Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Garai batean, agertokian bakarrik sentitzen nintzen zoriontsu»

Dokumentuaren akzioak

«Garai batean, agertokian bakarrik sentitzen nintzen zoriontsu»

Julio Bocca

Egilea
Jon Maya
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2005/11/18

Amaren dantza eskolan egin zituen lehenengo dantza urratsak, eta 18 urterekin Moskun dantza lehiaketa bat irabazi ostean New Yorkerako bidea hartu zuen. 1990ean Ballet Argentino sortu zuen, eta harrezkero, American Ballet Theatreko lana, bere konpainiaren saioak eta nazioartetik jasotzen dituen hamaika gonbitak tartekatzen ditu. Dantzazale izan edo ez izan, Argentinan ez da Julio Bocca (Buenos Aires, 1967) ezagutzen ez duen inor.



Gaur egun American Ballet Theatreko eta Ballet Argentinoko lanak tartekatzen dituzu. Nola moldatzen zara?



Nahiz eta askorik ezagutzen ez den kontua izan, nire ibilbidea New Yorken hasi nuenetik tartekatzen ditut American Ballet Theatreko emanaldiak eta nire bakarkakoak. Nazioarteko konpainiekin dantzatzeko nituen eskaintza guztiak ikusita, Metropolitan Opera Houseko denboraldietan eta berentzat garrantzitsuak ziren emanaldietan soilik kontuan izateko eskatu nien, Europako eta Japoniako biretan, adibidez. Zorionez, onartu zidaten.



Zer ematen dizu konpainia bateko zein besteko lanak?



Nire ibilbidea eta errepertorioa izugarri aberastu dute American Ballet Theatren dantzatzeak eta, aldi berean, nire konpainia izateak. Asko ikasi dut American Ballet Theatren konpainia handi bat nola zuzentzen eta kudeatzen den ikusita, gero, esperientzia hori Ballet Argentino moduko konpainia txikiago baten aplikatzeko.



Hogei urte baino gehiago daramatzazu profesional gisa, munduko antzoki garrantzitsuenetan dantza eginez. Zure ibilbideko une honetan nola sentitzen zara?



Agertokiarekin izan dudan harremana oso indartsua izan da beti. Garai batean, zoriontsu sentitzen nintzen leku bakarra zen; gelditu gabe lan egiten nuen, ez nuen atsedenik hartzen. Orain, berriz, adinaz gain, ohartu naiz lanetik at badirela gauza garrantzitsuak. Oraindik agertokia niretzat oso garrantzitsua bada ere, ez da guztia. Beste lekuetan ere zoriontsu sentitzen naiz; nire etxean, itsasontzi batean nabigatuz edo pub batean trago bat hartuz. Hala ere, eta hori beti gertatu zait, agertokian arrainak itsasoan bezala sentitzen naiz.



Zure ibilbidean une gozoak eta gaziak, besteak beste sei ebakuntza izan dituzu. Esperientzia handi horrekin, dantzari gazteei zer aholku emango zenieke?



Bizitzan bezala, ibilbide orotan une gaziak eta une gozoak daude. Eta bizitzan bezalaxe ere, balio duena egoera bakoitzean egiten dugun balantzea da. Emaitza baikorra bada, berdin du bidean geratzen diren une txar guztiak, bide onean gaudela esan nahi du. Baina kontuz ibili behar da, balantzeak ez dira soilik gauzak ondo edo gaizki doazenean egin behar. Hasten ari diren dantzari gazteek kontuan hartu behar dute dantza ahalegin handiko lanbidea dela, ibilbide nahiko motza duela, eta egoera gazi-gozo ugari jasan behar direla. Baina poza iristen denean ere izugarria dela. Eta ez naiz arrakastaz mintzo, baizik maila onenean dantzatzen ari zarela sentitzearen plazeraz, hori lortzeko ikasi, lan egin eta prestatu behar izan den guztia kontuan hartuz.



Fisikoa garrantzitsua bada ere, denborak erakutsiko zizun badirela beste dohain oso garrantzitsuak ere. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?



