Dokumentuaren akzioak
«Gari beltza», freskotasuna ballet biarritz juniorren eskutik
Ez ditu berrogeita hamar metro koadro izango Egia kultur etxeko aretoak. Ate tartetik, jauzika pasatzen ikusten dira dantzariak, ibiliaren ibiliaz punta higatua duten oinetakoak jantzita. Sartu eta ezkerretara, pareta osoa bere egiten duen ispilu erraldoia. Alboetan, elastikoak, probasaiorako eserlekuak, praka luzeak, ur botilak, desodoranteren bat edo beste... Eta, erdian, Ballet Biarritz Junior osatzen duten hamar dantzariak; hiru mutil eta zazpi neska. Berotze ariketak egiten ari dira bihar estreinatuko duten «Gari Beltza» obraren probasaioa hasteko. Jatorriz, Estatu frantses eta espainolekoak, Ingalaterrakoak, Euskal Herrikoak (gipuzkoarrak zehazki, Irma Hoffren eta Miren Gomez) eta beste bi Kataluniakoak dira. Dantzari gazteok -18 eta 22 urte artean dituzte- iazko frogen ostean lortu zuten Ballet Biarritz Juniorreko kide bilakatzea, batzuentzat (bi gipuzkoarrak eta Aurelie Luque eta Gisela Riba) bigarren ikasturtea den arren. Egia kultur etxean hartzen dituzte eskolak, Biarrizko talde profesionalaren (Ballet Biarritz, Euskal Herrian jarraikortasuna duen konpainia bakarra) eta Dantzaz elkartearen akordioa medio, profesionalak eratu eta balletaren jendarteratzea bideratzeko sortutako eskolan (Ballet Biarritz Junior, alegia).
Gael Domenger dute irakasle. Parisen jaioa, Ballet Biarritzeko kide da eta, asteburuko estreinaldiari begira, obrari azken ukituak ematen ari direla azaldu du -«Garbiketa egiten», esan du berak-.
«Gari Beltza» Thierry Malandain Ballet Biarritzeko zuzendari eta koreografoaren hiru lanez dago osatua. Domengerrek kontatu duenez, lehenengoak, «Blé noir» («Gari Beltza»), Estatu frantsesean du oinarri: «Frantziako sudurra deitzen dugun horretan, Bretainia eskualdean, gari beltzarekin egiten dituzte krepeak. Bertako tradizioarekin du lotura». Miren Gomez eta Pierre Henrionek -hiru piezetan arituko den bakarra- dantzatuko dute. «Dueto bat da -kontatu du Domengerrek-. Emakume berezi batek krepeak jatera gonbidatzen ditu gizonezkoak» eta, haiekin ezkondu beharrean, engainuaren bidez, hilobira eramaten ditu. Bigarrenak, «Gnossiennes», Erik Satieren musika du oinarri, eta beste bi piezak baino «abstraktuagoa» dela aipatu du: «Balleta eta dantzaren arteko fusio berezia da». Malandainek Quebeceko Ballet Gaztearentzat 2000. urtean sortu zuen obra da eta, dantza-barra bat agertokiaren erdian jarrita, zazpi dantzari ariko dira. Irakaslearen hitzetan, «dantzaz beraz mintzatzen zaigun dantza da».
Azkenak «Dance qu'on croise» du izena («Dantza gurutzatuak» da hitzez hitzezko itzulpena, frantsesez hitz-jokoa den arren) eta Johannes Brahmsen «Hungariako Dantzak» ezaguna du oinarri. Ikasleen hitzetan, azken hau da probasaio gehien eskatu dizkien koreografia eta dibertigarriena suertatzen zaiena. Garai bateko dantza aretoak gogora ekarriz, eserleku luze batean neskak eta bestean mutilak jarri eta euren arteko harremanek jolaserako gonbita egiten dute. Domengerren iritziz, obra honetan ere ikus daitekeen garbitasuna da Malandainen ezaugarri nabarienetako bat: «Bere estiloa garbia da, irudi zehatzarena, eta kaotikoa izan daitekeen koreografia batek baino lan gehiago ematen du. Begitik ondo sartzen den lana da, airea dagoelako. Ez da batere kontzeptuala». Eszenografia xumea dela azaldu du eta argiztapena dela elementu nabarmenenetakoa: «Koreografiaren dekorazioa argitik dator. Subjektuaren gainera doa, hortik eraikitzen dugu espazioa. Gainerakoan, «Dances qu'on croise»-en eserleku luze batzuk erabiliko ditugu, eta «Blé Noir»-en mahai bat, krepez betetako platera gainean duela, eta bi aulki. Oso minimalista, beraz».
