Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Euskal Herrian ez dago dantza profesionala egiteko kulturarik»

Dokumentuaren akzioak

«Euskal Herrian ez dago dantza profesionala egiteko kulturarik»

Josu Mujika, Gipuzkoako Dantza Profesionalaren Elkarteko presidentea

Komunikabidea
Gara
Mota
Elkarrizketa
Data
2003/04/18

­Zein da hemendik aurrera elkartean izango duzun betebeharra?



Batetik, orain arte zeuden ekintzekin jarraitzea, eta bestetik, batez ere beste ekitaldi berri batzuk antolatzea. Guk urtean zehar hainbat ekintza antolatzen ditugu, esaterako, Gabonetako klasiko eta gaur egungo ikastaroak, Aste Santuko klasiko eta jazzeko ikastaroak eta udan Diputazioarekin batera antolatzen ditugun beste batzuk. Dantzaren Nazioarteko Eguna egiteaz gain, Dantzaren Hila antolatzea ere bururatu zaigu aurten. Ekintzen artean, Lasarteko dantza erakusketa eta Kontxako barandan eginikoa dira nabarmentzekoak. Apirilaren 29an, berriz, Artelekun Dantza sarien banaketa egingo dugu lehenengoz, eta horretan gabiltza mementoan.



­Eginkizunen artean, dantzaren aldeko interesa piztea nagusietako bat izango da, ezta?



Bai, noski. Gainera, guk batez ere barrura begira lan egin dugu, produkzio handirik egin gabe. Hortaz, askotan pentsatzen dugu gure ekintzak gehiago zabaldu behar ditugula, baina dirua ere arazo da. Ondorioz, alderantziz egiten dugu, hots, zer egin nahiko genukeen pentsatu eta gero diruari begiratzen diogu (barreak).



­Beraz, zein da datorren urterako duzuen erronka nagusia?



Kontxako barandarena egiten dugu, eta ildo berean, gaur egungo dantzaren emanaldia eskaini nahiko genuke hiriko plazaren batean. Bestetik, ekitaldia Artelekun egin beharrean Kursaalen egin nahiko genuke datorren urtean. Baina noski, aurten batzar berria eratu denez gauza berri asko dira mementoz. Sortzen diren proiektuak gauzatu behar ditugu eta lan dezente izango dugu hemendik aurrera, oso lan dinamika gogorra ipini baitugu elkarteko batzarrean.



­Zu dantzaria ez ezik, aktorea eta koreografoa ere bazara. Non ibiltzen zara gustuen?



Dantzan batez ere, nahiz eta koreografiak ere atsegin ditudan. Margolari bat oihal zuriaren aurrean jartzearen parekoa da dantzak eskaintzen duen aukera. Aukera guztiak irekita baitaude: dantzatzea, koreografiak egitea, edota antzerkia egitea. Dena den, zerbait esatekotan dantzariekin eskolan ibiltzea da gehien gustatzen zaidana.



­Zein da egun dantzari batek aurki ditzakeen lan baldintzak?



Kaskarrak, oso kaskarrak. Euskal Herrian behintzat, ez baitago dantza profesionala egiteko kulturarik. Izan ere, txikitatik euskal dantzak ikusten hezten gaituzte, baina dena da musu-trukeko lanaren bitartez. Ondo bazabiltza taldean jarraituko duzu, eta kito.



Badira bertan sortzen diren talde profesional batzuk, baina goi mailako kontserbatoriorik ez dagonez, formakuntza osatzeko jendea kanpora doa: Madrilera, Bartze-lonara eta horrelako tokietara.



­Zuk zeuk ere aukera kanpoan bilatu behar izan zenuen...



Ni ere euskal dantzetan hasi nintzen, eta geroago Bartzelonara joan nintzen unibertsitate ikasketak egitera. Bertan hasi nintzen dantzarekin eta Euskal Herrira bueltatzean izugarri kostatu zitzaidan dantzarekin jarraitzea, hemen ez baitzegoen ezer. Normala da jendea kanpora joatea. Gainera, hemen teknika ikasten duten mutilen falta nabaria da. Gaur egungo dantza eta klasikoa ikastea Euskal Herrian zaila da. Nik dantza ikasi nuen garai hartan baleta egitea oso elitista zen eta jendeak ulertzen ez zuen artea zen. Nire ustez ez dago ezer ulertzerik, gustatzen zaizu edo ez zaizu gustatzen; sentitzen duzu edo ez, besterik ez. Hori bezain erraza da. Hala eta guztiz ere, jendeak arrarotzat hartzen du dantza gustukoa izatea eta horrek eragina dauka. Honen harira, pentsatzen dut sentsibilitate kontua dela eta horretan emakumeek mila buelta ematen dizkiezuela mutilei. Beti izan zarete sentiberagoak, balioespenak egiten dituzue, gustatzen zaizue edo ez, baina esaten duzue.



­Noiz eta nola hasi zinen dantza arloan?



Baleteko andereño bat zegoen Elgoibarren eta berarekin hasi nintzen. Euskal dantzetan baino gusturago nenbilen, baina betikoa gertatu zen; hau da, lagunek ez zutela nahi eta bakarrik ez geratzearren utzi nuen. Gero aurrera segitu nuen eta hori hor geratu zitzaidan beti. Duela 25 urte Elgoibarren aurreskua berreskuratu behar zela eta euskal dantza taldea sortu genuen. Hortik, Aritz Taldea jaio zen eta han hiru eman nituen. Ostean kanpora joan nintzen, eta apur bat hemendik eta beste bat handik, Bartzelonako Antzerki Institutuan bukatu nuen. Bi urte egin nituen han eta handik Belgikara bidaiatu nuen. Gustatzen zitzaidanez, erabaki nuen ikasketa profesionalak egitea eta Italian ere ibili nintzen. Balet-antzerkia zen egiten nuena eta testuak irakurtzen zirenez, Euskal Herrira etortzean Euskal Aktoreen Batasunarekin ikastaroa egin nuen eta handik sortu zen Goenkalen lan egiteko aukera.



­Konpainia propioa sortzeko asmorik bai?



Duela lau urte lehendabiziko saiakera egin nuen. Bi lagun ginen baina badakizu diru kontuak direla-eta... Orain, Deban, Mendaron eta Elgoibarren eskolak ematen ditut, eta aurten gorputz tailerra eta muntaiak egiten ditut. Merezi duela ikusi dut, eta ikasleei aipatu diet taldea osatzea gustatuko litzaidakela.

Dokumentuaren akzioak