eta horrez gain, dantzariak ere XXI. mendekoak ditugu. Beraz, ziur da, gaur egun azaltzen diren jazz, klasiko eta dantza garaikideak anitz eragiten digute, baina beti saiatzen gara dantza barrokoaren oinarriekin bat egiten.

Gaur egun erran al genezake dantzaren munduan teknika zaharren berreskuratze prozesuan gaudela?

Mediatizazioaren bidez, mundu guztian berdintasun prozesuan gaude. Egoera honetan, kultur ondasuna lantzeko nahia ageri da. Horrexegatik, nire irudiko, lehenago egiten zenak interesa piztu du maila guztietan. Dantzari berari dagokionez, barrokoa XVII. mendean frantziar Estatuan sortutako dantza mota bat dela jakin badakigu. Honen ondotik, Luis XIV erregeari esker, Europa guztian zabaldu zen, gorte eta eskualde guztietara hedatuz. Historikoki ukan duen garrantzia honetatik kanpo, gaur egungo dantza estilo guztiak ukan dute oinarritzat barrokoa. Horrek dantza mota honi, dantza barrokoari alegia, garrantzia anitz eman dio.

Aipatu duzu dantza barrokoak Europa osoan izan duen garapena. Erran al genezake euskal dantzak ere barrokoaren eragina izan duela...

Nire irudiko bai, nahasketa bat izan da. XVII. mendearen aitzin gortea ibiltaria zen, eskualde guztietara mugituz. Garai horretan, pobreenek eta aristokratek, denek egiten zuten dantza. Ondotik, gortea leku batean geratu zen. Garai horretan, hain zuzen ere, sortu zen barrokoa eta herri guztietara zabaldu. Herri dantza bilakatu zen, garai horretan jadanik eskualdeetan zeuden dantzen eta barrokoaren arteko nahasketa izan zen ezinbestean. Barrokoak, dantza klasiko eta modernoaren aldean, benetan herri guztietara zabaltzeko aukera izan du. XVIII. mendean, berriz, dantza profesionala bilakatu da. Ondotik, Euskal Herritik kanpo, beste eskualde gehienetan garai horretako dantzak desagertzen joan dira.

Euskal Herrian zarela, Claude Iruretagoiena dantzariekin izan al duzu hartu-emanik?

Bai, astelehenean Iruretagoienak eskainitako dantza ikastaldi batean izan nintzen. Eta nire konpainiako dantzariek euskal dantzak ikasteko ikastaldiak antolatuko ditut. Izan ere, bi dantzen artean berdintasunak badira ere, euskal dantzak oso birtuosoak dira, barrokoan, berriz, ez da horrelakorik gertatzen. Hau da, euskal dantzak beti ukan du gizartean leku handia, egun ere bai; leku hori dantza barrokoak galdu egin du, ordea. *

Dokumentuaren akzioak