Dokumentuaren akzioak
«Garai batean baino aisa makurrago dantzatzen da orai»
Mari Cruz Goñi arizkundarra, Baztango Dantzariak taldeko sortzaile, dantzari eta irakaslea da. Baztanen ez ezik, inguruko hainbat herritan ematen ditu dantza klaseak.
Nola hasi zineten dantza taldearen eguna antolatzen?
Duela 25 urte, Arizkungo Elkartasuna dantza taldean ari ginen eta hildako taldekide baten omenez Elizondon zerbait egin behar genuela pentsatu genuen. Eta zer egin behar genuen? Ba, dantzatu! Orduan hasi ginen taldearen eguna antolatzen eta orai arte segitu dugu. Elkartasuna taldetik atera eta herrietan dantzak erakusten hasi ginen, Salaburu, Juan Cruz Iriarte, Mikel Iriarte, Jose Antonio Istilart, ni… Taldearen eguna guk antolatutako zerbait zenez, guk egun horrekin segitu genuen. Harreman handia genuen Baigorriko jendearekin eta Nafarroaren Egunera gan ginen eta hortik sortu zen Baztango Dantzariak taldea.
Hogeitabosgarren urteurrena ospatzeko zerbait berezia egin duzue edo egiteko asmoa duzue?
Aunitz jende pasatu da taldetik: lehenbizitik Maurizio Elizalde, Felix Iriarte, Mariano Izeta, Manolo Biguria… jende ezaguna pasatu da. Duela 25 urte hil zen Mañoli Irungarai, tartean bertze hainbat gan dira eta aurten Faustino Goñi hil zauku, betitik dantza taldearekin arras lotua. Zerbait berezia egin nahi genuen eta duela 25 urte dantzatzera bildu ginenak gonbidatu genituen Elizondora: Otsagi, Urdiñarbe (Zuberoa), Lizarra eta Baigorrikoekin bildu ginen, denak adinekoak. 25 urte zaharragoak gara denak, baina arras polita atera zen!
Hainbertze urtez dantza irakasle izan zara… Zenbatsu ikasle pasatu izanen dira zure eskuetatik?
Ez dut kalkulurik egin, baina milatik nahiko goiti seguru! Momentu batzuetan, Baztanen 300 dantzari ateratzen ginen plazara. Iparraldean ere ibilia naiz, Etxalarren, Igantzin…Sunbillan afizio handia dago eta helduen eta haurren taldeak ditut. Aunitz agertzen dira entsaioetara eta finak dira.
Euskal dantza zer egoeran dago? Jendeak badu dantzarako afizioa?
Orain momentuan arras apala dago. Baina normala da, dudarik gabe makurrago dantzatzen da, baina kantatu ere makurrago kantatzen da. Lehen igandero dantzatzen zen eta ez zen deus ere gehiago! Kantuak ere berdin, bazkaria edo afaria akitu eta kantatzen hasten ginen. Orai inork ez daki kantatzen. Denborak aldatu dira eta hori onartu beharra dago.
Ohiko euskal dantzak erakusten dituzu edo dantza modernoagoak ere emateko prest zaude?
Ni nahiko berezia naiz. Gauza moderno horiek, onak baldin badire, ez dut problemarik erakusteko. Baina ez dut ikusten sobera gauza onik! Euskal dantzan bada jende hagitz ona, kontatuak! Baina ikasten duena, normalean ez da bere maisua bezain ona. Nik nahiago dut, gutienez hasteko, betiko dantzak. Euskal dantzei eta ohiturei buruzko oinarria izan behar dugu, nongoak diren… Ni ez nago modernizatzearen kontra, badira gauzak aunitz gustatzen zaizkidanak, baina gehienetan egiten dena zera da: betiko pausuak errepikatu, bertze itxura bat eman eta kitto!
Mari Cruz GOÑI Baztango dantza irakaslea FOTO: Ainara MINDEGIA
Dokumentuaren akzioak