Fisikoa oinarrizkoa baldin bada, eta teknika ezinbestekoa, inoiz ez genuke interpretazio on bat egingo sentimendua jarri gabe. Bizitzako esperientzia erabiltzea ezinbestekoa da rol bat jokatzean. Ni ohartzen naiz ez dudala Romeo berdin interpretatzen erreparatu interpretatzen diodala eta ez dantzatzen orain hamar urte eta orain. Teknika bera da, eta fisikoa gutxi gorabehera berdin mantentzen dut, baina batek hamar urtetan bizi izandakoa erregai indartsua da makina bete-betean jartzeko. Ezin da Romeo eta Julieta dantzatu, inoiz ez bazara benetan maiteminduta egon eta maitasun bat inoiz ez baduzu galdu.



Zer ikasi duzu horrenbeste jende, leku eta dantza ulertzeko moduak ezagututa?



Ikasten den lehenengo gauza pluraltasuna ulertzea da, mundu guztiak ez dituela gauzak modu berean hartzen eta guztiei ez zaizkigula gauza berak gustatzen. Horregatik, norbaitek mundura atera behar duenean esanez, «begira... hau da nik egiten dudana...», hori guztia hartu behar du kontuan. Nik beti oso ondo aukeratzen dut leku bakoitzean eman behar dudan errepertorioa. Saiatzen naiz, betiere nire ikuspegiari traizioa egin gabe, ahalik eta publiko zabalena gustura uzten. Horrek ez du nahi esan nahasten ez naizenik.



Obra klasikoak zein garaikideak antzeztu dituzu. Nola sentitzen zara estilo batean eta bestean?



Oso pozik nago ballet klasiko handietako rolak jokatu ahal izan ditudalako. Izan ere, oso ederra da ballet oso baten emanaldiak egitea, baina niri beti interesatu zait ahalik eta estilo ezberdin gehienetan lan egitea. Klasikoarekin hasteko zortea izan nuen, eta hori oso garrantzitsua da, klasikoaren teknika izanez gero, beste edozein estilotan jardun zaitezkeelako. Uste dut ez dagoela fisikoki hainbeste eskatzen duen beste estilorik. Aktoreentzat gauza bera dela entzun dut. Obra klasikoak errezitatzen ikasten duena prest dago beste edozer gauza egiteko, baina alderantziz zailagoa da.



Zenbait ikuskizunetan zure herriko folklorera ere jo duzu. Zure kulturaren inguruan lan egiteko gogoa duzu?



Nire herriko folklorea oso aberatsa da. Orain arte zuzen-zuzenean Repercusiones izeneko lanean bakarrik landu dut. Hala ere, etengabe ari naiz tangoen musikarekin lanak egiten; batez ere, nazioartera begira zamba edo malambo-a baino egokiagoa dela uste baitut.



Behin edo behin esan duzu dagoeneko dena lortu duzula. Lortutakoarekin konforme zaude, beraz?



Horrekin esan nahi dut nire ibilbidearen hasieran pentsatzen nuena aspaldi gainditu dudala. Nire amets bakarra noizbait Buenos Airesko Colon antzokiko agertokian aritzea zen. Barregarria da... Orain, azken hamar urteetan, gutxien aritu naizen antzokia da hori, baina bost kontinenteetan aritu naiz. Kontua ez da konforme naizela, baizik ezin dudala gehiago eskatu.



Zure balleta eta zure fundazioa dituzu. Zein helburu dituzu bi erakunde horiekin?



Nire konpainia izatearen ardatza izan zen nik nahi nuena, nahi nuenean eta nahi nuen lekuan dantzatzea, beste proposamen, eskaintza eta konpainiei itxaroten egon gabe. Eta zorionez lortu dut hori. Fundazioaren proiektua handinahiagoa da. Gure herrian dantza garatzen lagundu nahi dugu, lortzen ari garela uste dut, eta espazio handiago bat izan, non gaztetxoek ez dezaten bakarrik dantzan eta kantuan ikasi, baizik hezkuntza osatu bat jaso.



Argentinan izar handia zara. Nabaritu duzu zure ospeak bertan dantza bultzatzeko balio duela?



