Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Euskal Opera»: euskal kulturaren ispilua 1884 eta 1937 artean

Dokumentuaren akzioak

«Euskal Opera»: euskal kulturaren ispilua 1884 eta 1937 artean

Komunikabidea
Gara
Mota
Albistea
Data
2004/03/01

1884 urteko otsailean atzeman zen lehen aldiz Euskal Herriko prentsan "Euskal opera" nozioa. Ordu ezkero, 1930era arte, euskal nortasuna eta tradizioa goraipatzea helburu zuen mota bereko opera lirikoak agertu eta garaiko euskal kulturaren ispilu bilakatu ziren. Izan ere 1930ean eten ziren bezalaxe, herritarren oroimenean ere prozesu bera ezagutu zuten. Gaur egun, XIX. mendeko komunikabideetan etengabe aipagai ziren Opera horiek ahantzi egin ditugu. Euskal kulturaren oroitzapen hori berreskuratzeko xedearekin Natalie Morel-Borotra musikologo eta ikertzaileak "Euskal Opera 1884-1937" hirurehun bat orrialdeko liburua kaleratu berri du Izpegi argitaletxearen bidez. Donostian, inauterien karietan, agertu zen "Pudente" izeneko lehen euskal opera. Gazte talde bati Opera bat egiteko ideia bururatu zitzaion. Alegiaren era hartu zuten, pertsonaiak Erromatarrak ziren, Andaluzian bizi ziren eta euskaraz hitz egiten zuten.



«Nola eta zer prozesuren bidez sortu zen esatea oso zaila da. Dakigun gauza bakarra da, prentsan, opera mota hau agertu zelarik "euskal opera" izendatu zutela», adierazi zuen Natalie Morel-Borotrak.



Ondotik, 1937ra arte, berrogei bat obra idatzi izan dira. Horien artean, Usandizaga konpositore Bilbotarrak 1909an idatzitako "Mendi-Mendiyan", Guridi Bilbotarrak 1910ean sortutako "Amaya", Colin Baionarrak 1909an idatzitako "Maitena" eta beste hainbat daude. Euskal opera liriko forma hori nola abiatu den zuzen zehaztu gabe izan arren, garai horretan Europa osoan zabaldu zen kultur moda bati jarraitzen ziola argitu zuen ikertzaileak.



«Euskal opera ulertzeko ezinbestekoa da garai horretan Europa osoan sortu ziren ideologiak oroitaraztea», erran zuen.



Euskal Herrian azaldu baino hogeita hamar bat urte lehenago mugimendu erregionalista edo abertzale zabal bat hedatu zen Europa osoan.



«XXI.mendea Erromantizismo mugimenduaren mendea izan zen. Erromantizismo mugimenduaren bidez "lekuko koloreak" goraipatu nahi ziren, eta, ideia horri esker eskualde bakoitzeko kulturak garrantzia handia hartu zuen. Opera lirikoak herri kultura horren adierazle bilakatu ziren», adierazi zuen.



Hori dela-eta, Erromantizismo mugimenduaren ildotik abiatuta, XIX.mendean «nazio nortasun» kontzeptua agertu zen. «Operak, garai horretan nazio nortasuna bermatzeko baliatu ziren. Operak gizartean zuen garrantziaren gainetik, naziotasun ideologiaren eramaile zen. Kultura ekimen horrek nazio baten eta Estatu baten eraikitze prozesuarekin egiten zuen bat», jarraitu zuen esaten Natalie Morel-Borotra musikologoak.



Naziotasun ikuspegi hori XIX.mendearen bukaeran agertu zen Euskal Herrian, eta ideologia hori bermatzeko mota bereko ikusgarriak baliatu ziren. Ikuskizun horientzako aretoak Euskal Herriko hiri nagusietan eraiki zituzten, Opera lirikoak antzeztu ahal izateko. Ildo horretan, Bilboko eta Donostiako aretoez gain, Baiona eta Donibane Garaziko aretoak ere erabili zituzten.



Nataliek zehaztu zuenez, 1880an, bigarren gerla karlista iragan berri zen. «Porrota handia izan zen Foruak galtzekotan baitziren. Beraz, momentu berean nortasun kontzientzia hartze bat izan zen», gehitu zuen.



XIX.mendearen bukaeran Euskal Herrian literatura, antzerkia eta kultura arloan berpizte handia izan zen. «Kultur aberastasun horretan bermatu ziren Estatu baten sorrera aldarrikatzeko», zehaztu zuen. Europako beste leku askotan bezala, Operak Euskal Herriko historia goraipatzen zuen. Antzinako aroa oinarri hartuta, euskal historia berridazten zutenean euskal herritarren eta espainolen arteko gudak islatzen zituzten. -



BAIONA







Estereotipoak nagusi

XIX eta XX.mendeetan Euskal Herrian industrializazio garaia nagusitu zen baina Euskal Opera lirikoek ez zuten errealitate hori islatzen. «Ez zuten gizarte irudi hori eman nahi. Operetan, gehienetan, euskal gizartearen estereotipoak erakusten ziren. Artzaina, arrantzalea eta zahar jakintsua, esaterako, nortasun horren ordezkari hartuak ziren», azpimarratu zuen Natalie idazleak. Opera egiten zenean, pertsonaiak bi apaindura nagusitan kokatzen ziren, hau da, mendian edo itsasoan. Ikusgarriaren formaren aldetik, dantzak garrantzia handia zuen. «Kantua baino, euskaldunak dantzari trebeak zirela esaten zen. Aurreskua eta jauzia ziren gehienbat baliatuak Operetan», gehitu zuen. Hala ere, kantak ere leku garrantzitsua zuen Operetan. «Abesbatzen eskakizun baten ondorioz egiten ziren Opera liriko horiek. Beraz, kantak leku garrantzitsua zuen eta, azaltzen zutenak amateurak ziren gehienetan», burutu zuen esaten.

Dokumentuaren akzioak