Dokumentuaren akzioak
«Folklorearen benetakotasuna eta ikuskizuna, biak uztartu behar ditugu»
Nazioarteko Folklore Jaialdiko Zuzendaria
Nazioarteko 31. Folkore Jaialdia bukatu da Portugaleten. Sri Lanka, Hegoafrika, Korea, Errumania, Kolonbia, Tuvako Errepublika, Futuna eta Venezuelako taldeek bere onenak eman dituzte. Hala ere, Portugaletera etorritako taldeak oraindik Euskal Herriko beste hainbat herritan ikusteko aukera izango da igandea bitartean.
Portugalteko jaialdia bukatu berri da. Zein analisi egin duzue? Ez bada onena, orain arte egin dugun jaialdi onenetakoa izan da. Ikusleei gustatu zaiela dirudi, eta gure iritzia ere halakoa da. Taldeen aldetik aberastasun handia izan dugu aurten.
Iaz ikusle aldetik beherakada izan genuen. Europako Batasuneko herrialde berrietako taldeak ekarri genituen, eta elkarren artean oso antzekoak gertatu ziren. Lehendik ere ikusita genituen horietako batzuk, eta beharbada horregatik izan genuen ikusleen beherakada nabarmena. Aurten, ordea, ikusleen erantzuna oso ona izan da.
Nola moldatzen zarete Portugaletera gonbidatuko dituzuen taldeen kalitatea ziurtatzeko? Taldeak ekarri aurretik ikusten saiatzen gara. Aurten, adibidez, aurretik ikusita genituen Korea, Hegoafrika, Venezuela eta Sri Lankako taldeak. Iaz ikusi genituen zenbait jaialditan. Eta hobe da hori katalogo edo bideo bidez ezagutzea baino. Jaialdi batera eta beste batera joanez, hurrengo urterako zer ekar daitekeen ikusten saiatzen gara. Iaz Hungarian egin zen Folkloriadan izan nintzen, eta han talde asko ikusteko aukera izan nuen. Han ikusitako batzuk izan ditugu aurten hemen.
Zein taldek izan dute harrera onena? Ikusleengan harridura gehien eragin dutenak Futuna eta Hegoafrikakoak izan dira. Hegoafrikako taldea oso alaia eta erritmo bizikoa da, eta, ondorioz, arrakasta handia izan du. Horiekin batera Sri Lankako taldea ere oso ikusgarria izan da.
Hogeita hamaika jaialdiren ondoren, gero eta zailagoa gertatuko da ikusleak harrituko dituen taldeak ekartzea. Bai, oso zaila da. Gauza berrien bila folklore autoktonoetara jo dezakezu, baina folklore autoktonoekin gertatzen da batzuetan eszenatoki gainean ez direla oso ikusgarriak gertatzen. Beraz, folklorearen benetakotasuna eta ikuskizuna, biak uztartu behar ditugu. Egiazkotasuna lortzen baduzu eta gainera ikusgarria gertatzen bada, bapo! Baina bi ezaugarri horiek batzea oso zaila da. Batzuetan talde batek benetakotasuna emango dizu eta besteak ikuskizuna, eta tira, bata bestearekin orekatzen saiatzen gara.
Portugaleteko Jaialdia CIOFF elkarteko kide da. Zer esan nahi du horrek? Munduan antolatzen diren folklore jaialdien elkarte bat da CIOFF, Unescoren babesa du. Jaialdi antolatzaileak elkarrekin harremanetan jarri eta informazioa trukatzen dugu. Futunako taldea munduaren beste muturretik etorri behar izan da eta bidaia gastuak oso handiak lirateke jaialdi bakar batetara ekartzeko. Beraz, bospasei jaialditarako ekartzen ditugu eta modu horretan bidaia gastuak konpartitu egiten ditugu. Adibidez, aurten Hegoafrika eta Sri Lanka guk ekarri ditugu, eta Espainiako zazpi-zortzi jaialditan parte hartzeko bira antolatu diegu. Venezuelako taldea, berriz, Burgosko jaialdiak ekarri du eta haiek antolatu diete bira.
Orain arte zenbat talde etorri ote diren kontatzen hastea ez da lan makala izango... Jaialdiaren webgunean (festival.elai-alai.org) etorri diren herrialde guztien zerrenda dago. 31 jaialdi badira, eta jaialdi bakoitzean 7-8 herrialde izan badira, atera kontuak: 200 talde inguru.
Geografian adituak izango zarete dagoeneko. Ba egia esan aspaldi ikasitako geografia kontuak gogoratzeaz gain, inoiz ikasi gabekoak ezagutzera ere iritsi gara.
Aurten bertan Futunako eta Tuvako Errepublikako taldeak izan dira. Inork ez genekien horrenbeste errepublika egon zitekeenik lehengo URSS hartan. Baina mundura ireki direnean kultura desberdinak ikusi ditugu. Tuvako Errepublikatik etorri zaizkigun hauek Errusiakoak dira, baina bere folkloreak, izaerak eta hizkuntzak ez dute zerikusirik beste urte batzuetan hemen izan ditugun errusiarrekin.
Gero eta zailagoa izango da inoiz etorri gabeko herrialdeak aurkitzea. Bai, noski. Aurten, adibidez, Futuna izan dugu. Administratiboki Futuna frantsesa da. Beraz, estatuak kontuan hartuz gero ez da berria, baina kulturak aintzat hartuta bai. Iragartzerakoan guk ez dugu esaten Frantzia edo Errusiatik datozela, kulturalki duten nortasuna iragartzen dugu; Futuna uharteak edo Tuvako errepublika.
Ba al dago ekarri nahi eta oraindik lortu ez duzuenik? Mahoriak ditugu oraindik zintzilik. Horiek beti ditugu gogoan baina oraindik ez ditugu ekarri. Ezta indiarrak ere, Ameriketako indiarrak, alegia. Horiek zintzilik ditugu.
Jaialdiak dirauen bitartean talde guztiak eraikin berean bizi dira, Asti-Leku ikastolan. Giro bitxia izango da egun horietakoa. Hau benetako Babel dorrea da. Alde batekoa futunesez ari da hizketan eta bestekoa ingelesez. Beraien artean harreman dezente izaten dute. Giro polita sortzen da. Herrialde desberdinetako musikariak multzo txikitan bildu eta elkarri erakusten edo elkarrekin jotzen jarduten dute.
Dokumentuaren akzioak