Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Ezin da nire lana dantza mota batean kokatu, anitza baita»

Dokumentuaren akzioak

«Ezin da nire lana dantza mota batean kokatu, anitza baita»

Itzik Galili, Galili Dance taldeko zuzendari eta koreografoa

Egilea
Celine Mounole
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
MIARRITZE
Mota
Elkarrizketa
Data
2001/09/11

•Nola hasi zinen dantzan?

Ez dakit nola hasi nintzen! Gertatu da baina nola ezin dut erran! 23 urtetan hasi nintzen dantza ikasten Tel Aviveko Batsheva Ensenble konpainian . Ordu arte, ez nuen sekula dantza eskolarik hartu. Emeki-emeki koreografiagintzara lerratu nintzen eta nire lehen sorkuntza moldatu nuen Batsheva taldearentzat, 1990ean. Hortik goiti, ez naiz gelditu dantzak asmatzetik eta joan naiz Herbehereetara bizitzera eta dantzara. Han nuen lortu Phillip Morris Art Price saria, 1994an, azken urteetan muntatu koreografiengatik.



•Nola sortu zenuen Galili dance dantza taldea?

Moldatu koreografiak, Montecarloko balletari, Genevako teatro handiari, Kanadako balet handiari, eta beste hainbat talderi ematen nizkien, eta egun batez muntatu nahi izan nuen nire talde propioa, nire lanak aurkeztuko zituena. Nire taldea ofizialki, 1999 urteaz geroztik existitzen da, gobernu holandarrak diru laguntzak eman dizkidanetik, alegia. Baina erran nezake, lehen koreografia eginez geroz existitzen dela, ez ofizialki.



Gaur egun 15 dantzarik osatzen dute taldea, baina 10 baizik ez dira etorri Miarritzera. Munduko hamaika lekutatik datoz: Kanada, Holanda, Israel, Frantzia, Finlandia, etab. Denak dantzari bikainak dira eta biziki zaila zait beti horien hautatzea, dantzetako rolen banatzeko



• Zer lan mota eskainiko duzue gaur gauean?

Hemen, Miarritzen, oso programa intimoa eskainiko dugu. Orotara, lau atal desberdin izanen dira: lehenik, For many days now, zeina bi dantzarik interpretatuko duten. Dantza poetikoa da, Arvö Parten musikan emana. When you see God tell him eta Things I told nobody dantzak, berriz, taldeko 10 artistek emanen dute. Laugarren lana, biziki interesgarri iduritzen zait, testu batetik abiatzen baita eta testuak eta mugimenduek bat egiten dutelako. Biziki garrantzitsua da, testuen erabiltzea koreografien egiteko, testuak, higitzeko bide berriak eta bereziak ematen baititu.



•Nola lan egiten duzu, koreografo gisa?

Saiatzen naiz aldi guztiz gauza desberdinen egiten. Nire lana ez dut murriztu nahi estilo bati edota pentsamolde bati. Lan batzuen burutzeko antzerkiak, testuak, edo filmak baliatzen ditut. Azkenean, aski zaila da nire obra osoa estilo batean kokatzea, oso anitza baita eta horren jatorria estilo frankotan baitatza. Laborari batek ere fruitu, zitu edo barazki asko landatzen ditu, eta laboraria da, ez eta tomate egile, arto egile. Gauza bera da niretako. Ni, koreografoa naiz, eta kito.



•Nola esplika zenezake zure lana?

Nire lanaren azalpena dantzan berean datza. Nahi nuke jendeek uler dezaten ez dudala azalpenik ematerik, dantzari buruzko galdera guzien erantzunak, koreografiak, eta higitzeko manerak berek baitituzte ematen. Testu bat erabiltzen dudalarik, baletaren oinarri gisa, lana ulertzen da, dantzari, musikari, eta testuari kasu eginez.



•Zer da zure ustez egiazko dantzaria?

Gauzarik garrantzitsuena dantzari ona izateko, askea izatea da. Izan ere, nire ustez, gai izan behar dira inprobisatzeko, eta askatasun osoz higitzeko. Gauzak adierazten dituztenak eta nortasun betez direnak hautatzen ditut nire Galili dance taldean aritzeko. Ez ditut maite dantzari txotxongiloak! Baina, oso guti gai dira horren egiteko, dantzari anitzek formazio klasiko-klasikoa jaso baitute eta ez zaielako sekula utzi bihotzarekin eta arimarekin dantzatzeko parada.



Bestalde, egiazko dantzariak, ikuslearen eta bere arteko muga ezabatzen daki, eta publikoa probokatzen eta hunkitzen dakien pertsona da. Horrelako dantzariek dute osatzen nire taldea. Baina, dohain hori ez da sobera aitzinera emana gaur gauean eskainiak izanen diren ikusgarrietan, dantzariek nire koreografiari jarraikitzen baitiote nagusiki.

Dokumentuaren akzioak