Dokumentuaren akzioak
«Ez dut probokazioa bilatzen, baizik eta erabateko komunikazioa»
Sol Pico. Dantzaria eta koreografoa
Sol Pico (Alcoi, Herrialde Katalanak, 1967)
dantzari eta koreografoa da. Bere izena duen konpainia sortu zuen 1994.
urtean, eta ironiaz eta indarrez beteriko ikuskizunak sortu ditu
geroztik etengabe. El llac de les mosques lana taularatuko du gaur, 20:00etan, Arriaga Antzokian.
El llac de les mosques zer da, Beltxargen aintzira-ren bertsio punka?
Ez. Harremana duela eman dezake, baina ez du. Ez dago
beltxargarik. Gehiago du zerikusia Edurnezurirekin eta gaztetasuna
galtzearekin, ederrena ez izatearekin. Izenburua zoriz sortu zen, beti
bezala. Ikuskizunak kontzertu itxura du, eta probasaioak sekulako
anabasa ziren, nahasiak eta ilunak, aintzira beltz bat bezalakoak.
40 urte betetzearen krisia gainditu duzu lan honi esker?
Ez, zoritxarrez ez dut gainditu oraindik. Lan hau ez nuen sortu
krisian nengoelako, baizik eta gauzak aldatu egiten direlako, 40 urte
betetzen dituzunean edo 42. Niri 40 urte bete baino lehen etorri
zitzaidan krisia, bizitza berriz planteatzera eraman ninduten sintomak
agertzen hasi zirenean. Aldaketari nola aurre egin planteatu nuen
lanean.
Zergatik antolatu dantza ikuskizun bat rock kontzertu formatuarekin?
Nire aurreko ikuskizuna Sirena a la plancha izan zen.
Formatu handiko lana; dantzari asko, eta denera, hamabi pertsona
agertokian. Dena zen handia horretan. Beraz, jatorrira apur bat itzuli
nahi nuen honekin; zer edo zer intimoagoa egin, musika nire gainean
jarrita. Musikariek ez didate laguntzen; nirekin ari dira, %50 dantza
eta %50 musika den ikuskizunean. Oso ondo moldatu gara, denok 40 urte
beteta ditugulako. Denontzat bizitza-bidaia izan da.
Ez duzu beldurrik inoren eremuan geratzeko, dantzazaleek kontzertua aurkitzen dutelako eta musikazaleek dantza?
Ez. Argi izan denok, hau dantza ikuskizun bat da. Dantza
garaikidea da, baina zuzeneko musikariekin, eta musikariak istorioaren
parte dira. Ez dut kontzertu gisa saltzen. Baina musika lan handia dago.
Ikusleekin komunikatzen saiatzen naiz etengabe, hasieratik. Hitz egiten
dut ikusleekin agertokira ateratzen naizenetik, baina zaratarekin ez
didate entzuten. Musika originala da, Mireia Tejerorena; oso punka
hasieran. Ikusleek oso ondo hartu dute dantzatu dugun leku guztietan.
Posible al da enfant terrible-a izaten jarraitzea 40 urteak pasatuta?
Nik ez dakit non ikusten duen jendeak probokazioa nire lanean.
Nik ez dut probokazioa bilatzen, baizik eta erabateko komunikazioa,
erabat hor egotea ordu oso batez. Baina, agian, hori probokatzaile
suertatzen da. Nire lanean denak dira bizitzari buruzko erreferentziak,
denok bizitakoak, eta azaltzeko era argia eta zuzena da.
Ikuskizunean, garbigailuan sartzen zara. Rockean tipikoa
da heriotza hori eta berpizte istorio zahar bat da, edo karma txarra
duzu garbitzeko?
Espero dut karma txarrik ez izatea. Zentrifugatzea da ideia,
eraberritzea, esan duzun bezala. Arropa aldatzen dut, magia
trikimailuan. Gustuko dut halakoak egitea. Cactus lanean su ematen nion dantzari baten besoari.
Nola prestatuko gara psikologikoki gaurko?
Kinshashan, Kongon, ikusleak altxatu egin ziren gurekin
ikuskizunean parte hartzeko. Bilbotarrek ere gozatzeko modukoa izango
dela uste dut.
Dokumentuaren akzioak