Dokumentuaren akzioak
«Flamenkoari zor diot naizena»
Eva Yerbabuenak orain arte bakarka sortutako pieza guztien bilduma eskainiko du gaur Euskaldunan
«Beharbada ezin dezaket esan flamenkoa nire bizitzeko modua denik, ez
baitut bizi garai bateko artista handiek bezala. Haiei esker hazi da
flamenkoa, eta iritsi da gaurko egunetara», adierazi du Yerbabuenak.
Flamenkoa dantza garaikidearekin uztartzeak eraman du Yerbabuena
munduko hainbat herritan dantzatzera. 1970ean Alemanian jaio zen arren,
Espainiako hegoaldean, Andaluzian hazitakoa da. Umetatik agertu zituen
dantzarako trebezia eta interesa, eta bere kabuz eman zituen
lehendabiziko pausoak. 1998an sortu zuen bere konpainia, eta,
harrezkero, koreografia ugari sortu ditu dantza tradizionala
garaikidearekin batuz, flamenkoa mugara eramanez eta adierazpide
berritzaileak sortuz. Pina Bausch eta Carolyn Carlson koreografo
entzutetsuekin lan egin du. «Asko ikasi nuen haiengandik, esperientzia
aberasgarria eta zoragarria izan zen».
Abeslariak eta musikariak ere
Bilbon ez da bakarrik ariko. Jose Valencia, Pepe de Pura eta
Jeromo Segura flamenko kantariek lagunduko dute oholtzan. Baita Paco
Jarana eta Manuel de la Luz gitarristek ere. Manuel Jose Muñoz Pájaro-k
perkusioa joko du, halaber. «Koreografoaren izena aipatzen da beti,
baina musikariek ematen diote kolorea eta distira ikuskizunari».
Ordu eta erdi inguru iraungo du emanaldiak, eta tarte horretan De la cava, Encuentro, Espumas del recuerdo, Instrumental, Quiero y no quiero eta Cadencia
obren zatiak emango ditu Yerbabuenak. Lan horietan guztietan
harengandik asko dagoela adierazi du koreografoak. Baita flamenkoa
ulertzeko eta egiteko modu bat baino gehiago ere.
Flamenkorako zaletasun handirik ez duten herrietan ere
gustura aritzen dela azaldu du artistak. «Antzokia zapaldu orduko ez
dut kontuan hartzen non nagoen, ahaztu egiten dut zein herri den eta
zeintzuk ohitura dituen. Antzokian flamenkoa ikusi nahi duen jendea
dagoela badakit, sentimenak dituena nik bezala. Ez dute ezer ulertu
behar, koreografia ikusteko moduak ez du zertan arrazionala izan. Obra
senti dezaten saiatzen naiz, eta hunki daitezen. Ez dut dantzan egiteko
era egokitzen Bilbon edo Japonian egoteagatik», esan du Yerbabuenak.
Frantziako Lorraneko Balletak emango dio segida Dantzaldia
jaialdiari, maiatzaren 3an. Hiru koreograforen beste horrenbeste pieza
aurkeztuko ditu Euskalduna jauregian: William Forsytheren Steptext, Stephen Petronioren Brokenman eta Herve Robberen Les Ombres d'une Guerre Sans Nom. Sarrerak salgai daude dagoeneko.
Dokumentuaren akzioak