Dokumentuaren akzioak
«Ezin dut asko arriskatu, gure baleta arrakasta izatera behartua dagoelako»
Thierry Malandain, Biarritz Baleteko zuzendari eta koreografoa
Errusiara, Bolxoi antzokira joan aurretik, Donostian da Thierry Malandain Biarritz Baletarekin. Duela zortzi hilabete izan ziren Kursaalean, Un hommage aux ballets russes emanaldiarekin, eta emanaldi arrakastatsu haren ondoren, berriz ere koreografia bera eskainiko dute. Ondoren abiatuko dira Errusiara, Benois sarien ekitaldira. Ez du itxaropen handirik saridun izateko, baina izendapena bera oso garrantzitsua dela uste du. Sari asko ditu, baina hau izango litzateke denetan garrantzitsuena. Bestalde, baletak ekitaldian dantza egingo du, eta hitz egitean nabari zaio harro dagoela horregatik.
Zer esan nahi du zuretzat Benois sariaren izendapenak?
Oso pozik nago, izendaturik egotea garrantzitsua da, nazioarteko lehiaketa delako. Bestalde, sari banaketa Bolxoi antzokian izango da. Ez dakit zein ditudan lehiakide, baina ezagutzen ditut dagoeneko saria irabazi dutenak, eta munduan diren onenak izateak ilusio handia egiten dit. Ez dut uste saria jasoko dudanik, baina izendapen hutsarekin gustura nago.
Eta irabaziko bazenu?
Lanaren aitormena da, baina zailagoa izango da etorkizuna saria jasoz gero, neure buruari asko eskatzen baitiot.
Benois sarirako hautagai Creatión-ekin zara. Zer du berezirik koreografia horrek?
Kritikari askok esan dute koreografia honekin heldutasuna lortu dudala. Manifestu baten antzekoa da, eta iraganari ematen diodan garrantzia erakusten du. Kultura atzo, gaur eta bihar dela esateko modu bat da, kultura eta bizitza gaur eta berehalakoa dela pentsatzen dutenen kontrako jarrera, telebistaren errealitatearen kontrakoa. Tristea iruditzen zait jendeak iraganeko kulturari buruz ez ezer jakitea.
Orain beste koreografia batean ari zara lanean. Nolakoa da?
Izarren odola izena du. Richard Straussen baltseak eta Gustav Mahlerren Lied-a ditu oinarrian. Azaltzea zaila da, ikuskizun sinplea den arren. Mitologia du abiapuntu, Hartz Nagusia, Hartz Txikia, Zeus eta maitasuna. Iparrizarraren inguruan daude bi izarrok, eta mugimendu hori baltsearena da niretzat. Baltsea modan zenean bi gerra etorri ziren, 1870ekoa eta 1914koa, eta dibertitzeko musika bada ere, aldi berean tragikoa da. Hartzak gizakiaren antza du.
Musikan pentsatzen duzu lehenago, edo dantza urratsei egokia iruditzen zaizun musika jartzen diezu?
Musikak ematen dizkit dantza urratsak. Lana egin dut beste aldera ere, baina oso arraroa egiten zait. Musika da inspirazio iturririk garrantzitsuena.
Koreografiak egiten hasi zinenetik, hogei urteotan, zure lanek sinpletasunerako bidea egin dute. Zergatik?
Dantza depuratuz joan da, segurtasuna irabazi dudan neurrian, elementuen beharra gutxituz joan delako, baina zaila egiten zait nire koreografiez hitz egitea, barrutik bizi ditudalako. Bestalde, esan dezaket koreografiak egitea oso korapilatsua zaidala, konpainia bateko zuzendari eta koreografo izatea ez baita txantxetakoa, eta neurri batean baldintzatzen du. Nirea bezalako konpainia arrakasta izatera behartua dago. Eta horrek esan nahi du ezin dela asko arriskatu.
Presio hori ez bazenu, gehiago arriskatuko zenuke?
Beste esperimentu batzuk egingo nituzke. Orain ikuskizun guztietan nirekin lanean dauden hamalau dantzariak erabili behar ditut, eta presio hori gabe gehiago jokatuko nuke dantzari kopuruarekin eta lanarekin. Baina ez da pentsatu behar enpresa komertzial bat garenik; nire lanaren garapena mantsoago doa, aurrera doan arren.
Obra bakoitzean nabari da berrikuntzaren bat, hausturarik ez badago ere. Dosi txikietan sartzen dituzu esperimentuak...
Horretan saiatzen naiz, baina sormenean niregandik kanpo oztopoak daudela nabari dut, eta askotan ez nago ziur berrikuntzak nahi bezala sartzea lortzen dudan. Koreografo batzuek bi edo hiru hilabete koreografiak egiten igarotzeko aukera izaten dute, baina nik zuzentzen dudan bitartean sortzen dut. Egunero lan egin beharra muga da sortzeko.
Zuzendaritza alboratu eta sortzera dedikatu nahiko zenuke?
Batzuetan bai, eguneroko arazoak albo batera uzteak lana errazten baitu.
Etorkizunean bide hori hartuko duzu?
Nork daki, agian bai.
Biarritz Baletaz hitz egin nahiko nuke. Nolako taldea duzu?
Dantzari gehiago edukitzea gustatuko litzaidake, baina hori betikoa da. Bizitzan denok beti gehiago nahi dugu. Konpainia gaur egun oso ongi dago, nekaturik ere bai, dantza asko egiten dugulako. Kanpoko jendearen iritzia ona da, eta harriturik geratzen da daukagun giroarekin. Diziplina izugarria da, baina ez da inposatua. Hala ere, niretzat inoiz ez dago egon behar lukeen mailan: asko eskatzen dut eta beti dago hobetzeko.
Asko dantzatzen zaretela esan duzu, eta emanaldi guztiak betetzen dituzue; baina, aldi berean, gero eta gutxiago programatzen da dantza.
Politika kontua da. Frantzian dantza bigarren mailako artea da. Gaur bertan konpainiaren administratzailea Parisen dago bilera batean, beste zentro koreografikoetako arduradunekin, programatzeko dauden zailtasunak aztertzeko, eta arazo hori kontuan hartzen badugu, gure konpainiak zorte handia du, asko dantzatzen delako eta publikoarekin gainera. Duela hamar egun egunkari batean argitaraturako artikulu batek zioen ikuskizun bakoitzaren bizitzaren batez bestekoa hamar emanaldi direla, eta hori oso gutxi da.
Zergatik gertatzen da hori?
Frantziako errealitateaz hitz egin dezaket soilik. Ezin dut Euskal Herriaz edo Espainiaz hitz egin, ez baititut horiek ezagutzen. Frantzian lehen publiko pribilegiatua zuen dantzak, balet klasiko asko ikusten zuen burgesa. 80ko hamarkadan iritsi zen dantza garaikidea, eta harekin publiko zabalera hedatu zen dantza, gorputzari garrantzi handiagoa ematen hasi zitzaion garaian, baina ez zegoen dantzan hezia, eta oso obra zailekin egin zuen topo. 80ko hamarkadan Frantziako Estatuak sortzaileak lagundu zituen, eta egun 600 konpainia daude Frantzian, horien artean talentu handia duen jendea dago eta piperrik balio ez duena. Gauza zailak eta batzuetan txarrak proposatzen badira, publikoa ez da itzuliko. Ikuskizunetara jende gutxi doala ikustean, politikariek ez dute programatzen. Antzoki zuzendariak estilo guztiei lekua egin beharko lieke. Era horretara berreskura genezake publikoa.
Dokumentuaren akzioak