Dokumentuaren akzioak
«Garaikidea eta klasikoa, biak behar ditut»
Itziar Mendizabal
Ordubetetxoa izaten du bazkaltzeko, 14:00etatik
15:00etara. Gainerakoan, egun osoa dantzan, entseatzen igarotzen du ia.
Hala eta guztiz ere, ez du inolako eragozpenik izan Leipzigetik
(Alemania) telefonoz galderei erantzuteko. Lau urtez Leipzig Balleteko
lehen dantzari izan ondoren, Londresko Royal Balleteko lehen bakarlari
izatera igaroko da abuztuaren erdialdean Itziar Mendizabal (Hondarribia,
Gipuzkoa, 1981). Munduko bost ballet konpainia onenetako bat da
Londreskoa, aditu gehienen ustez.
Londresko Royal Ballet konpainiari baietz esateko, ez
zenuen asko pentsatu beharrik izango, ezta?
Ez, egia esan, ez. Horrelako aukera bat etortzen denean ezin
zaio ezetz esan.
Nola jakin zenuen Royal Balleteko bakarlari izateko
aukera izango zenuela?
Londresen balletak muntatzen dituen irakasle bat etorri zen
Leipzigera. Royal Balleten sartzeko proba egin ote nuen galdetu zidan,
eta nik ezetz, ez nuela uste han sartzeko bezain ona nintzenik. Berak
eraman zuen nire promozio bideoa Londresera. Astebete geroago Monica
Mason Royal Balleteko zuzendariak deitu zidan. Londresera joan,
elkarrizketa egin zidaten, eta lehen bakarlari kontratua eskaintzen
zidala esan zidan.
Leipzig Balleteko lehen dantzaria zara, eta orain
Londresko Royal Balleteko lehen bakarlari izango zara. Zein alde dago
lehen dantzaritik lehen bakarlarira?
Balletean termino nahasi samarrak erabiltzen dira, konpainia
bakoitzak bere irizpideak izaten ditu eta. Leipzigen, adibidez,
dantzariak, bakarlariak eta taldeko dantzariak ditugu. Londresen,
berriz, taldekoak, erdi-bakarlariak, bakarlariak, lehen bakarlariak eta
printzipalak. Teorian ez dut gora egin, hortaz, baina konpainiak eragin
handia dauka, eta Leipzigen lehen dantzari edo Londresen lehen bakarlari
izatea... garrantzitsuagoa izan liteke bigarrena.
Besteak beste, Nureievek eta Fontainek bikote artistiko
modura Londresko Royal Balleten egin zuten distira. Egun zer-nolako
maila du balletak?
Oso maila ona dauka. Hango lehen dantzariak mundu osoan dira
ezagunak. Munduko bost konpainia onenetako bat da, batez ere dantza
klasikoan, baina dantza garaikideko piezak ere egiten dituzte, baita
neoklasikoak ere.
Asko aldatuko al zaizu errepertorioa?
Londresen dantza klasikoa gehiago dantzatu beharko dut. Urtean
135 ikuskizun dituzte Londresen, eta Leipzigen, 50 inguru. Hor aldea
nabaria da. Askoz ere produkzio gehiago egiten dira. Urtean bospasei
klasiko handi egiten dituzte, Beltxargen aintzira eta halakoak;
klasikoaren barruan garaikideagoak direnak ere bai, MacMillan eta
halako koreografoenak, baita gauza modernoak ere.
Noiz hasiko zara haiekin lanean eta nola irudikatzen
duzu Covent Gardeneko estreinaldi hori?
Abuztuaren 23an hasiko naiz haiekin lanean. Gogo handiarekin
nago, baina urduritasun pixka batekin. Dena berria izango da. Dantzariak
berriak izango dira; lan egiteko era, beste bat; maisuak, beste batzuk.
Urduritasun pixka bat badut, erantzukizuna ere badelako halako kargu
bat hartzea.
Zer topatu dute zugan? Zeri erreparatu diote zeu aukera
zaitzaten lehen bakarlari?
Nik esatea zaila da. Pentsatzen dut garrantzitsua izango zela
estilo askotarako malgua izatea. Bai klasikoa eta bai garaikidea
dantzatzeko kapaz izatea. Klasikoa dantzatzen duten askok garaikidea
ezin dute hain ondo egin, edota alderantziz. Agian, ikusi dute esparru
askotan mugitzen naizela, eta, agian, horrelako dantzari bat beharko
zuten. Nire curriculumari ere begiratuko zioten, koreografo askorekin
dantza egin dut, eta ballet klasiko gehienak dantzatu ditut... Badakite,
beraz, esperientzia badudala.
Lau urte inguru egin dituzu Leipzigen. Zein irakaspen
ateratzen duzu hango egonalditik?
Niretzat erakusleiho aparta izan da. Paul Chalmer zuzendariak
mila aukera eman dizkit, berak lagundu dit rol nagusietan hazten, eta
gora egiten. Ikasteko, garatzeko eta urrats handiak egiteko aukera eman
dit.
Iaz, Bennois de la Danse sari ospetsurako hautagai izan
zinen. Nola bizi izan zenuen?
Handia geratzen zitzaidala iruditzen zitzaidan, eta hala
iruditzen zait oraindik ere. Ohore handia izan zen, nahiz eta saria ez
jaso. Hautagai izate hutsa ohorea da, ikusirik munduan zer-nolako
dantzariak dauden gaur egun.
Gipuzkoako errebelazio saria ere jaso zenuen iaz. Baina
euskal dantzari askok eta askok kanpora joan behar izaten duzue lanera.
Behar adinako aitorpenik ba al duzue?
Aitorpena badugu. Azkenaldian jendea hasi da konturatzen euskal
dantzari asko dagoela munduan zehar, eta ibilbide garrantzitsuak egiten,
gainera. Baina egia da ibilbide bat egin nahi baduzu Euskal Herritik ia
derrigorrean atera behar duzula, konpainiarik ez baitago Euskal
Herrian.
Noiz jakin zenuen dantzari izan nahi zenuela?
Betidanik. Lau urte nituela, nik esan nion amari balletean hasi
nahi nuela. Garbi samar izan nuen, gainera, musika klasikoan
espezializatuko nintzela. Jakin-mina guztiagatik izan dut; saltsa
dantzatzen dut, jazza ere probatu nuen... dantza den guztia gustatzen
zait, baina balleta pasio bat izan da beti, hark egiten nau zoriontsu.
Garaikiderako bidea pixkana egiten joan al zara?
Bai, gaur egun konpainia gutxik egiten dute klasikoa bakarrik.
Victor Ullateren konpainian egon nintzenean gauza garaikide asko egin
nituen, eta asko gustatzen zait, gainera, garaikidea dantzatzea. Ezingo
nuke bat bakarrik dantzatu. Biak behar ditut.
Topikoak dio sakrifizio izugarria egin behar izaten
duzuela dantzariek. Zer diozu zuk?
Sakrifizioak egin behar dira, baina beste edozein lanetarako ere
egin behar dira sakrifizioak. Nik uste dut zorte handia daukadala
gustatzen zaidana egiten dudalako. Nik uste dut pribilegioa dela, egia
esan.
Dokumentuaren akzioak