Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Euskal kultura sustatzeko beharrezkoa iruditzen zaigu gizartearen sentsibilizazioa»

Dokumentuaren akzioak

«Euskal kultura sustatzeko beharrezkoa iruditzen zaigu gizartearen sentsibilizazioa»

Iñaki GOMEZ | Gasteizko Gobernuko Kultura Sortu eta Zabaltzeko Zuzendaria

Komunikabidea
Gara
Mota
Elkarrizketa
Data
2006/02/05

Burutik sekula pasa ez zitzaion gauza bat da egun Iñaki Gomez egiten ari dena. «Sailburuak proposatu zidan, eta, buelta batzuk eman ondoren, ikasteko aukera gisa hartu nuen, erretiratzeko asko falta da-eta», aipatu du. «Orain arte aritu naizen ikuspegitik, gauzak ikusteko beste modu batean aritzeko aukera dela pentsatu nuen, eta onartu egin nuen».



Iñaki Gomez zinema munduan ibili da nagusiki. Irusoin ekoiztetxeko arduradunetako bat izan da, 1985ean sortu zenetik. Gomezek “Lazkao-Txiki”, “Txirrita” eta “Fernando Amezketarra” telebistarako sailak egin ditu, bestek beste. Goya zinema saria irabazi zuen 2000. urtean, “Karramarrro uhartea” animaziozko filmarekin. Iaz estreinatu zen “Aupa Etxebeste!” filmaren ekoizleetako bat ere izan da egun Kultura Sortu eta Zabaltzeko zuzendaria dena. Bere ibilbide profesionalari Ibaia Euskal Herriko Ikus-entzunezko Ekoizle Burujabeen elkarteko lehendakaria izan zela gehitu behar zaio.



­Ikus-entzunezko arloan eskarmentu handikoa bazara ere, lan horrek musika, antzerkia, dantza, literatura eta arte plastikoak ere biltzen ditu. Nola aurkitzen zara karguan?



Oraindik neurria hartzen ari natzaio; hau da, enpresa horrek nola funtzionatzen duen ikasten. Oso lan talde ona topatu dut eta, alde horretatik, oso gustura nago. Aldez aurretik gauza batzuk ezagutzen nituen, beste batzuk, ordea, berriak dira. Ikasteko gauza asko dut, beraz.



­Jose Antonio Arbelaitzek alde eginda, bukatu gabeko egitasmorik aurkitu al duzu? Nondik hasi lanean?



Ulertzen dut erakunde publikoetan beti daudela gauzak egiteko, baina modu orokorrean helburua zein den aipatzen badugu, Euskal Herriko kultura osatzen duten sektoreekin harremanari eta egunerokotasunari eustea da. Sektorean zer arazo dauden jakitea eta laguntza eskaintzea da helburua. Izan ere, horixe da nire ustez erakunde publikoen zeregina. Horrez gain, kultura sektorea bi alderditan banatzen da. Batetik, sortzaileena, eta bestetik, enpresena, industriarena, alegia. Biek behar ezberdinak dituzte eta horiek sustatzea eta bultzatzea da gure eginbeharra.



­Kulturak biltzen dituen arlo guzti horietatik zein da egun ahulen dagoena?



Arloen arteko egoera oso ezberdina da, ez nuke jakingo esaten. Adibide bat jartzeagatik, dantzan, izugarri dantzari onak ditugu Euskal Herrian, baina ez dago konpainia garrantzitsurik. Hala ere, ez nizuke esango dantza arte plastikoak baino okerrago dagoenik. Zeri begiratzen diozun, interpretazio ezberdinak egin baitaitezke. Beste adibide bat jartzeagatik, arteaz hitz egiten badugu, eta museoetara begiratzen badugu, ohartuko gara oso egitura onak ditugula: Guggenheim, Artium, Arte Ederretako museoak... Edukia ere badute, hau da, kulturaz beterik daude. Baina zein puntu arte daude euskal kulturaz beterik? Egoerak konparatzea zaila da.



­Ikus-entzunezko arloari dagokionez, enpresa pribatuan egotetik erakunde publikora egin duzu jauzi. Sektoreari lehen eta orain egiten zenizkion eskaerak asko aldatu al dira?