Bai. Nire nazioarteko ibilbidea hasi eta gutxira, 9 de Julio etorbidean emanaldi bat egin genuen, eta 150.000 lagun joan ziren ikustera. Aldi berean, orain dela hamar urtez geroztik, urtero Ballet Argentinorekin eta hainbat gonbidaturekin saio bereziak prestatzen ditugu Luna Parka estadioan, 5.000 lagunentzat, edo Opera antzokian, 2.000 lagunentzat, eta lauzpabost aste egiten ditugu antzokia beteta. Uste dut, hori guztia oso garrantzitsua izan dela dantzarentzat.



Zuk bertan ekimen ugari bultzatu dituzu jendea Argentinako publiko ezberdinetara helarazteko. Nolakoak izan dira ekimen horiek?



Lehenik eta behin, balleta egiteko ohikoak ez ziren lekuetan emanaldiak egiteko arriskua hartu genuen; futbol zelaietan eta kalean dantzatu dugu adibidez. Bestalde, inoiz Operako antzoki batera joan ez den jendearentzat egokia izan daitekeen errepertorioa aukeratzen saiatu gara, haiek eroso senti zitezen eta jakitunek soilik ulertzen dituzten saioekin ez aspertzeko. Bira bereziak egin ditugu barrualdeko antzoki txikietan, pop eta rock musika erabili dugu saioetan...



Nola eragin du izar izaera horrek zure bizitzan?



Uste dut, nahi gabe, jendeak dantzari klasikoari buruz zuen iritzia aldatu dudala. Hau da, agertokiaren gainean dantzari klasiko bat bezala jokatu dut, baina kalean galtza bakeroekin eta elastikoarekin ibiltzea gustatzen zait eta herri musika entzutea. Jendeak mutil arrunt bat gisa ikusten nau, nazioarteko izar bat izan arren, beste edozein bezala jantzi eta hitz egiten duena. Dagoeneko ezagutzen naute, eta badakite, esate baterako, ez zaidala gustatzen sinadurak egitea jatetxe batean bazkaltzen ari naizenean edo lagun baten festa batera beste edozein bezala joaten naizenean. Hori errespetatzen didate, eta maite nautela eta errespetatzen nautela sentitzen dut. Asko pozten nau horrek.



New York munduko hiriburua dela esaten da. Zertan eragin du bertako kultur mugimenduak dantzaren eta kulturaren zure ikuspegian?



New Yorken lan egitea edo bizitzea munduko zilborrean egotea da. Horrek ez badu zure pentsaera aldatzen, pentsaerarik ez daukazulako ez du aldatzen, edo sorbalda gainekoa alferrik daramazulako. Han egote hutsak etengabe eragiten dizu eta ikuspegia zabaltzen dizu.



Data jarri diozu erretiroari: 2007ko abenduaren 22a. Dagoeneko pentsatua duzu nolakoa izango den?



Ez da odolez idatzitako data bat. Abenduaren 22a izan daitekeela uste dut urtea bukatzen delako eta, uda denez, Buenos Airesen aire zabalean emanaldi bat egiteko data egokia delako. Izan ere, hori nahi dut; emanaldi handi bat egin, sarrera libre eta doakoarekin, nahi dudana eta nahi dudanarekin dantzatuz. Dena alda daiteke, baina azken saioa izango dela ez.



Ospatzeko mozkortu behar duzula ere aipatu duzu...



Emanaldiaren ondoren bai. Ez da lehenengo aldia izango, baina bai errudun sentitu gabe egingo dudan lehenengo aldia. Agian Moskuko lehiaketa irabazi nueneko mozkorraldia gogoratuko dut... Agian... Zer dakit nik.



Eta zer gertatuko da hurrengo egunean edo hurrengo astean?



Ikusiko dugu.



Erretiroa hartu ondoren zer egiteko asmoa duzu? Zer helburu duzu zure etapa berrirako?



Ballet Argentino zuzentzen jarraituko dut, eta ekoizle gisa egiten dudan lana arreta handiagorekin egingo dut. Antzerkiko eta kantuko ikasketak berriro ere hasteko asmoa dut. Etapa berri hau fisikoki hain zorrotza ez izatea nahi dut, baina lan arloan emankorra izan dadin nahi dut. Dantza egiteko zaharregia izango naiz, baina eguzkia nola ezkutatzen den eserita ikusteko gazteegia.

Dokumentuaren akzioak