Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Festa arriskuan dago; kanpoko bisitariek herrietako inauteriak hilko dituzte»

Dokumentuaren akzioak

«Festa arriskuan dago; kanpoko bisitariek herrietako inauteriak hilko dituzte»

Thierry Truffaut

Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2006/01/27

Italiatik etorri berritan elkarrizketatu dugu. Ezpata-dantza bat ikusten izan da han. Datozen egunotan Lapurdiko eta Nafarroako inauteriak behatzen ibiliko da. «Ukrainatik hasi eta Euskal Herriraino antzeko ohiturak aurki daitezke, Europa zaharraren hondarrak dira» esan digu. Thierry Truffaut (Baiona, 1957) orain 30 urte hasi zen inauteriak ikertzen, eta horretan dihardu orain ere.



Bi inauteriren inguruan egin-dako ikerketak bildu dituzu liburuan, Zubietako joaldunak eta Lapurdiko kaskarotak. Zergatik bi horiek?



Bi lanen funtsa tradizioa da, nola irauten duen, zeintzuk diren Europan dituen sustraiak eta zer aldaera aurki daitezkeen Euskal Herrian. Inauteriek gaur egun nola funtzionatzen duten eta zeintzuk diren biziarazten dituzten arrazoiak ulertzea da asmoa, eta baita inauteria gaur nola kontserbatzen den ikustea ere. Nire lanaren helburua da atzoko eta gaurko landa inauteriak ulertzen laguntzea. Inauterietan gaur egungo Euskal Herriaren dinamika orokorrak ikusten dira. Ondarearen kontserbazioa eta gaur egungo bizimodua. Kultura bat ez da bizi bakarrik kontserbatzeko, sormena ere beharrezko du, eta gaurkotasunean bizi.



Zubietako inauterietatik joaldunen ohitura ezagutarazi dute batez ere, baina zure ikerketan inauteriaren alderdi guztiak aztertu dituzu. Zer aurkitu duzu?



Asmoa jaia bere ingurune osoan ikustea zen. Joaldunaren folklorizazioa gertatu da. Inauteria osatzen duten elementu guztietatik osagai hori bakarrik hartu eta hedatu da. Baina joaldunak ez du zentzurik jaia osorik hartu gabe. Ez dago joaldunik, mozorrorik ez badago. Oso garrantzitsua da biak zeudela kontuan hartzea, basatia eta ez-basatia, biak biltzen dituen sistema tradizionala da. Zubietan, joaldunaren ondoan mozorroaren inguruko iruditeria izugarri aberatsa gorde da. Niretzat, akaso, mozorroa garrantzitsuagoa da, joalduna bera baino. Garai batean bizpahiru joaldun baino ez ziren izaten, eta haien ondoan mozorro asko. Gaur egun, alderantziz gertatzen da. Baina Zubietan ezinezkoa da mozorrorik gabeko inauteria. Jaia herriaren oinarrizko osagaia da. Kultura total baten une gorena da festa.



Zer erakusten digute Zubietako jaiek inauteriei buruz?



Mende bakoitzean azalpen handiak eraiki dira inauterien inguruan. Zubietako mozorroan dagoena oso aspalditik gordeta ditugun gauzak dira, eta horrekin batera ezaugarri modernoak ere biltzen dira hor, landa inguruneko identitatea, euskal nortasuna eta abar. Inauteriak oso alderdi basatiak ditu, mitologiarekin lotutakoak ere bai, eta alderdi magikoak ere bai, ezkilen bidez herria babestea adibidez. Festan bat egiten dute orain urte askoko osagaiek, herriaren kultura inkontzientetik sortzen direnak, eta gaur egungo gaiak karrozen bidez planteatzen direnak adibidez. Oso interesgarria da, oso modernoa eta oso sustrai zaharrak dituena, dena batera. Zubietan esaten dute inauteriak indarra ematen diela, herriko jaiak indar ia magikoa ematen diela. Nork zuen lehen indarra? Apaizak. Indar sakratua zen. Inauteria egiteak urte osorako indarra ematen die. Ez da aste bakarreko kontua, une horrek urte osoan bizi izateko modu bat islatzen du.



Hainbat inauteri turistaz bete dira azken urteotan. Ituren eta Zubieta horren adibide dira. Zer eragin du horrek?



Arriskuan dago jaia bera. Jaia ezagutarazi ahala, herria harro sentitzen da. Baina zer gertatzen da gero? Jar dezagun adibide bat. Zure familian sendiaren ospakizun bat duzue. Familiako 15-20 senide elkartuko zarete, familia tradizionala bildu eta ospakizuna egitera zoazte. Zuen etxe aurrean bost autobus aparkatu dituzte eta zuen familiaren ospakizuna ikustera datozen japoniarrez bete da etxea. Etxe barruan 20 senide eta 12 turista japoniar zaudete. Familiaren ospakizuna berdina izango al da? Nire ustez, hori familia ospakizunaren amaiera da. Hori gertatzen denean jaiak dagoeneko ez du zentzurik jaiagatik bakarrik, baizik eta ikustera datorren jendearentzat egiten da jaia. Eta jaiaren arima galtzen da.



2001. urtean ateratako gurdi bat iraingarri gertatu zitzaien bisitari batzuei, eta salaketa jartzeaz gain, gurdia egin zuten zubietarrek kondena jaso zuten. Zer ondorio ekarri ditu horrek.