Bizitza profesional osoa enpresa pribatuan eman dut, eta orain erakunde publikoan hasi naiz. Baina bai batean zein bestean, kulturaren aldeko sentsibilizazioaren beharra somatzen dugu. Azken finean, ikuspegia berbera da, baina ardura bestelakoa. Nire ustetan, eta zoritxarrez, euskal gizartean ez dago kulturaren aldeko sentsibilitate berezirik. Beste gauza askok gehiago kezkatzen du gizartea, euskal kulturak baino. Horrek ez du esan nahi kezkatzen ez duenik, baina argi dago ez dagoela lehenbiziko beharren artean. Hortaz, gure helburu nagusia kultura, oso modu multidisziplinarrean ulertuta, sustatzea da, baita hemengo sortzaile eta produktuen aldeko sentsibilizazioa lantzea ere. Horretarako, ezinbestekoa da komunikabideen lana; izan ere, gaur egun zure produktua iragartzeko aukerarik ez baduzu, jai duzu. Horixe da produktua ezagutarazteko modu bakarra, eta, gure ustez, lan gehien duen arloa eta sustatu nahi duguna.



­Euskarazko produktuak aipatu dituzunez, eta zinemagintzari helduz, esan daiteke «Aupa Etxebeste!» filmaren arrakasta adierazgarria izan dela sektorearentzat. Zer nolako interpretazioa egin duzu?



Hori adibide bat besterik ez da izan, jakin baitakigu film batek arrakasta izan dezakeela, edo ez. Negozioen mundua erabat zaila denez, jendearengana iristeko publizitate lana nabarmendu behar dut berriro ere. Baina egia da “Aupa Etxebeste!” garrantzitsua izan dela, euskaraz egindako film batek arrakasta izan dezakeela frogatu ahal izateko. Gure apustua esparru horretan, eta zinema komertzialari dagokionez, zinema euskaraz gaztelaniaz eskaintzen den egoera berean ematea da; hau da, areto beretan, ordutegi beretan, eta abar. Eta horretan saiatzen ari gara gaur egun.



­Cannes-en egon berri zara Midem nazioarteko musika jaialdian. Aurten bi euskal musikari izan dira han; Tomas San Miguel eta Iñaki Salvador. Zer balorazio egin duzu?



Bi musikari horiek han egon izana sekulako aukera izan da, ez baita oso ohikoa. Musikari dagokionez, oso heterogeneoa da: Hor dago Euskadiko Orkestra, Gazte Orkestra, Musikene, musika zuzenean, diskoak... Baina gu 16 enpresekin joan gara hara, eta ikusi dugu, nahiz eta gure produkzioa, hau da, euskal produkzioa, beste tokietan baino txikiagoa izan, oso aktiboa dela, eta oso inpresio ona jaso dut. Beste kontu bat da egun musikak dituen arazoak.



­Horren harira, Metak disketxe ezagunak bere ateak itxiko dituela jakin berri dugu. Musikagintzaren egoeraren adierazle, edo?



Han izan gara Metak-ekoekin. Elkarlanean aritzeko eta hausnarketarako gure kolaborazioa aurkeztu diegu, baina erantzun magikorik ez dugu. Krisia sufritzen ari direnen ondoan gaude, baina oraindik ez dakigu non dagoen irtenbidea. Hortaz, lehenbailehen apustu ekonomikoa egiteko adi egon behar dugu, une honetan kezka eta arazo inportantea baita.



-Kultura arlo multidisziplinarreko esparru gehienetan hutsuneak eta arazoak daude. Kulturan krisia dagoela pentsatzeko adina bai?



Musikari dagokionez aipa dezakegu krisia, eta erreparatu diogun kasuari begiratuta, baina ez gainontzeko arloetan. Euskal produktuek oso baliabide mugatuak dituzte, horregatik, haiekiko sentsibilizazioa bultzatu nahi dugu, eta erakundeen aldetik ahalik eta laguntza handiena eskaini. Baina horrek ez du esan nahi krisia dagoenik, dagoena zailtasunak dira.

Dokumentuaren akzioak