Hiru koreografiak batera lantzen hilabete daramate eta, dantzarietako batek azaldu duenez, estreinaldirako irrikaz daude: «Ikuskizuna egiteko gogoz gaude eta, gainera, `Gari Beltza' ez dugunez askotan egingo, arreta osoa dantzatzean jartzen dugu. Orduan, gehiago gozatzen dugu. `Ibilaldi'-rekin -aurreko obra, Ballet Biarritzen lan egiten duten lau koreografoek sortua eta dantzaren historiaren berrikuspen gisara eratua dagoena- jarraituko dugu». Oraingoz, programa osoa ikusteko aukera hiru egunetan izango da, gainerako ikuskizunak eskoletan eskainiko baitituzte eta, horietan, «Dance qu'on croise» soilik dantzatuko baitute.
Estreinaldiari begira, «ohiko urduritasunarekin» baina lasai agertu dira dantzariak. Ohituak omen daude jendaurrekoetara -gehienak 5-6 urterekin hasi ziren balletean- eta egunerokotasunaz mintzatu dira. Astelehenetik ostiralera, 09.00etatik 16.00etara egiten dute lan. Dantza klasikoa eta garaikidea landu eta probasaioak egiten dituzte, eta teknika klasikoko tailerrak, bat-batekoak eta makilaje ikastaroa ere hartzen dituzte -hiru egunekoa, «beharrezkoa ez den arren, euren burua prestatzen jakitea baliagarri izango zaielako», azaldu du Sofia Alforjak, produktore exekutiboak-. Zenbaitetan zaila egiten zaiela esan dute dantzariek: «Batzuetan nekatua sentitzen zara, batez ere hankak, eta eguna bukatzeko desiratzen zaude. Baina, gutxi gorabehera, gorputza jada ohitua dago egunerokotasun horretara; orduak dantzan pasatzera, gauza bera behin eta berriro errepikatzera...». Domengerrek, bere aldetik, probasaioak gogorrak diren arren, konpainia batean aritzea baino arinagoa dela azaldu du: «Lasaiagoa da, ordu gehiago sartzen dituzte eta funtzio gehiago dituztenez -talde gaztea 30en inguruan ibiltzen da, probasaioak ere gogorragoak dira. «Egunero lan egiten jarduteko ohitura har dezatela bilatzen dugu, gorputza prestatu eta lanean arreta jar dezatela. Konpainia profesional batean sartu nahi dute; gogorragoa izango da eta zenbait ohitura hartzen hasi behar dute», azaldu du Domenegerrek eta, ziurtasunez, «dantzari nekatua dantzari ona» izango dela esan du.
Ikasturte amaierari begira jarriak daude Ballet Biarritz Juniorreko kideak. Zortea dutenek konpainia profesional batean kontratua hitzartua dute dagoeneko, hain justu taldeko hiru mutilek. Pierre Henrionek kontratua «erdi-hitzartua» du Marseillako Ballet d'Europen; Mickael Conte Opera de Nancyra joango da; eta Gabriel Barrenengoa zaragozarra Suitzara abiatuko da abuztuan, Maurice Bejartek pertsonalki Lausanan egindako froga batean bere balleterako hautatu ostean. «Zorte itzela izan du -aitortu du Sofia Alforja produktore exekutiboak-, Bejartekin lan egitea ohorea baita edozein dantzarirentzat».
Data: Bihar eta etzi.
Lekua: Egia kultur etxea (Gasteszena).
Ordua: 18.00etan.
Sarrera: 6 euro.
Dokumentuaren akzioak