Niri oso larria iruditzen zait gertatutakoa. Zubietan, prozesu judizialaren ondorioz hainbat herritarrek inauteria egiteari utzi egin diote. Joaldun egiten dute, baina ez dute mozorro egiten. Giroari kalte handia egin dio. Bere herrian inauteririk egiten ez duen jendeak beste herrietako inauteriak hilko ditu. Kontsumo gizartean bizi gara, eta jendeak erosi egin nahi du, eta dena eros daitekeela uste du. Aldez aurretik erabakia du zer ikusi nahi duen. Eta festa ez da etortzen bat aurreikuspen horiekin. Okerrena da azkenean festa izango dela jendeak ikusi nahi duena, eta berezko duen guztia galduko duela. Herritarrek kanpotarrentzat begira prestatutako ikuskizuna aurkeztuko dute eta jaiaren arima galduko da. Hori gertatzen denean inauteriak ez du interesik izango. Eta herritarrek inauteria isilpean egin beharko dute. Zubietan festa herriko bizilagunak bakarrik geratzen direnean egiten da orain. Jaia herrikoentzat da, ezin da saldu.



Liburuaren bigarren zatian Lapurdiko inauteriak dituzu aztergai eta inauteri horien birsortze prozesua aipatzen duzu.



1962tik 1976ra bitartean Frantziako ikerketa eskolako maisu bat izan zen Lapurdin, Jean Michel Guilcher. Dantza tradizionalaren alorrean Frantziako ikertzaile handiena da. 15 urte egin zituen Euskal Herrian, eta Lapurdin lan handia egin zuen. Ondoren, Juan Antonio Urbeltzek Lapurdiko inauteria prestatu zuen Argia taldearekin. Garai horretan bizpahiru inauteri baino ez ziren egiten Lapurdin. Iparraldeko Beti Betelu eta Pierre Gil Urbeltzekin harremanetan zebiltzan, eta Argia taldearen lanetik abiatuta iparraldean Lapurdiko inauteria berriz ezartzeko ideia sortu zen. 1974-75ean Begiraleak taldeak plazaratu zuen Lapurdiko inauteria. Garai horretan ekin nion nik inauterien inguruko nire lanari. Lapurdiko dantzak ikertzen hasi nintzen eta horretan dihardut oraindik, herriz herri ikertzen, eta zenbait urte barru argitaratuko den lan zabal bat osatzen.



Nola berreskuratu ziren Lapurdiko inauteriak?



Lapurdin turistentzat bakarrik egiten zen dantza garai horretan. Pentsatu genuen beren buruarentzat dantzaraziko zituen tradizioa bultzatu behar genuela. Inauteri berriak sortu genituen, dantzak eta ohiturak lotuz. Birsortu genuen inauteria modu tradizionalean eraiki genuen. Neguan herritarrak bakarrik izaten dira herrietan, eta, beraz, baserriz-baserriz puska-biltzea egingo zuen inauteria antolatzea zen asmoa. Eta ideiak ondo funtzionatu du, 25 urte ondoren 20 herritan baino gehiagotan egiten baita inauteria gaur. Orain 20 urte ia erabat hilda zegoen inauteria Lapurdin, eta erabat irauli da egoera. Poliki-poliki inauterien inguruan zerbait berria sortuz joan da. Tradizioak berezko ditu sormena eta kontserbazioa uztartzea.



Nola bizi dute gazteek inauteria gaur Lapurdin?



Adibidez, Beskoitzen 70 urte pasatu ziren azken inauteria ospatu zenetik. Orain dela lau urte Beskoitzen hitzaldi bat eman nuen, eta herriko gazte batek adierazi zuen beraientzat inauteria oso garrantzitsua zela, tradizioa delako, antzinakoa eta bere adinekoek tradizioari eutsi eta hurrengo belaunaldiari emateko ardura zutela. Herritarrek inauteri hura ez zela horren zaharra esaten hasi zitzazkion. 22 urte lehenago sortu izan zela eta Thierry Truffaut aritu zela hori sortzen. Gaztea zur eta lur, ezetz, ez zela posible. Berak umetatik ezagutu baitzuen inauteria bere etxera etortzen eta pentsatzen zuen beti izan zela horrela. Ikusten denez 20 urtean tradizioa errotu daiteke, eta jendeak erabat tradizionaltzat har dezake. Bikaina da hori. Inauteria egiten dutenentzat gaur egungo ekintza da, propioa. Identitatea, harremanak, gaztetasuna edo euskalduntasuna eta horrelako balioak sendotzen laguntzen dio. Funtsezko zerbait modura bizi du, eta ez dio bere buruari galdetzen nolakoa zen inauteria orain dela hogeita bost urte.









Liburua



Izenburua: 'Joaldun et kaskarot. Des carnavals en Pays Basque'



Autorea: Thierry Truffaut



Argitaletxea: Elkar argitaletxea



Laburpena: Zubietako eta Lapurdiko inauterien inguruko ikerketa. Zubietako eta Iturengo joaldunak eta mozorroak aztertzen ditu, historian izan duten bilakaera eta gaur egun dituen osagaiak. Bigarren zatian, Lapurdin kaskarotek gidatzen dituzten inauteriak dira protagonista. XX. mendera arte inauteri horiei buruz jaso ahal izan diren datuak, 70eko hamarkadan egin zen birsortze lana eta ordutik gaurdaino izan duten sendotze prozesua.



Orri kopurua: 368.

Dokumentuaren akzioak