Dokumentuaren akzioak
«Finlandian ere ikusten dute dantza ulertzeko modu propioa dugula»
Faustino Aranzabal, Kresala dantza taldeko zuzendaria
Sehaska balletean dantza tradizionala eta garaikidea erabili dituzue. Lortu al duzue biak bateratzea?
Antzezpen berri batean oinarrituriko dantza ikuskizuna da Sehaska. Hainbat euskal dantza biltzen ditu, eta dantza garaikidearen ukituak ditu. Dantzaren hasiera historikotik hasten gara, Pizkundetik eta Barrokotik pasa, eta Aro Modernora iristen gara. Bi ildotan garatzen dira koreografiak: talde mugimenduak dantza erromantikoei hertsiki lotuak daude. Bestalde, emakume bakarlari batek dantzatzen dituenak daude. Dena den, ez da dantza elkarketa bat, baizik eta estiloen arteko konbinazioa. Osotasun bat du ikuskizunak.
Dantza tradizionaletan oinarrituta egon arren, zeuk sortu dituzu koreografiak. Norainoko askatasuna eman diozu zeure buruari tradizioa interpretatzeko?
Tradiziotik hartutako elementu batzuk berriz sortu ditugu, eta antzokira eraman. Dantza garaikideko piezek bezala, sorkuntza dute sustrai eta buru. Bakarlariarentzako piezen bitartez, barruranzko begirada proposatu dugu, sentimendu intimoak: amatasuna, galera, bakardadea... besteak, berriz, kanporanzko begiradan daude oinarrituta, ongizatearen erakusketa erromantikoaren ikuspegitik daude landuak.
Zer dantza mota aukeratu dituzu begirada horiek adierazteko?
Seriotasunetik azalekotasunera aldatzen da tonua. Barrokoko kontrapasarekin hasi, igitai-dantzarekin jarraitu, pastoraleko gorriak eta beltzak... Dantzaren ikuspegi istorikoa du ikuskizunak: dantzaren sehaskatik sehaska dantzara igarotzen gara. Jendeak askotan nabarmentzen ditu dantza tradizionalaren eta garaikidearen arteko aldeak, baina nik ez dut hori ulertzen. Dantza dantza da. Ez ditugu nahastu, uztartu baizik, eta emaitza guztiz naturala da.
Finlandian ere aurkeztu duzue ikuskizuna. Nola hartu du jendeak?
Ondo hartu izan dute, emozioa transmititzen duelako eta hori beti heltzen da. Nongoak garen ez badakite ere, ikusten dute horren atzean hizkuntza bat dagoela, herri bat dagoela, nortasun bat dagoela. Dantza ulertzeko kolore, tinbre, mugimendu, keinu eta modu propioak ditugu eta hori emanaldian begi bistan geratzen da Finlandian ere.
'Sehaska'-ren ondorengorako zer edo zer prestatzen ari zarete dagoeneko?
Asko ere ez gara ibili Sehaska-rekin, talde txikia garelako, eta, arrazoi beragatik, sortzeko erritmoa geldoa da gurea. 2004. urtean hasi ginen honekin, amaitzeko datarik jarri gabe, eta iaz estreinatu genuen. Gure altxorrik preziatuenak pertsonak eta denbora dira, eta bi horien jabe gara.
Dantza. 'Sehaska' balleta, Kresala taldearen eskutik.
Non: Gaiarre antzokian, Iruñean.
Noiz: Gaur, 20:00etan.
Dokumentuaren akzioak