Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Ez dugu bata bestearen klon den konpainia homogeneo bat osatu nahi»

Dokumentuaren akzioak

«Ez dugu bata bestearen klon den konpainia homogeneo bat osatu nahi»

Juan Kruz Diaz de Garaio. Koreografoa.

Egilea
Juan Arteaga
Komunikabidea
Berria
Tokia
Berlin
Mota
Albistea
Data
2011/04/27
Lotura
Berria

Egungo dantza garaikidearen figura iraultzaile eta ezinbesteko batek, Sasha Waltz alemaniar koreografoak, Juan Kruz Diaz de Garaioa Esnaola (Legazpi, 1966) du laguntzaile nagusietako bat. Musikari, aktore, kantari, irakasle, zuzendari eta koreografo gisa duen esperientzian oinarritutako ekarpena egiten dio Europako egitasmo abangoardistenetako bati, Berlingo Radialsystem V-ri.


Nola ezagutu zenuen Sasha Waltz eta nola sartu zinen konpainian?

Ni Ingalaterrako DV8 Physical Theatre konpainiarekin ari nintzen dantzatzen, 1995ean, Berlinen. Emanaldi bat ikustera etorri zen, eta 1996az geroztik harekin lanean ari naiz.

Jatorri askotako dantzariek osatua da konpainia, eta diziplina anitzekoa ere bada. Nola egiten da lan aniztasun horretan?

Sashak ahalik eta konpainia heterogeneoena lortu nahi du, nortasun eta indibidualtasun handiko kideekin osatua. Ez dugu bata bestearen klon den konpainia homogeneo bat osatu nahi. Alderantziz. Zenbat eta heterogeneoagoa izan konpainia, aberatsagoa izango da emaitza. Geuk ere elkarri erronka jotzen diogu, eta lanak aniztasun hori islatzen du.

Zein sormen prozesuren bidez bilatzen du Sasha Waltzek bere koreografien edertasuna?

Sormen prozesua asko aldatzen da. Obra bakoitzak berari dagokion lengoaia zehatza izan dezan saiatzen gara, dauzkan premiak ulertuz eta horien arabera jokatuz, horiexek esango baitute sormen prozesuak nolakoa izan behar duen. Prozesu horretan, interpreteek elikatuko dute, neurri batean, Sasha. Obraren hiztegi fisikoa entseguetan egindako inprobisazioetatik abiatuta idazten da. Gutxinaka-gutxinaka idazten da dena, eta gero, agertokian, ez da ezer inprobisatzen.

Zein kontzeptu lantzen dituzue?

Gorputza da abiapuntua eta foku nagusia, hainbat forma eta perspektibatatik ikusia. Lanik abstraktuenetan ere, ez zaigu forma interesatzen; azken helburua emozionala da beti. Ikuslearen arima aurkitzea da erronka.

Koreografiek maila fisiko eta tekniko handia eskatzen dute. Nola egiten diezu aurre erronka horiei?

Maite ditut erronkak. Akaso, ez dugu lortuko hasieratik geure buruari botatako erronkari erantzutea; baina, hortik abiatuta, aurretik irudikatzerik ere ez genituen proposamenetara eramango gaituzten desbideratzeak aurkituko ditugu. Inoiz ez diet aurre egiten erronka horiei birtuosismoaren ikuspegitik. Teknikak emozio bati dei egin behar dio beti.

Beste konpainia batzuekin batera, Radialsystem V osatzen duzue, egitasmo kulturalik sortzaileenetakoa egungo Europan.

Jochen Sandigek sortu zuen Radialsystem V, Berlingo harresia erori ondotik Berlingo lekurik artistikoki enblematikoenak sortu dituen egileak. Balio batzuengatik edozer ordaintzeko prest gaude, ez arduragabekeriaz, baina bai ekonomia arloan nagusitu den segurtasun gabezia giroaren aurka, aurreiritzirik, etiketarik eta mugarik gabeko sormen espazioak sortzeko ahaleginean. Mugak iritsiko dira uneren batean, baina garrantzitsuena mugarik gabe hastea da.

Koreografo gisa, zertan zara Sasha Waltzen antzeko eta zertan ezberdin?

Bada antzik bion artean, ni haren hiztegiko parte bainaiz eta hura nirearen parte. Ni musikaren mundutik nator, eta nik konpainiari egindako ekarpen bat musika antzerki-gertakizunean integratzeko interesa da. Nire koreografietan musika beti dago oso presente, hala D'avant-en nola egin dudan azkenekoan, 4 Elemente-4 Jahreszeite-n. Gustatuko litzaidake hori Kursaalera iristea.

Asko zarete ibilbidea egin ahal izateko Euskal Herritik kanpora joan zareten prestigiozko dantzariak. Baina, arrakasta izan eta gero, ez da erraza zuek oholtza gainean ikustea. Zer gogoeta eragiten dizu horrek?

Nire bidea garatzeko lekurik ez nuelako irten nintzen Euskal Herritik, baina okerrena zen «erreakzio» bat zegoela horretan saia nendin ere uzten ez zidana. Harrigarria egiten zait Espainia oraindik ere hain irla ikustea. Hainbeste diru gastatzen du hainbat ekimen ekartzen, eta Europan gertatzen denetik, aldiz, hain dago aparte. Publikoa hazi eta hezi egin behar da, baina hezkuntza hori ez badator gobernuetatik edota jaialdi eta antzokietako zuzendarietatik, hezkuntza ez da gauzatuko. Ars Melancholiae lana estreinatu nuenean Berlinen, programatzaile espainiar batek esan zidan hunkitu egin zela, baina gero hauek izan ziren haren hitzak: «Nik ezin dut hau Espainian aurkeztu, publikoak ez lukeelako onartuko».

Dokumentuaren akzioak